Euskaratuta dauden edukiak plataformen esku jartzea eskatu du Pantailak Euskarazek
Katalogoetan lehendik euskaratutako eduki ugari aurkitu dituzte, «Zineuskadik eta EITBk diru publikoz euskarara bikoiztu eta azpidatzitakoak»
Miércoles, 16 de febrero 2022, 15:31
Eragile nagusi guztiekin -herri erakundeak, alderdi politikoak, 'streaming' plataformak, banatzaileak...- harremanetan jarri eta «eskaera zehatzak» egiteaz gain, plataformetako katalogoak arakatzen jarraitzen dute Pantailak Euskaraz ekimeneko kideak, eta horien edukiak euskaraz eskuragarri daudenekin alderatzen, ondorioztatuz lehendik euskaratuta dagoen material asko dagoela, plataformek erdaraz eskaintzen dutena.
Publicidad
Hain zuzen ere, Pantailak Euskarazek egin duen azterketa baten arabera, Euskal Herrian ikus daitezkeen 'streaming' plataforma nagusietan (Netflix, Disney +, HBO eta Prime Video), 26.000 edukien artean, %0,02 besterik ez dago euskaraz. Ia hutsaren hurrengoa den kopuru hori areagotu daiteke honezkero euskaratuta dauden edukiak haien esku jarriko balira.
Horrenbestez, EAEko eta Nafarroako Foru Komunitateko erakunde eta alderdi politikoei abenduaren 4an Durangon hainbat eragilerekin batera aurkeztutako 'Euskarazko Ikus entzunezkoen aldeko Manifestua' bere egin dezaten eskatzearekin batera, Eusko Jaurlaritzeko Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari «arduraz jokatzeko eta lidergoa hartzeko» eskatu diote, «plataformetako arduradunekin harremanetan jartzeko eta azpimarratzeko euskarazko bertsioak ere exijitu behar dizkietela banatzaileei».
Dozenaka eduki
Esan bezala, plataformen katalogoak aztertzen ari dira ekimeneko kideak, «lehendik euskaratutako edukien bila, eta dozenaka aurkitu dituzte. Edukiok Zineuskadik eta EITBk diru publikoz euskarara bikoiztu eta azpidatzitakoak dira». Pantailak Euskarazek «lehentasunezkotzat» jotzen du «eduki horien euskarazko bertsioak eta azpidatziak plataformetara iristea».
Pantailak Euskarazi iruditzen zaio «Zineuskadin bikoiztutako euskarazko bertsioak plataformetara iristea epe motzean egingarria dela, audiook banatzaileen eskuetan daudelako eta hainbat plataforma ari direlako aldiro-aldiro beste hizkuntza gutxituetako bertsioak euren eskaintzan sartzen». EITBk «diru publikoz bikoiztutako film eta serieei dagokienez», Pantailak Euskarazek eskari zehatza egin die Kultura eta Hizkuntza Politika Sailburuari eta ETBri: euskarazko bertsioak banatzaile eta plataformeei komertzializaziorako doan emateko edo lagatzeko.
Publicidad
Izan ere, «euskarazko bertsioek, espainolezkoek edo katalanezkoek bezala, ahalik eta zabalkunde handiena izan dezaten eta ibilbide komertzial askea eta osoa egin dezaten, nahitaezkoa da, lehenik, bertsio horiek enpresa banatzaileek izatea. EITBren bikoizketa eta azpidazketako batzuek egungo audio eta azpidazketa estandarretara egokitu beharko balira egokitzeko ere eskatzen die Kultura Sailburuari eta EITBri».
Aurrekariak egin badaude: Generalitateko Kultura Saila eta TV3 ari dira, elkarlanean, plataformetan dauden edukien bertsio katalanak banatzaileei doan ematen, eta egokitzea behar duten TV3ko audioak egokitzen. «Euskarazko bertsioak Estatu frantsesean diarduten plataformetara iristeko eta iparraldeko euskaldunek edukiak euskaraz ikusi ahal izateko», Pantailak Euskarazek Zineuskadi eta Kultura Sailari eskatu die, «audio eta azpidatziok, Estatu espainiarrean banaketa-lizentzia duten enpresei ematen edo uzten zaizkien modu berean, Estatu frantsesean banatzeko baimena duten enpresei eta plataformei ere emateko edo uzteko, euskarazko bertsioak merkaturatu ditzaten.
Publicidad
'Streaming' plataformei dagokienez, Pantailak Euskarazek Espainiako Estatuko errealitate linguistikoa errespeta dezatela eskatu die. Horretarako, euren katalogoan jada euskaratutako edukien bertsioak txertatzeaz gain, aurrerantzean, ekoizpen berriak ere euskarara bikoiztu eta azpidatzi ditzatela galdegin die.
Banatzaile batzuekin ere jarri dira harremanetan, eta horietako batzuk gaia konponbidean jartzeko prestutasuna erakutsi dute, eta adierazi dute, oraindik aurrera, DVD/Blu-Ray formatuetan egiten dituzten argitalpenetan txertatuko dituztela euskarazko bertsio eta azpidatziak, eta saiatuko direla euskarazko audio eta azpidatziok plataformetara helarazten.
Publicidad
Era berean, eskerrak eman dizkie manifestuari «atxikimendua eman dioten eragileei, Pantailak Euskarazen laguntzaile-sarea osatzen duten 500 kideei eta abian dituen lau sinadura-bilketa kanpaineei atxikimendua eman dieten norbanakoei» eta Argiari, «berriki aurtengo kanpaina onenaren Argia Saria» eman izanagatik. Sariak «indarberritu» egin ditu, «herritarren nahiari ahotsa ematen jarraitzeko, eta euskarak ikus-entzunezkoetan, orohar, eta streaming plataformetan, partikularki, duen presentzia urriari aurre egin eta egoera iraultzeko».
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión