Otsailaren 9an abiatuko da 2023ko Bertsoaroa Iruñean
Hiru bertso jaialdi, 'Anonyme Popular' izeneko emanaldi berezia, 'Bertso jasa, bat-bateko jolasa' haurrentzako tailerra eta zentzumenekin lotua egongo den bertso afari bat izango dira programan
2023ko Bertsoaroan orotara sei emanaldi izango dira Iruñeko hainbat tokitan barreiatuta otsailaren 9tik martxoaren 2ra Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Iruñeko Udalak antolatuta. Ainhoa Larretxea arduratuko da gaiak prestatu eta jartzeaz, eta, haiei kantari arituko dira ibilbide eta herrialde ezberdinetako sei bertsolari, tartean, herrialdeetako txapelketetako lau txapeldun.
Ekimenaren 32. edizioko programazioaren baitan, hiru bertso jaialdi izango dira, 'Anonyme Popular' izeneko emanaldi berezia, 'Bertso jasa, bat-bateko jolasa' haurrentzako tailerra, eta, lehen aldiz Bertsoaroaren baitan, bertso afari bat, kasu honetan zentzumenekin lotua. Aurrekoetan bezala «unean uneko bertsolaritzaren berri kalitatez eta aniztasunez» emango du.
Lehen emanaldia ostegun honetan Nafarroako Antzerki Eskolan izango da 19:00etan. Ainhoa Larretxeak jarritako gaiei kantuan erantzun beharko diete Ane Labakak, Beñat Gaztelumendik, Etxahun Lekuek, Julio Sotok Miren Artetxek eta Saioa Alkaizak. Arratsaldea borobiltzeko, 18:30ean Iruñeko III. Bertsopaper Lehiaketako sari banaketa egingo da.
Ostean, otsailaren 15ean bertsolari gazteen txanda izango da LABAn egingo den saioan « bertsolaritzaren orain eta etorkizun diren horiei plazan trebatzen eta kantatzen segitzeko aukera emanez», antolakuntzatik nabarmendu duten bezala. Iratxe Mujikak botatakoen inguruan ariko dira Beñat Astiz, Bittori Elizalde, Eki Mateorena -azken Bertsuxurla txapelketako garailea-, Irantzu Idoate, Izaro Bilbao eta Maddi Agirre.
Anonyme Popular otsailaren 16an
Biharamunean, otsailaren 16an, Anonyme Popular emanaldiak lur hartuko du Iruñean. Igor Elortzaren gidaritzapean, ikus-entzunezko bertsoak taularatuko ditu obrak; bertso berriak, garaiari eta giroari jarriak. Igor Elortza Aranoaren hitzak eta ahotsak, Rafa Rueda Etxeberriaren doinuek eta soinuek, eta Kulturaz-eko dapatisten irudiek eta dirudiek osatzen dute emanaldia. Oier Zuñiga aritu da aholkularitza eszenikoan, eta Gotzon Garaizabal eta Malen Amenabarrena da irudia. Urtarrilaren 29an estreinatuko da lana Azpeitian, eta Iruñekoa izango da lehen emanaldietako bat. Antzerki Eskolan izango da, 19:00etan.
Txikienek ere izango dute haien tokia Bertsoaroan. Aurreko urteetan bezala, 'Bertso jasa, bat-bateko jolasa' tailerra eskainiko da, otsailaren 18an, larunbatarekin, Arrosadiko Civivoxean. 'Bertso Jasa, bat-bateko Jolasa' haur eta gaztetxoei zuzendutako bertso-saioak dira. Haurrek jolas eta ariketen bitartez gaiak eta egoerak proposatzen joango dira, eta modu horretan, bertso saioa osatuko dute bi bertsolari gonbidatuek. 8 eta 12 urte arteko haurrei eskaini zaie tailerra.
Otsailaren 23an, ohiko gisan, bigarren bertso jaialdi bat izango da, Antzerki Eskolan. Oholtzan izango dira Aitor Bizkarra, Aitor Mendiluze, Alaia Martin, Joanes Illarregi, Maddi Ane Txoperena eta Sarai Robles Maialen Belarrak jarritako gaiei kantuan.
Modu berezian bukatuko da aurtengo Bertsoaroa; izan ere, lehen aldiz, bertso afari bat izango da egitarauaren baitan Geltokin martxoaren 2an. Ez da bertso afari arrunta izango, dena dela; zentzumenak jolasean jarriko dituzte bertsolariek, afalaurretik zein ostean. Alazne Untxalo, Nerea Ibarzabal eta Sustrai Colina izango dira arduradunak.
Leire Urbeltzen irudia
Leire Urbeltz Munuce ilustratzaile iruindarrak egin du aurtengo Bertsoaroaren irudia, eta Elizondoko Malmö estudioaren laguntza izan du diseinu grafikoan. Hala azaldu du Urbeltzek irudiaren jatorrizko ideia: «2023ko Bertsoaroaren irudian, zehar-mintzo eta ibilbide landuen bidez, bertsoak botatzeko neurriz gaineko diskurtso-gailu sofistikatua aurkezten dugu. Bitxikeri honek normalean kate-erreakzio bat sortzen du: metrika, errima eta patroiekin jolastuz zentzu sakona duen bat-bateko hartu emanak eragiten baititu».