Boxeolari potoloa eta GKE gizena

Andy Ruiz boxeolari mexikarra. /Andrew Couldridge/ DV
Andy Ruiz boxeolari mexikarra. / Andrew Couldridge/ DV

Begoña del Teso
BEGOÑA DEL TESO

Maiatza bukatzear zela Andy Ruizek Anthony Joshua gainditu zuen New Yorkeko Madison Square Garden ring kasik elezaharretakoan. Uda hasi orduko, Magdalena Piñeyrok gobernuz kanpoko erakunde bitxia aurkeztu zuen: Stop gizenfobia.

Zertan datoz bat bi istorio kontrajarri horiek? Zertan dira berdin Kanarietan bizi den Paraguayeko emakume filosofoa eta munduko pisu astuneko txapeldun berria? Ez dirudite, ez, ezertan igual-igualak.

33 garaipen lortu izan ditu bere ibilbidean mexikar jatorrizko Andyk. Liburu bat idatzi berri du Magdalenak. Ez, ez dirudi ezer dutenik amankomunean, Latinoamerikakoak izateaz aparte.

Oker zaudete: biak, Magdalena eta Andy, lodiak dira. Potoloak. Gizenak. Gordoak. Andre-puska Magdalena. Gizonkotea, berriz, Andy. Dagokien pisua erruz gainditu zuten aspaldi. Etengabe, ozen, krudelki egin diete maiz iseka, burla, broma aldamenean izan dutenek.

Aipaturiko borrokaren aurreneko pisuketa ofizialean jendeak ezin izan zion barreari eutsi. Iskin batean Anthony Joshua zegoen. Argala. Liraina. Lerdena. Bere pisu egokian zen kirolaria. Gihar guztiak ondo baino hobeto zizelkaturik. Gantzik ez gerrian. Ezer ez faltan. Ezer ez soberan. 112 kilo agertu zen erakusgailuan baskula zapaldu zuenean.

Ezkerreko txokoan Andy zen zain. Txitxiak bazituen. Alozak sabelean. Kupela zintzilika. Kokospea. Pisatu zutenean, Joshuaren kilo fin horiek soberan pasatu zituen: 121 markatu zuen baskulak. Ahopez egin zuten barre Joshuaren aldekoek, baietz hurrengo egunean Anthonyk erraz birrindu ringean. Ez zegoen duda izpirik. Apustu etxeek gauza bera zioten, inork gutxik jarria zuen dirua Ruizen alde. Hala eta guztiz ere, Ruiz jauna irribartsu agertu zen kazetarien aurrean eta honelaxe mintzo: «Bai, izan nintzen ume txiki eta pottolo hura naiz oraindik ere».

Hurrengo arratsean borroka hasi zen. Joshua ederrak konfiantza handiz zapaldu zuen olana. Segituan deskargatuko zuen behin-betiko kolpea, uste zuten zaleek. Baina denen harridurarako, Andy gizakotea arin, suelto, suabe-suabe, graziaz mugitzen zen lau aldekoan. Ez zirudien ez 121 kilo pisatzen zituenik. Hala ere, Joshuak lurrera bota zuen. Belar edo kotoizko fardela balitz bezala erori zen Ruiz. Alta, pronto jarri zen tente eta kolpe on batzuez Anthony beldurtu, aztoratu.

Harro eta fier, uppercut gantxo ikaragarria konektatu zuen jarraian. Atzeko eskua estilo handiz askatuz, behetik gorako mugimendu azkar bat zuzendu zuen Joshuaren burura. Anthonyk ezin izan zuen saihestu eta balantzaka hasi zen. Trapuzko panpina bailizan.

Derrepentean, inork espero ez zuela, umetan potzoloa izandako boxeolaritzarrak menpe zuen erdijainko baten itxurazko txapelduna. Joshuak ezin izan zituen indarrak berritu. Ozta-ozta iraun zituen zutik segidako round luzeak, arerio gizenkoteak bere aukera oro maisu gobernatzen zituela. Maisu eta furfuriaz. Justu zazpigarrenean ari zirela, mutil ederrak hartu zuen azken kolpea. Eta K.O.z galdu norgehiagoka. Olana gainean zegoela seguru pentsatu zuela ez muskulu-abdominalak ez bizepsak ez direla txapelketa baterako bermea. Pentsamendu horietan zela, txitxia zerion zorioneko beste gizakiak, txapeldunaren gerrikoa noiz janzteko zain, txokolatina bat dastatzen zuen kontrako iskinean. Gora ederki mugitzen, ederki kolpatzen duten haragi-puska horiek!

Magdalena, berriz, beti izan zen eskolako gelako altuena, handiena. Gazte denboran ere, emakume bete-betea. Handia, garaia izateak ez du esan nahi lodikotea zarela. Baina ikaskideei, bost. 'Foka' deitzen zioten. 'Behia', 'jigante halakoa'.

Denbora eta irainak pasa ahala, ahizpa flako eta guapa zuen neska handikotea hasi zen bai, benetan kiloak hartzen. Eta errudun sentitu. Triste ere. Goibel.

Krudelak gara lagun hurkoarekiko. Beti. Denok. 12 urte zituela mutil batek erran zion: «Mehea bazina, nere neska laguna izateko eskatuko nizuke». Magdalenak negar egin zuen. Kilo horiek bere errua zirela uste zuen. Urteak iragan behar ulertzeko kontu pila biltzen direla norberaren anatomiaren marrazkian. Ez bakarrik jaten duguna. Gure gizarte mailak, jasotako heziketak, hezi garen inguruak, genetikak eta, inkluso, gure giza harremanek badute zerikusi franko gure gorpuzkeran. Denboraz ikasiko luke ere zure nortasuna lodi batena bada, gordotzat izango duzula beti zure burua. Flakatu arren. Gordotzat. Betiko. Onartu ala ez, hortxe koska. Galanta.

Baina hortaz jabetu aurretik, egundokoa izan zen sufrikario berea. Gauero pentsamendu bakar batez oheratzen zen: zer egin hurrengo egunean huts egindako gorputz hori alda ahal izateko.

Denboraren eta hausnarketa sakonen poderioz, askatu zituen kateak Magdalenak. Sekretupean, lagun lodi batekin osatu zuen talde bat interneten. Sekretupean, bai. Talde enkriptatua. Gordoak konspiratzen ari zirela ematen zuen. Indar eta kalitatezko informazio nahikoa bildu ondoren, agerian jarri zuten web orria. Stop gordofobia (Gizenfobia Stop) izeneko plataforma zen. Da. 75.000 kide dituena. Bertan jasotako istoriak liburu baterako izan dira iturri. 'Vergara' argitaletxeak kaleratua; 10 oihu gizenfobiaren kontra (10 gritos contra la gordofobia) du izenburu. Bestseller bilakatu da dagoeneko…

Bai, Andy Ruiz boxeolari tripaundiak eta Magdalena Piñeyro filosofo emakume-puskak makina bat kontu dute amankomunean: kiloak eta ausardia.