'Barraka', familia osorarentzat abenturazko bideojokoa
Ibai Aizpurua irundarrak egunotan aurkeztuko du bere proiektua, iaz irabazitako Sormen Bekari esker garatutakoa
NAHIKARI CAYADO
Martes, 6 de diciembre 2022, 07:20
Ainhoak udaro laguntzen dio amari herrietako jaietan txurroak saltzen. Egun batean, neskatoa barraka sorgindu batean sartuko da, eta irteten denean, mundua erabat aldatuta dagoela ikusiko du. Ohartu gabe, fantasiazko mundu bitxi batean murgilduko da. Ez, ez gara film batez ari; ez gara kontatzen ari zientzia-fikziozko liburu baten argumentua. Istorio hori da, hain zuzen, Ibai Aizpuruak sortutako 'Barraka' bideojokoaren abiapuntua, pasa den urtean Durangoko Azokan lortu zuen Sormen Bekari esker garatu duena. «'Barraka' jokalari batentzako esplorazio eta abenturako bideojoko umoretsua da, puzzle estilokoa», adierazi du sortzaileak.
Publicidad
Aizpurua izan zen, hain zuzen, Durangoko Azokak antolatzen duen laugarren Sormen Bekaren irabazlea. Sorkuntza digitala izan zen bekaren iazko gaia, eta 'Barraka' euskarazko bideojokoak oso lotura estua zeukan horrekin, irudi errealak, Stop Motion-a eta animazio tradizionala nahasten dituelako. Aizpuruak dio erronka oso handia izan dela «urtebete batean bideojoko bat neuk bakarrik egitea». Eta azaltzen jarraitu du: «Begira, normalean, jende gehienak ibiltzen dituen bideojokoak taldean sortuak izaten dira, kasu askotan ehunka pertsonako taldeetan. Baina eginda dago jada». Eta badu beste erronka bat orain: «Ordenagailuan jokatzeaz gain, mugikorretan ere jokatzea, eta horretan nabil».
Aizpurua irundarra da, diseinatzailea eta programatzailea. Sormen Bekaren deialdia ikusi zuenean, bitan pentsatu gabe aurkeztu zuen bere burua «esperantza handirik gabe». Orain, urte bete geroago, dena prest dauka herritarren aurrean bere proiektua aurkezteko, eta baita merkatura salto egiteko ere. Emozioz beteta dago egilea: «Oso pozik nago jendearen erreakzioa ikusita, baina ez da erraza izan, gorabehera asko izan ditut. Nire lagunak izan ditut jokoa probatzen, haiek izan dira nire epaileak, ondo dagoen, erraza edo zaila den esan didatenak».
Plastilinazko irudiak
Diseinua, irudiak, animazioak, soinuak eta programazioak, beraz, Aizpuruak berak sortu ditu. Musika, berriz, Gonzalo Sardón bere lagunaren ardura izango da. «Nahiz eta azken urteotan bideojoko proiektu txiki ugari sortu ditudan, hau ezberdina dela esan daiteke. Gaur arte egin dudan proiekturik handiena eta borobilena da». Eta honela arrazoitu du: «Izan ere, bideojoko gehienak 3Dn izaten dira, eta nik 2D dimentsioko pertsonaiak sortu ditut. Irudi guztiak plastilinaz egin ditut, gero argazkiak atera eta aurpegiak photoshop bidez jarri dizkiet, hori baita Stop Motion-a».
Dioenez, ez dira asko gaur egunean 2D formatu horretan sortzen diren bideojokoak. Eta are gutxiago dira euskaraz egiten direnak. Aurreratu duenez, bestalde, galizieraz, katalanez eta gaztelaniaz ere atera nahi du bere bideojokoa, geroz eta jende gehiagok goza dezan. «Nahi dut familia osoa 'Barraka'z goza dadin. Edonor erraz murgildu daitekeen abentura-bideojoko umoretsu bat da sortu dudana».
Publicidad
Laster izango da posible hori. Bideojokoen maitaleek Durangoko Azokako edizio honetatik aurrera izango dute 'Barraka' jokoaz gozatzeko aukera. Eta zu?, ausartuko zara abentura honetan Ainhoari laguntzen?
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión