Uztapide eta Xalbador

Bertsoak elkartu zituen bi lagun handi

Pako Aristi idazleak Uztapide eta Xalbadorren hiru hamarkadetako adiskidetasun eta elkarrekiko begirunea jaso du, ikerketa sakon bat eginda

DV

Domingo, 9 de junio 2024, 07:12

Bertsotik eta bertsotan hasi baino harago, sakonki «elkar maitatzeraino», heldu zen harremana izan zen Manuel Olaizola 'Uztapide' eta Fernando Aire 'Xalbador' bertsolariena. Hamarkada ezberdinetan jaio ziren, 1909 eta 1920; lurralde ezberdinetan, 142 kilometrok aldentzen dituzten Zestoan eta Urepelen, jaio ziren; bakoitzak bere euskalkia zuen; eta izaera zein bertsokeran ezberdinak ziren, baina Pako Aristik 'Uztapide eta Xalbador. Bi adiskide mugaz gaindi' liburua ederrean jaso duen bezala, «elkar osatu zuten hogeita hamar urtez iraun zuen adiskidantza baten bitartez».

Publicidad

1946an egin zuten topo lehen aldiz Uztapidek eta Xalbadorrek Zarauzko saio batean eta, hiru urte beranduago Teodoro Hernandorena zizurkildarrak Iparraldean antolatutako jaialdi batean elkarbanatu zuten oholtza estreinakoz. Ordurako biak ala biak plazetan eta bertsotan aritutakoak ziren, Aristik liburuan dioen bezala 16 urterekin hasi baitziren kantuan. Urruñako saio hartara bakoitza bere bertso-bikotearekin joan zen: Iparraldean aritu ohi ziren Mattin eta Xalbador eta hegoaldean Uztapide eta Basarri. «Gero bikote aldaketa eta hartu emanak izango dira», kontatzen du idazleak. Adiskidetasunak Xalbador 1976an hil arte iraun zuen.

Hiru hamarkadako harreman hura oso emankorra izan zen biak ala bientzat, eta baita inguruko bertsolarientzat zein bertsolaritzarentzat, Aristik azpimarratu bezala. «Elkar elikatu zuten bertsolari eta lagunak izan ziren eta bien artean elikatu zuten bertsolaritza». Une gozo horiez gain, txar eta mingotsetan ere elkarren alboan izan ziren, besteak beste 1967ko Bertsolari Txapelketako finala, Donostian lehiatu zena. Ekainaren 11 hura hainbatetan aipatu da ostean eta bertsolaritzaren historian mugarri izan zen. Aurkezleak buruz burukora igaroko ziren bi bertsolarien izenak aipatu zituen, Uztapide eta... Xalbador, eta bigarrena esandakoan bertan ziren 4.000 inguru ikusleetatik askok txistu egin zuten gogor. «Jendeak Lazkao Txiki espero zuen, haien faborito argia zen, eta zazpi minutuz aritu ziren txistuka». Bost urte beranduago, Donostian ere, publikoaren haserrea pairatu zuena Uztapide izan zen kantatu ezinik geratu zenean. «Nola edo hala eseri zen, zuri-zuri eginda, eta han egon zen saioak iraun bitartean». Gerora, bihotzekoa jasan zuela jakin zen.

'Uztapide eta Xalbador. Bi adiskide mugaz gaindi'

  • Egilea: Pako Aristi.

  • Argitaletxea: Erein.

  • Orrialdeak: 272.

  • Prezioa: 22 euro.

Bertsokera aldetik bien ezberdintasunak nabarmentzen ditu Aristik. Uztapideri buru «errealitateari bete-betean» abesten zion bertsolaria zela dio, «garai hartan behar zen bertsolaririk onena». Estilo aldetik «diesela» zen, baina berotzean, «afaritan-eta, bulldozer bat zen, bertsotan gelditu ezinik». Mikrofonoaren aurrean «oso segurua, erregularra» izan ohi zen eta nabaria zen tradizioa ezagutzen zuela, bertsopaperetatik jasoa. «Esateko moduak oso ondo menperatzen zituen». Eta ezberdintasun agerikoena: «Jendeari zuzenean begietara begiratzen zion».

Izan ere, Xalbadorrek «begiak itxita» abesten zuen, «ikusi nahi ez balu bezala aurrean daukana, beste zerbait amestuko balu bezala». Argazki ugari dira hala jasotzen dutenak, albistearekin batera doana esaterako. «Bere abizenak dioen bezala, [Aire], airekoa zen, filosofoa, poeta, abstraktuagoa». Hori bai, mezu sendoak zituen ere. «Oso pentsamendu politikoa zeukan, Euskal Herriaren batasunaren ez zeuen zalantza izpirik egiten eta bere bertsoetan argi adierazten zuen Euskal Herriaren etsaiak nor ziren, Espainia eta Frantzia».

Publicidad

Elkar miresten zuten

Elkarrekiko zuten «miresmen, txera, begirune eta maitasun» horren adibideak ugariak dira eta liburuan jaso ditu batzuk Aristik. Esaterako, 1974an Xalbadorrek bertso-sorta bat argitaratu zuen Zeruko Argia aldizkarian eta, ostean, 'Odolaren mintzoa' liburuan jaso zuen. «Maitasuna dago bertsotan, maitasun handi batekin idatziak daude eta Xalbadorrek onartzen du Uztapideren mailara iristen saiatu zela, baina ez zuela lortu».

Bibliografia oparo bat aztertuz «nobela bat bezala irakurtzen den liburu liluragarria» ondu du Aristik Inazio Mujika, Erein argitaletxeko ordezkariak goraipatu bezala, «bertsozaleentzat ezinbestekoa, baina bertsozale ez direnentzat ere guztiz interesgarria izango den liburua». Hala, Antonio Zabalak egindako lana ekarri zuen gogora. Aristi ere oso eskertua azaldu zen. «Atera zituen 300 liburu pasa horietan material interesgarri eta askotarikoa aurkitu nuen», besteak beste Auspoa sailean bertso saioak, jaialdiak, txapelketak, baina baita bertsolarien prosa lanak, kronika lanak. Horiekin «narrazio lana» egitea egokitu zaiola azaldu zuen.

Publicidad

Tartean lekuko ugariren testigantzak jaso ditu eta aipatutako xehetasunez edo haien adiskidetasunaren historia zirraragarriaz gain, «90 urte iraun duen uste edo gezurtxo» bat ere argitu du, hain zuzen 1936ko txapela Txirritari eman ziotela zaharra zelakoan. «Ordutik argitalpen askotan errepikatu da, baina duela pare bat urte Felix Irazustabarrenak saioko akta argitaratu zuen Interneten eta garbi ikusten da puntuazioaz Txirritak irabazi zuela, legez eta puntuazioz». Aristik, noski, ez zuen zalantzan jarri Uztapidek beti defendatu zuena, hari epaimahaiko kide batek esan ziola. «Endredo hark esandako gezurrak sortu zuen. Izena ez dugu jarri, baina irakurle azkarrak aterako du iradokia dagoelako».

Herriak 'senide'

Euskal Herriak eman dituen bi bertsolaririk handienetako hauen ereduari jarraituz, orain bi herriak, Zestoa eta Urepele, senidetu egin dira. Hain zuzen, aurkeztutako liburua da harreman honen lehen emaitza, baina Xole Aire Urepeleko alkateak zein Mikel Arregi Zestoako alkateak adierazi bezala ez da azkena izango. «Senidetzeak bide luzea izan dezala». Besteak beste, ekainaren 15ean Urepele eguna egingo da Zestoan eta 19an liburuaren aurkezpena egingo da Amurizarekin. Udazkenean Urepelen antzeko zerbait egitea aurreikusten dute eta Airek esan bezala liburua eta Uztapideren figura eskolara eraman nahi dute haurrekin lantzeko. Eta aurrera begira Xalbadorren heriotzaren 50. urteurrena gorriz markatutako data da.

Publicidad

Liburuaren ernamuina, proiektu berezienekin gertatu ohi bezala, elkarrizketa informal bat izan zen, Aristik azaldu zuen bezala. «Kafea hartzen ari nintzela Arregik esan zidan ea zer egin zitekeen bertsolariei buruz, zerbait iraunkorra nahi zuela eta nik esan nion zer iraunkorrago liburuak baino». Emaitzarekin oso pozik azaldu ziren alkateak, bi bertsolarien bizitzaz gain besteak beste «garai hartako bertsolaritza eta bizikera» ederki islatzen duelako.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad