Borrar
Andoni Mutiloa, Peio-Elurren larruazalean sartzen da idatzi, zuzendu eta antzezten duen kabaretean. noni eta mani

Andoni Mutiloa: « 'Beyoncé izan nahi duen baserritarra' esalditik sortu nuen kabareta»

Donostiako Dokan eskainiko du bihar ikuskizuna, doako saioan, Harrotasunaren Antzerkia programaren baitan

Ane Urdangarin

San Sebastián

Asteazkena, 8 abendua 2021, 11:14

Comenta

2020ko urtarrilean, pandemia iritsi baino lehenago, estreinatu zuen Andoni Mutiloa hernaniarrak 'Esnatu naiz' kabareta. «Donostiako Poltsikoko Antzerkian izan zen, jendez lepo zegoen taberna batean, denak zutik. Orain pentsaezina da». Orduz geroztik, eta izurriaren arren, 50 emanaldi eskaini ditu Elur trans-aren larruazalean sartuz. Bihar berriro igoko da taulara, kanta, dantza eta antzerkiarekin herri txikietan gure benetako nortasunarekin bat egiteko dauden zailtasunen gainean hausnarketa bultzatzeko. Donostiako DOKAn eskainiko du kabareta (20:00etan), Gehitu eta Mugen Gainetik elkarteek sortutako Harrotasunaren Antzerkia programaren baitan. Doakoa izango da emanaldia eta gonbidapenak emailez eskatu behar dira info@gehitu.org helbidera idatziz.

– Noiz eta nola sortu zen Elur?

– Oso modu ezohikoan. Nik kazetari bezala lan egin dut irratian, eta 2017an eszedentzia hartu nuen. Hasiera batean urtebetekoa, maila pertsonalean beste erritmo batera bizi nahi nuelako. Ez neukan plan zehatzik buruan, baina eszedentzia eskatu eta handik gutxira ideia bat izan nuen, esaldi bat etorri zitzaidan burura: «Beyoncé izan nahi duen baserritarra». Nahiko xelebrea iruditu zitzaidan eta ez nion kasu handirik egin, baina hor buruan bueltaka geratu zen.

– Eta idazten hasi zinen...

– Hilabete batzuk pasa ziren benetan idazten hasi nintzen arte. Erdizka utzi nuen, eta eszedentzia luzatu nuenean erabaki nuen sormenari merezi duen denbora eskaintzea, eta saiakera egitea historia hasieratik bukaeraraino idazteko. Kostata, egin nuen.

– Idazle, aktore, zuzendari, ekoizle... Zure gain hartu dituzu ikuskuzinaren lan guztiak.

– Laguntza izan dut, ezinbesteko laguntza. Lehenengo bertsioa idazten bukatzean taularatzea bururatu zitzaidan. «Andoni, flipado. Nora zoaz? Ez daukazu esperiantziarik», esaten nion neure buruari. Baina bestalde, laguntza eskatuta, zergatik ez? Besteek ere egiten dute eta formato txikiko ikuskizuna izanik, gauza sinple eta polita egitea posible izango litzatekeela uste nuen. Amancay Gaztañagak baietz esan zidan eta jarraian Donostiako Poltsiko Antzerkira aurkeztu nuen proiektua, eta hautatu zuten. Hiru hilabete nituen estreinatzeko jaialdian bertan eta orduan buru-belarri hasi nintzen forma ematen, entseatzen. Amancayek lagundu zidan, aholkularitza eta kanpo begirada berarekin egin nituen. Gero nik zuzendu dut nire burua, eta produkzio lana, distribuizoa, salmenta, komunikazioa, etab. egiten ikasten ari naiz.

– Zer gertatzen zaio Beyoncé izan nahi duen baserritarrari?

– Protagonista Elur da, trans kolektiboko artista. Londresen bizi da eta bere showa dauka The Pink Flamingo clubean. Arrakasta du eta nahiko ezaguna da. 'Esnatu naiz' gertatzen den egunean Elurri zerbait gertatu zaio, eta ezin du bere ohiko ikuskizunarekin aurrera egin. Orduan, publikoarekin hizketan hasiko da eta bere historia pertsonala kontatuko die, Elurren atzean Peio izeneko baserritar euskaldun bat dagoela, eta 10 urte lehenago erabaki zuela baserria uztea.

– Gure benetako nortasunarekin bat egitea oraindik ezinezkoa dela herri txikietan?

– Asmo bat dago atzean, publikoak hausnarketa egitea kabaret baten bitartez, ondo pasatzen, gauza dibertigarriekin, baita bere dramekin ere, jakinaraziz Peiok atzerrira alde egitea erabaki zuela bere benetako nortasunarekin bat egitea eta horren arabera Euskal Herrian bizitzea ezinezkoa egiten zitzaiolako. Mezu hori zabaldu nahi dugu eta kritika hori egin euskal gizartearia.

– Sentsibilizazio lana?

– Bai. LGTBI+ kolektiboko jendeak, baina bereziki trans izateak, horrelako herri txiki batean bizi izateko kriston arazoak ditu, trabak leku guztietatik. Hausnarketa bultzatu nahi dugu eta kritika egin: «Aizue, gaur egun horrelako jendeak ezin du lasaitasun osoan bere herrian bizi eta hori aldatu beharra dago».

«Kritika egiten diot euskal gizarteari, benetako nortasunarekin bat egitea oraindik zaila delako»

– Kabaret formatuak, non musika, dantza eta antzerkia uztartzen dituzun, jende gehiagora iristea errazten du?

– Gai horri buruzko sentsibilizazioa modu askotara egin daiteke. Baina horri buruzko mahai ingurua antolatzen duzu Gipuzkoako herri txiki batean eta solasaldi horretara interesa daukatenak joango dira bakarrik. Orduan pentsatu nuen antzerki obra bat, kabaret formatukoa gainera, dantza, musika, momentu alaiak, zailak, dizdiratsuak dituena, egokiagoa zela istorioa kontatzeko eta gai horren ezagutza eta interes handirik ez daukan jendea erakartzeko. Gainera, azkeneko urteetan nire bizitzan gertuagotik ezagutu ditut hainbat trans pertsona, eta ikusi dudana, beraien zailtasunekin batera, askotan oso pertsona dizdiratsuak direla, kriston ilusioa, indarra eta alaitasuna daukatela. Eta hori ere ospatu nahi nuen, horren berri eman ikuskizun honetan, dena ez dela drama trans kolektibiko pertsonentzat. Gozatu nahi dutela bizitza.

– Zer nolako 'feedback'-a ari zara jasotzen?

– Ni ez naiz objetiboa, ni ere bide luzea egiten ari naiz ikuskizun honekin. Jende askok oso gustoko du, askok bihotzez eskertzen dute ikuskizuna, eta askosk esaten didate: «Andoni ze ausarta». Kuriosoa da, uste dut gehien entzun dudan hitza «ausarta» dela. Benetan? Niri ez zait hainbesterako iruditzen. Ikusten dut jendeak konektatzen duela istorioarekin, lortzen dugula jendeak gogoeta hori egitea, eta hori niretzako super ederra da. Horrek ez dauka preziroik. Oso pozik nago.

– Zer da zailagoa, biluzte emozionala edo taula gainean ia arroparik gabe gelditzea?

– Gaur egun iada ez zait zaila egiten, baina hasiera batean bai. Elurren azalean sartzea aktore moduan eta hor eroso egotea eta gozatzea oso zaila egiten zitzaidan. Kriston lotsa ematen zidan. Baina lotsa hori gainditzen hasi nintzen eta personaje hontaz gozatzen. Ondoren etorri dena askoz ere eramangarriagoa egin zait. 'Striptease' bat badago euskal dantzan oinarritua, eta hor biluzte artistiko bat dago. Baina biluzte horiek baino niretzako zailagoa izan da Elurren azalean sartzea, eta lortu dut. Konturatu naiz taula gainean babestuta sentitzen naizela.

Lau emanaldi LGBTI+ kolektiboaren eskubideen alde

Harrotasunaren Antzerkia bueltan da. Gehitu eta Mugen Gainetik elkarteek sortutako programa honek LGBTI+ kolektiboaren eskubideak sustatu nahi ditu antzerkiaren bitartez. Aurten, 'Esnatu naiz' kabareta hautatu du, eta lau emanaldi programatu. Donostian eskainiko du lehenengoa Andoni Mutiloak ostegunean (Doka), eta gonbidapenak info@gehitu.org postan eska daitezke.

Ostiralean Laudioko Faktorian taularatuko da, abenduak 17an Gasteizko Baratza aretoan eta abenduak 18an Bilboko La Fundición aretoan.

Gehitu eta Mugen Gainetik elkarteek Harrotasunaren Antzerkia 2016an sortu zuten eta Ados Teatroren 'Zapata Gorridun Mutila', Tanttaka Teatroren 'Muxua', Pabellón 6en 'Ocaña', Hika Teatroren 'Txarriboda' eta Xake Produkzioak ekoitzitako 'Lur' babestu ditu, besteak beste.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Andoni Mutiloa: « 'Beyoncé izan nahi duen baserritarra' esalditik sortu nuen kabareta»

Andoni Mutiloa: « 'Beyoncé izan nahi duen baserritarra' esalditik sortu nuen kabareta»