Borrar
Gendea tente, bertso txapelketaren finalerdiko saioan. DV

Agin Laburuk eskuratu du Ilunbeko lehen eserlekua Arrasaten

Saio apala baina ederra izan zen atzo jokatutako bertso txapelketaren lehenengo finalerdia

BIANDITZ IRAOLA

ARRASATE.

Astelehena, 18 azaroa 2019, 11:57

Comenta

Agin Laburuk irabazi du Arrasaten jokatu den lehenengo finalerdia, eta beraz Ilunbeko finalera sailkatu den lehena izango da. Saio apala baina ederra izan zen, bere gora-beherekin. Fase honetan hamarreko nagusiarekin hasi behar dute bertsolariek, eta lan horretan bikain aritu ziren Eñaut Martikorena eta Nerea Elustondo. Parrandan zebiltzala neska bat deseroso somatua zuten, euren lagun batek ipurdia ukitu ziolako. Egoeraz jabetu arren, eurenean jarraitu dute. Gai bihurria inondik inora, indiferentzian kokatu baitzituen gaiak, baina atera zioten zukurik. Martikorena hasi zen: «Astebururo parrandaren bat ta gu kuadrilan atera / ibiltzen gera kotxeak hartuz herri batetik bestera / hainbestekoik ez baina leheno're sarri bili antzera / gaur hain nabarmen izan da baina guztiok ixilik gera / guk ez deu egin baina halare honen konplizeak gera». Elustondok ildo beretik jarraitu zion: «Laguna da ta ezin zikindu degu gure imagina / elkar babestu nahia delako guk hartzen degun dotrina / baina halare ni sentitzen naiz koldarra bezain zikina / norbaitek neri egingo balit guk egin degun berdina / hura gorroto izango nuke egin duena adina».

Zortziko txikiak bizitasuna ekarri zuen, askotan ohi den moduan. Baita umorea ere. Agin Laburu tatuatzaile lanetan aritu zen, Unai Mendizabal adinekoaren zimurrak disimulatu nahian: «Moderniza-tzaea da zuen erritua / ta azala nahi dezu zaharberritua / mapa egingo dizut neurri neurrikua / reliebe ta guzti Euskal Herrikua». «Baba karakola nun azalen pasatu / gero oilo zirina epela probatu / orain mapa ipurdi gainian pintatu / aurreko beste ezerk ez dit funtzionatu» eran-tzun zion Mendizabalek. Laburuk berriz ekin zion: «Hala ere laguna orain nago dudan / Euskal Herrian mapa jarrizkero mugan / ertz gehiegi ez baidet gaur ikusten zugan / zuk esan Txindoki non jarriko dizudan». Elurra bezain zuri zituela, eta titietan jartzeko eskatu zion Mendizabalek, eta tatuatzaileak, behin mendia jarrita, itsasoa non kokatu zezakeen ikusi zuen: «Batean Txindoki ta bestean Donosti / hemen itsaso eder bat jarri behar noski / tripan ez litzaizuke geldituko gaizki / izango bailitzake olatu ta guzti».

Nerea Elustondo eta Unai Gaztelumendi, aldiz, tabernari eta banatzaile lanetan jarri zituen gai jartzaileak. Normalean taberna azpiko sotoan uzten zizkion edariak, baina oraingoan barra ertzean. Segituan etorri zen tabernariaren kexa, ea mailaz igo ote zuten galdezka. Banatzailearen erantzuna hauxe: «Nere kargu igoera lunbagoarena / ia ezin zutik jarri horixe da pena / aiba hor bi faktura horixe da dena / hau nerea eta hau fisioarena». Hitz joko politarekin erantzun zion legazpiarrak: «Bi faktura ekarri nolako trantzea / horri esaten zaio azala jartzea / lunbagon soluzioa da baja hartzea / eta hartu ezean denak bajatzea». Kexan jarraitu zuen, ezinean zebilela banatzaileak, baina ez zuen tabernaria gupitu: «Nir'e hala naiz baina zu're zabiltz terko / lehen ere badira zerroren antzeko / hori da abildadea aitzaki jartzeko / total bi ardo botila triste ekartzeko». Añorgarrak, hurrengorako, ez soto eta ez barra: «Berdin dio zerbeza edo ardo botila / ni lan honek uzten nau eta erdi hila / hurrengo asterako soluzio ixila / bozina joko dizut ta etorri bila».

Seiko motza apalagoa izan zen, baina izan zuen bizitasunik ere. Unai Mendizabal eta Iñaki Apalategi koadrilan bikoterik ez zuten bakarrak ziren. Hori horrela, elkarrekin bizitzea proposatu zion Apalategik Mendizabali. «Nahi dezu pareja itxi / lehentasunetan lehenbizi / bi lagunengan sortu liteke horrenbeste krisi / ta hobe hoi aldera utzi / ta pentsatzera iritsi / hobea dela gure aitta ta amarekin bizi» erantzun zion koadrilakoak. Beasaindarrak gurasoek ateak irekita izango zituztela bota zion: «Aita ta amaren epela / maite duzu ta horrela / mende erdia pasa liteke ez izan ergela / nahi duzu haien koktela / nik pentsatzen det bestela / ta aita ta ama nahi dutenean etor daitezela». Mendizabalek ezezkoan jarraitzen zuen, ordea; bakoitza bere aldetik, beraz: «Haseran zinen ohorea / lagun fina dotorea / hitz egin ahala itxura txartzen joan zera ordea / iragarkian legea / beteta nere parea / ea azaltzen zaidan baten bat zu baino hobea».

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Agin Laburuk eskuratu du Ilunbeko lehen eserlekua Arrasaten

Agin Laburuk eskuratu du Ilunbeko lehen eserlekua Arrasaten