«Antzerkiaren gorputzari» erreparatzeko edizioa
Euskaltzaindiak Bilbon antolatutako jaialdiaren seigarren topaketa izango da otsaileko ostegunetan
Euskaltzaindiak Lautan Hiru jaialdiaren seigarren edizioa aurkeztu du ostiral honetan Bilbon, «antzerkiaren gorputzari» erreparatzekoa izango dena sustatzaileen aburuz. Otsaileko lau ostegunetan egingo da, Bilboko Zazpikaleetako zenbait gunetan, eta aurrekoetan bezala euskarazko antzerkia hauspotzea, sortzaileei antzezlanak erakusteko gune berriak eskaintzea eta «kultura aukerak zabalduta» Bilboko Zazpikaleetako giroan eragitea dira helburu nagusiak.
Publicidad
Guztira zortzi ekitaldi eskainiko dira: bost antzezpen, bakarrizketa bat, tailer performatibo eta parte hartzaile bat, eta bi irakurraldi dramatizatu (azken biak ekitaldi berean) Bilboko Udalaren babesarekin eta Cafe Bar Bilbao, BIRA Kulturgune eta 7Katu gaztetxearekin elkarlanean. Gainera, EHAZE Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkartearekin batera antolatutako Ikusle Klubari ere eutsiko zaio, 2022an lehen aldiz antolatu zena. Hala, ikusle talde batek Franca Rame eta Dario Fo-ren 'Putaren bakarrizketa eroetxean' antzezlana aztertuko du. Laura Penagos aktoreak, La Sinsorgan taularatuko du 19:00etan bizipenak partekatzeko gunea sortzeko. «Helburua antzezlanez gogotik gozatzea da», azaldu dute.
Seigarren edizioa otsailaren 8an abiatu eta hurrengo hiru ostegunean, -15, 22 eta 29- egingo da Lautan Hiru. Lehen egunean, gorputzaren adierazpen kontzientzia lantzeko tailer performatibo eta parte hartzailea emango dute Ainhoa Artetxek eta Itsaso Payak, Euskaltzaindiaren egoitzan. Horrez gain, bost antzezpen (tartean bi estreinaldi), bi irakurketa dramatizatu eta Telmo Iruretaren bakarrizketa (hau ere estreinaldia) hartzen ditu aurtengo egitarauak. Ez dira berritasun bakarrak izango, eszenatokiei dagokionez, iazko bost espazioei -Kalderapeko, BIRA, Cafe Bar Bilbao, 7Katu gaztetxea eta aipatutako Euskaltzaindiaren egoitza- La Sinsorga kulturgunea gehitu da.
Hirugarren egunean, otsailaren 22an, 'Beren izenez' lana estreinatuko du Iruñeko La Piel konpainiak Euskaltzaindiak antzerki ekoizpena sustatzeko laguntza eskuratu zuen taldea 2023an.
Jaialdiko bonuak 7 euroan jarri dira salgai, eta jardunaldi bakoitzeko ikuskizun biak ikusteko aukera izango dute erosleek; sarrera bakarra erosteko aukera ere dago, emanaldi bakoitzeko 4 euroan. Bonuak Bilboko Plaza Barriko Cafe Bar Bilbao-n eta Erronda kaleko BIRA Kulturgunean salduko dira, ostiral honetan hasi eta agortu arte. Gainera, bonua erosi duten zaleen artean opariak zozkatuko dira astero; zozketa azken emanaldiaren ostean egingo da beti, eta opariak Zazpikaleetan euskara eta euskal kultura bultzatzen duten negozioekin adostuko dira.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión