Sei atal eta azken momentuan bidean gelditu den epilogo bat

N. A.ASTEASU.

Orain dela ia bost hamarkada 'Ziutateaz' edota 'Etiopia' liburuekin gerora garapen aparta izan duen literatur ibilbidearen zimenduak jarri zituenetik, askotan ibili da Bernardo Atxaga generoen uztarria astindu nahian. Ia beti. Ez dira gutxi bere bibliografian izaera hibrido samarra duten lanak. Oraingo honek etiketa argi bat du, nobela bat da, baina ez da nobela konbentzional-konbentzionala.

Atxaga, umetakoa eta gaztetakoa barne, ondo ezagutzen dutenei, are gehiago Joseba Irazuren hurbilekoei, ezagunak egingo zaizkie hainbat paisaia, pasarte eta objektu, denetariko material, oroitzapen eta esperientziak bildu baititu idazleak arreta eta detaile handiz, piezaz pieza, osatu duen puzzle moduko liburuan.

Formalki, 45 urteko tartean sei marka jartzen dituzten beste horrenbeste atal ditu: 'Il était un petit navire', 'Lau lagun', 'Antoine', 'Luisen istripua', 'Daisy telebistan' eta 'Orkideak'. Azken momentura arte epilogo bat ere bazuen. Epitafio bat, Atxagaren hitzetan. Bidean gelditu da, baina ez da galdu. Beste hainbat testuri bezala, idazle eta euskaltzain asteasuarrak emango dio bigarren aukera bat, beste momentu eta testuinguru batean.

'Etxeak eta hilobiak'-en gaztelaniazko bertsioa ere bidean da. Itzulpena eginda dago, eta Alfaguara etxeak kaleratuko du, udaberri partean.