'Bost teilatu' filmean josi dituzte Geuretik Sortuak ekimeneko bost lan laburrak
Udalbiltzak euskara hutsezko sormena sustatzeko abiarazi zuen egitasmoaren emaitzarik berriena da
m. imaz
Martes, 5 de abril 2022, 11:07
«Atzerriko hizkuntzetan egindako kultura nagusitzen» ari den honetan, «euskara hutsean egindako artea eta kulturaren sormena, ekoizpena eta hedapena sustatuko dituen zirkuitu nazionala» sortu zuen iaz Udalbiltzak, Geuretik Sortuak izenarekin. Sormenetik hasi zen, jakina, literatura, antzerkia eta ikus-entzunezkoa aintzat hartu zituen ekimena, sortzaileei proiektura bildu ziren udalerrietan egonaldiak egiteko aukera eskainiz. Oraintsu eman du azken fruitua: 'Bost teilatu' filma. Geuretik Sortuak ekimenetik jaiotako bost film laburren bildumaren aurre-estreinaldia, hain zuzen, Leitzan egin zen martxoaren 31ea, zuzendari, ekoizle eta ekipoetako beste hainbat langile tartean zirela, baita «bilduma osoa muntatu eta kohesioa eman dion Adabaki ekoiztetxea, filmaren abesti nagusia egin duen Ibil Bedi taldea, eta Udalbiltzako eta Leitzako ordezkariak» ere.
Publicidad
Udalbiltzak ohar baten bidez jakinarazi duenez, «'Bost teilatu' Geuretik Sortuak-en parte hartu duten udalerrietan egongo da ikusgai apiriletik aurrera. Lehen geltokia Zestoa izan da, apirilaren 2an; bertan Amancay Gaztañagak eta Erika Olaizolak euren esperientzia kontatu dutelarik; eta hortik aurrera beste hogeita bost geldialdi izango ditu lan honek, bakoitza zinegile ezberdin baten presentziaz lagunduta. Udalbiltzaren agendan edota sare sozialetan kontsulta daitezke data guztiak; Geuretik Sortuak ekimeneko gainontzeko emanaldiekin batera».
Bost filmak
-
Krak. Amancay Gaztañaga eta Erika Olaizola. Tafallan garatu eta errodatua.
-
Arnasa. Raul Barreras. Hernanin garatu eta errodatua.
-
Hitzak. Josu Martinez. Baigorrin garatu eta errodatua.
-
Erlojupekoa. Leire Egaña. Galdakaon garatu eta errodatua.
-
Muga. Eñaut Castagnet. Beran eta Lesakan garatu eta errodatua.
Filmak 80 minutuko iraupena du, eta Euskal Herriko bost udalerri ezberdinetan garatu eta errodatutako laburrak biltzen ditu: hurrenez hurren, Amancay Gaztañaga eta Erika Olaizolak zuzendutako 'Krak' pieza Tafallan errodatu da, Raul Barrerasen 'Arnasa' Hernanin, Josu Martinezen 'Hitzak' Baigorrin, Leire Egañaren 'Erlojupekoa' Galdakaon, eta Eñaut Castagnetek sinatutako 'Muga' Beran eta Lesakan.
Bost filmak
Doluan zentratutako drama fantastikoa da 'Krak', Kamikaz kolektiboko Amancay Gaztañaga eta Erika Olaizolak zuzendua, eurak ere bertan aktore direlarik. Bi bizilagunen arteko konexioa erakusten digu, bakoitzaren etxeko animalien bitartez. Ostera dator 'Arnasa' (Kliska filmak), Raul Barrerasek zuzendua Eneko Sagardoy eta Zorion Egileorren antzezpen bikainarekin. Basoan galdutako baserri batean bizi dira aitona eta biloba; azken hau hiritik itzulia lehena bere azken egunetan zaintzeko. Bien arteko konexioa era ederrean azaltzen digu Barrerasek bertan, identitate sexuala ere ardatz.
Josu Martinezen 'Hitzak' (Gastibeltzak ekoitzia), zinegileak Baigorrin zuzendutako hirugarren labur historikoa litzateke, kasu honetan 'Bost teilatu' bildumaren baitan sartu duena. Hirurogeigarren hamarkadan kokatzen da, eta lurperatutako pospolo kaxetan euskarazko hitzak topatzen dituen Michelle du protagonista, Paristik itzulitako euskalduna. Bira Produkzioak-eko Leire Egañak zuzendutako 'Erlojupekoa' dator ondoren: umore absurdoa erabiliz kritika sozial eraginkorra egiten duen laburra: janaria banatzeko misioa duen rider batek (Belako taldeko Lore Nekane Billelabeitia aktore lanetan) bereak eta bi ikusiko ditu helmugara iristeko, Galdakaotik barrena ibiliz.
Publicidad
Azken laburra da 'Muga'; Eñaut Castagnetek zuzendua eta Gastibeltzak eta Mirokutanak ekoitzia. Kamaru afrikar gazteak Espainiako estatutik Frantziarako muga zeharkatu nahi du eta, bien bitartean, mugatik gertuko herri batean (Lesakan) gotortzen da baserritar baten laguntzaz (Kandido Uranga).
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión