Alaia Martin nagusitu da Getxoko saioan
Oiartzuarrak Elizondoko finalaurrekorako txartela bereganatu du, eta Nerea Elustondo eta Agin Laburu izan dira hurrenez hurren bigarren eta hirugarren
dv
Sábado, 24 de septiembre 2022, 20:26
Azken orduan bildu zen Txapelketa Nagusiko lehen saiora Alaia Martin, aurreikusita zegoen Eneko Lazkozen ordez. Hala ere, astebeteko aurrerapenak ez dio batere kalterik egin –urriaren 1ean zen hastekoa, Gotaine-Irabarnek– alde handiz nagusitu baita larunbat honetan Getxon egindako saioan, bigarren sailkatu den Nerea Elustondok baino 43 puntu gehiago lortuta. Imanol Artola Arretxe 'Felix' aritu da aurkezle lanetan.
Publicidad
Ez da tarte txikia, kontuan hartuta gainerako bertsolari guztien arteko aldea, bigarrenetik seigarrenera alegia, 68 puntukoa izan dela. Horrenbestez, Elizondon urriaren 22an jokatuko den finalaurrekoen lehen itzuliko saioko taldea hasi da osatzen. Alaia Martin, alegia, zuzenean sailkatuta zegoen Unai Agirreri batuko zaio, eta hirugarren bertsolaria Arrasateko irabazlea izango da. Gainerakoak puntuazioaren arabera erabakiko dira.
Oiartzuarraren ondotik, Nerea Elustondo legazpiarra sailkatu zen bigarren postuan, eta Agin Laburu artigarragatarra izan zen hirugarren. Laugarren postuan sailkatutako Oihana Bartra bizkaitarra bezala, eskarmentu handiko bertsolariak dira denak, 80ko hamarkadan jaioak. Unai Mendizabal (Zizurkil, 1992) eta Peru Abarrategi (Aramaio, 1997) Arabako txapeldunarentzat berriz, aurreneko Txapelketa Nagusia da.
Igandean, Arrasaten
Gipuzkoa bertso-gose zela erakutsi du igande honetan, 17:00etatik aurrera, Arrasateko Amaia Antzokian jokatuko den bigarren saioak, aretoa handia izan arren –750tik gora eserleku ditu– agortu egin baitira internet bidez eros zitezkeen sarrerak. 15:00etatik aurrera txartel-lehiatilan izango dira salgai, nahiz eta ez duten zehaztu kopurua.
Arrasateko saioak nafar ukitu nabarmena du, Nafarroatik baitatoz bertsolarien erdiak. Arrasaten hasiko du bere aurreneko Txapelketa Nagusiko bidea, esaterako, Nafarroako txapeldun Saioa Alkaizak, 1991ean jaiotako iruindarrak. Gazteagoa da Joanes Illarregi leitzarra, 1999koa, Nafarroako Txapelketan ederki ibili zena. Hirugarren bertsolari nafarra Xabier Silveira da, zazpi bider –azkenekoa, 2013an– Nafarroako txapela jantzitako lesakarra. 1976an jaioa, beteranoen artean dago Silveira, eta oraingo hau du bosgarren Txapelketa Nagusia.
Publicidad
Bi bizkaitarrek eta gipuzkoar bakar batek osatzen dute Arrasateko seikotea. Eskarmentudunak dira Iñaki Apalategi, 1982an Beasainen jaioa, eta Miren Amuriza, 1990eko berriztarra, aurtengoa hirugarren eta laugarren Txapelketa Nagusia baitute, hurrenez hurren. Aurrenekoa da, berriz, 2000. urtean Durangon jaiotako Gorka Pagonabarragarentzat.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión