Balearretako IB3n filmak katalanez eman ordez gaztelaniaz ematea salatu dute
Obra Cultural Balear eta Plataforma per la Llenguak salatu eta Aldatu Gidoiak plataformak bat egin du
Balearretako IB3 telebista publikoan filmak katalanez eman ordez gaztelaniaz ematen hastearen aurka azaldu dira Balearretako eta Herrialde Katalanetako hizkuntzaren normalizazioaren aldeko hainbat eragile, Obra Cultural Balear eta Plataforma per la Llengua esaterako, eta haiekin bat egin du Aldatu Gidoiak plataformak.
Josep Codonyk apirilaren 16an hartu zuen IB3 Balear Uharteetako irrati-telebista publikoaren zuzendari nagusi kargua, PP eta VOXen aldeko botoekin eta erakunde publikoko zuzendari nagusi kargua hartu eta hilabete gutxira hartutako neurria katalanaren aurkako erasotzat jo dute eta «berehalako zuzenketa» bat eskatu dute.
Obra Cultural Balear-ek adierazi du «IB3ren emisioetako hizkuntza» ez dela aukerako zerbait, «erakunde publikoaren betebehar bat» baizik. Plataforma per la Llengua-k adierazi du «IB3k %100ean katalanez emititzen badu eta gertukoa bada» duela «zentzua soilik»; hortan datzala «IB3ren izatearen arrazoia, katalanaren normalizazioan», eta «gaztelaniazko kateak ugari» daudela dagoeneko. MÉS Mallorca eta PSIB Balearretako alderdi sozialistako bozeramaleak ere gogor mintzatu dira «katalanaren aurkako» neurriaren aurka.
Aldatu Gidoiak katalan hizkuntzaren aldeko eragileen salaketekin bat egin eta gogora ekarri du «nazioarteko filmak gaztelaniaz emititzeko erabakian Eusko Jaurlaritza eta EITB aintzindari» izan zirela. Eta zera galdetzen du: «nola da posible ustez euskaltzalea den EAJ bezalako alderdi bat, PP eta VOXekin bat etortzea?».
Ekimeneko kideek gogoratu dute 2010. urtearen bueltan emititu zuela ETBk euskarara bikoiztutako nazioarteko azken filma (haur eta nerabeen eduki batzuk salbu). Arloko profesionalek adierazi izan dute Eusko Jaurlaritzako eta EITBko EAJko arduradunek 1990eko hamarkadaren erdialdera hartu zutela nazioarteko film eta serieak euskaraz bikoiztuta ez emititzeko eta euskarazko bikoizketa ezerezera bihurtzeko erabakia. Ordutik, eta bereziki 2000. urtetik aurrera, progresiboki murriztuz
joan dira ETBko euskarazko bikoizketa-produkzioa, ezerezaren pare utzi arte.