354.000 euroko deialdia kultur sormena bultzatzeko
Interesa duten sortzaileek urtarrilaren 29tik aurrera hilabeteko epea izango dute beren proiektuak aurkezteko
dv
Asteazkena, 19 urtarrila 2022, 17:08
Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak 2022ko kultur arloko sorkuntza lanetarako dirulaguntzen deialdia onartu du astearte honetan. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren helburua sorkuntza sektorea finkatzen laguntzea da, eta 354.000 euro bideratuko ditu deialdi honetara.
Honela, sei modalitate lagunduko dira diruz: testu originalak sortzera 52.000 euro, eta zortzi laguntza antzerkirako, bakoitza 6.500 eurokoa Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak jakinarazi duenez. Horretaz gain, zinemarako fikzio zein animaziozko euskarazko zein gaztelaniazko gidoiak sustatzeko 104.000 euro erabiliko dira eta 13.000 euroko beste zortzi laguntza euskaraz idatzitako lau gidoi eta gaztelaniaz idatzitako beste lau bultzatzeko.
Halaber, partitura baten edo pentagraman edo, musika elektroakustikoaren kasuan, kronograman edo interpretazio planean irudikatutako musika konposizio originalen sormena bultzatuko da. Guztira 64.000 eurorekin diruz lagunduko dira bakarlari edo bikoterako lanak, hirukote, laukote edo a capella abesbatzetarako lanak, ganbera taldeetarako lanak edo orkestra sinfonikorako lanak.
Gainera, 40.000 euro erabiliko dira 12 eta 18 urte arteko gazteei zuzendutako eta euskaraz idatzitako literatur testuak sustatzeko. Testuak gutxienez 100.000 karakterekoak izan beharko dira, eta guztira 8.000 euroko bost laguntza emango dira.
Euskarazko ipuin eta nobela motzak ere lagunduko dira. Horrela, gutxienez 100.000 karaktereko euskarazko literatur testuen (ipuinen zein nobela motzen) sormena sustatzera 40.000 euro bideratuko dira, eta 8.000na euroko bost laguntza emango dira. Azkenik, dantza profesionalaren arloko sorkuntza proiektuei laguntzeko 9.000na euroko sei laguntza emango dira.
Modalitate guztietan emakume sortzaileen eta sortzaile gazteen lanen hautaketa bat diruz laguntzea bermatuko da. Interesa duten sortzaileek urtarrilaren 29tik aurrera hilabeteko epea izango dute beren proiektuak aurkezteko. Ondoren, modalitate bakoitzeko sortuko den balorazio batzorde banak aztertu eta ebaluatuko ditu aurkeztutako lanak.