Puntako profesionalak zinemazale guztiei zuzendutako 'Zinemagileen arteko elkarrizketak' ikastaroan
Urtarriletik apirilera egingo da, Donostiako Koldo Mitxelenan zein online, Iciar Bollaín, Lara Izagirre, Carla Simon, Rodrigo Sorogoyen eta Jonás Truebaren parte
m. imaz
Viernes, 31 de diciembre 2021, 11:52
Lara Izagirre zuzendari bizkaitarrak eta Paula Olaz konpositore nafarrak irekiko dute urtarrilaren 14an Donostiako Koldo Mitxelena Kulturgunean apirilera arte luzatuko den 'Zinemagileen arteko elkarrizketak' ikastaroa. Izagirre eta Olaz, hain zuzen, lankide izan dira 2020ko Zinemaldian Zinemira saila inauguratu zuen eta harrezkeroztik bide bikaina egin duen 'Nora' filmean. Film bati heltzean musikaren ikuspegitik aurre egin beharreko erronkei buruz mintzatuko dira bi sortzaileok.
Publicidad
Horrela, saioz saio, puntako profesionalek entzuleekin partekatuko dituzte euren esperientzia, ezagutza eta kezkak, formatu atsegin horren bitartez zinemazaleei, zinema ikasleei eta, oro har, interesatuta dagoen edonorri, zinemagintzari ikuspegi askotatik erreparatuz. Ikastaroaren helburua, azken batean, «zinemazaleari film baten ekoizpenean eta errealizazioan ezkutatzen dena hobeto ulertzeko gako berriak eskaintzea» da, «zinema sorkuntzaren intrahistoria ezagutzeko aukera» euskaintzea, elkarrizketa formatuan.
«Zinemagilearen begirada bakar hori erdigunetik kentzea» ere nahi dute antolatzaileek, proiektu baten garapenean parte hartzen duten lanbide tradizionalenak ezagutaraziz, «zinema modu kritikoan ikusten eta irakurtzen» ikasteko, «norabide guztietan aldatzen ari den testuinguru batean».
Ikastaroa Koldo Mitxelena kulturuneak berak antolatu du, Donostiako Zinemaldiaren urte osoko Z365 atalarekin eta Elias Querejeta Zine Eskolarekin batera, eta Lara Izagirrez gain Iciar Bollaín, Carla Simon, Rodrigo Sorogoyen eta Jonás Truebak parte hartuko dute bost saio irekietan. Aurrez aurre ez ezin online ere jarraitu ahal izango dira saioak.
Arlo desberdinetako ordezkariak
Zinemagile bakoitzarekin batera, arlo batean edo bestean laguntzaile izan ohi duen pertsona bat egongo da. Izan ere, «proiektu zinematografiko batean, nahiz eta begirada artistikoa zuzendariarena izaten den, gidoiak, finantzaketak, ekoizpenak, filmaketak edo postprodukzioak berebiziko garrantzia dute errealizazioan». Hori dela eta, «zinemagile bakoitzak eta bere laguntzaileak ikuspegi artistikoak aurkeztuko dituzte, eta laneko materialak erakutsiko dituzte, hala nola dosierrak, gidoiak, filmaketa planak eta ekoizpenaren eta zuzendaritzaren artean partekatutako dokumentuak».
Publicidad
Bigarren saioko protagonistak otsailaren 8an, Icíar Bollaín bere ohiko produktore Koldo Zuazua izango dira. Zinemaldiko Sail Ofizialean estreinatu eta Euskal Zinemaren Irizar Saria jaso duen 'Maixabel' filma abiapuntu hartuta, bere ibilbidea aztertuko dute eta proiektuak elkarrekin nola eraikitzen dituzten azalduko digute.
Otsailaren 18an, Carla Simon zinemagile katalanaren eta Ana Pfaff muntatzailearen txanda izango da. Lankideak izateaz gain, Elias Querejeta Zine Eskolako irakasle taldeko kideak dira. 'Verano 1993' filmean izandako lankidetza hori oinarritzat hartuz, muntaiari eta haren ikuspegi zinematografikoari buruz hitz egingo dute.
Publicidad
Martxoaren 4an, Jonás Truebak eta Javier Lafuente ekoizleak, Los Ilusos Films taldea osatzen dutenak, orain arte egin duten lana aztertuko dute, eta bereziki 'Quién lo impide' azken film luzean jarriko dute arreta. Bost urtez aritu dira proiektu horretan lanean, eta Zinemaldiaren 69. edizioko Sail Ofizialean estreinatu da.
Azkenik, apirilaren 8an, Rodrigo Sorogoyenek eta Isabel Peña gidoilariak, Zinemaldiko Sail Ofizialean estreinatu zen 'Antidisturbios' telesailaren sortzaileek (Movistar+), zineman zein VOD plataformetan lan eginez azken hamarkadako filmografia sendoenetako bat eraikitzera eraman dituen lankidetza zabalaren nondik norakoak erakutsiko dizkigute.
Publicidad
Saio guztiak Koldo Mitxelena Kulturuneko areto nagusian izango dira, 19:00etan. Online ere egin daiteke. Bi kasuetan, interesa duenak aldez aurretik eman beharko du izena, urtarrilaren 10a baino lehen, honako helbide honetan: programazioa@gipuzkoa.eus. Izena ematen dutenek posta elektronikoz jasoko dute konfirmazioa. Ikastaroa, bi modalitateetan, doakoa da, eta ikastaroaren amaieran bertaratze ziurtagiria emango zaie hala eskatzen dutenei. Online bertsioa aukeratzen dutenek saioetara Zoom bidez sartzeko gonbidapena jasoko dute.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión