Astelehenetik aurrera egin ahal izango dira Durangoko Azokara joateko erreserbak
Abenduaren 4tik 8ra, 210 erakusmahai paratuko dituzte 165 parte hartzailek Landakon. 990 nobedade aurkeztuko dituzte, gehien-gehienak liburuak
n. azurmendi
Osteguna, 25 azaroa 2021, 13:10
Asteartean Gerediaga elkarteak eta Durangoko Udalak jakinarazi zuten aurrez aurrekoa izango dela aurten Durangoko Azoka, eta «euskal kulturaz modu seguruan gozatzeko» ezinbestekoa izango dela aurrez izena ematea Landakogunean eta Plateruenan sartu ahal izateko. Ostiral honetan, berriz, 56. edizioko katalogoa aurkeztu dute, eta guneetako arduradunek berretsi dute horietan ere saiatuko direla Azoka ahalik eta normalena ahalbidetzen, norberaren eta gainerakoen osasuna zaintzea bateragarria izan dadin euskararen eta euskal kulturaren zaintzarekin.
Beñat Gaztelurrutia Gerediako koordinatzaileak azaldu duenez, azken hilabeteetako zailtasunek ez dute euskal sortzaileen kemena murriztu, eta «uzta oparoa» aurkeztuko da Durangon abenduaren 4tik 8ra (online dendan 3tik 7ra). Guztira 990 nobedade izango dira Azokan: 733 liburu, 143 musika produktu, 37 aldizkari eta 77 bestelakoak. «Guztiak 2021eko produktuak», nabarmendu du.
«Erreserbatu soilik etortzekoa bazara. Eta etorri soilik sarrera bermatuta badaukazu»
Beñat Gaztelurrutia
Gerediaga elkarteko koordinatzailea
Argitaletxeek, diskoetxeek eta bestelako erakusketariek ere ez dute atzera egin: 165 parte hartzailek (horietako 17 autoezkoizleak, 10 Durangaldekoak eta 28 berriak) 219 erakusmahai paratuko dituzte Landakogunean. Gaztelurrutiaren hitzetan, «eragile asko ari dira betiko Azoka berreskuratzeko ahaleginean eta horrek erakusten du Azoka zein garrantzitsua den guztiontzat».
Astelehenetik aurrera
Gerediaga elkarteko ordezkariak berretsi du antolatzaileen helburu nagusia dela «aurtengo Azoka segurua izatea». Izan ere, erronka handia hartu dute euren gain «zailtasunak zailtasun, aurrez aurreko Azokari eustea» erabakitzean, eta horri parte-hartzaileen, langileen, bisitarien eta herritarren segurtasuna arriskuan jarri gabe eutsi ahal izateko «osasun-neurri guztiak zorroztasunez» beteko dituzte. Gauza bera eskatu diete «kulturzale guztiei: arduraz eta erantzukizunez jokatzeko, bai Azoka barruan, baita Azokatik kanpo ere Durangoko herrigunean».
«Bisitari eta partehartzaile guztiak eroso sentitzea nahi dugu, euskal kulturaz modu seguruan gozatzea eta guztion osasuna lehenestea», esan du, gogoratuz horretarako Azokako aforoa mugatua izango dela: «1.200 bisitari sartuko dira Landakon aldi berean, aurretiazko erreserba sistemarekin, ordu eta erdiko bost txandetan. Ahotseneako kontzertuetara sartzeko ere beharrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea». Horretarako aukera datorren astelehenean, azaroak 29, zabalduko da Durangoko Azokaren webgunean.