«Une hau baliatu nahi dugu barrutik indartzeko eta elkarlanerako sare eta aliantzak indartzeko»
Pandemiak eragindako krisiak kongresuaren ondotik aurreikusi zuen dinamika berrikustera eraman du erakundea
N. A.
DONOSTIA.
Larunbata, 26 iraila 2020, 09:24
Ziurgabetasuna nagusi den unean hartu du Ana Urkizak EI-ren lema. Batetik, areagotu egingo du pandemiak diru-baliabideen urritasuna, baina baliteke hori kudeatzea kezka eta urduritasun giro nahasian aurrera egiteko bidea aurkitzea baina errazagoa izatea.
– Pandemiaren aurrekoa da Liburu Zuria, zuek proposatutako bost lan lerroen iturburu nagusia. Behartu zaituzte egoerak bat edo beste lehenestera?
– Lerro nagusiak finkatu eta lehenesteko orduan Liburu Zuria kontuan hartu dugu, baina bizi dugun egoera ere bai, jakina. Badago ildo bat pandemiarekin zerikusi zuzen-zuzena duena, ongizatearen ingurukoa. Ongizate eredu zabal eta eraginkor bat proposatu nahi da, arlo denak barne hartuko dituena. Badago beste ildo bat Kongresuko eta Liburu Zuriko bost arloetan agertu zena, euskal identitatearen garapenaren ingurukoa. Gobernantza, eredu demokratikoak sakontzea, eta munduan –batez ere Europan, Euroeskualdearen garrantzia nabarmenduz–, non eta nola kokatu nahi dugun aztertzea dira beste bi ildo nagusiak. Lau lerroek dute lotura dena mugiarazi duen pandemiarekin.
– Nola garatuko dituzue?
– Gai bakoitza ia infinitua da eta, bistakoa denez, zatitu egin beharko ditugu. Horregatik da oso garrantzitsua erakunde publikoekin ondo zedarritzea gauzak, bateragarri eginez helburu zehatzetara heltzeko bidezidorrak eta epe luzerako begirada. Edonola ere, argi daukagu pandemia garaian gaudela eta hasiera ez dela erraza izango. Une hau baliatu nahi dugu barrutik indartzeko eta elkarlanean aritzeko ezinbestekoak dire sare eta aliantza horiek indartzeko.
– Gizartearen arreta erakartzea ere ez da erraza izango.
– Une honetan gizarteak nahiago ditu berehalako erantzunak luzerako hausnarketa eskatzen dutenak baino, ulergarria da. Guztiok gabiltza gure egoerarekin eta arazoekin arduratuta. Kulturaren aldetik ere barren asko astindu ditu krisiak. Hala ere, gu saiatuko gara herritarrei azaltzen zein den gure lan egiteko modua, eta zergatik iruditzen zaigun ezinbestekoa erronkei aurre egiteko indarrak batzea eta konfiantzazko harremanak finkatzea.