Jon Maia Soria: «Asko biluztu naiz liburuan. Inprimategia gelditzeko gogoa ematen zidan»
'Berriak jaio ginen' liburuan, berak ezagututako bertsolaritzaren kronika egin du, gogoetak eta aitorpenak erantsiz
FELIX IBARGUTXI
Sábado, 10 de junio 2017, 10:19
Ostegunean aurkeztu zuen liburua. Aldamenean Andoni Egaña zeukan -editore lana egin duena- eta Unai Iturriaga, marrazki batzuk eta zenbait argazki-collage erantsi dituena, umore handiz.
Publicidad
-Liburuaren aurkezpena taberna batean egin duzu.
-Ez da kasualitatea. Liburura egunkariko aspaldiko artikulu baten fotokopia ekarri dut. Hau izenburua: «Bertsolari gazteek taberna eta gaztetxeetan jardun behar lukete». Igor Elortza eta biok Iruñeko UEUko ikastaroetan egin genuen hitzaldi baten kronikaren izenburua, alegia. Orain hain normala den hori, tabernetan bertsotan egitea, garai batean ez zen. Rekalde taberna honetan urte askotan kantatu dut, eta gainera Agusen ama [tabernako nagusiaz ari da, Agus Rodríguez Burguete] ezagutu nuen. Bera Chipionatik, Rocío Juradoren herritik, etorri zen Zumaiara eta euskaraz egiten zuen. Leku berezia da Rekalde hau.
-Andoni Egaña izan duzu editore.
-Haserre xamar nago, txiste txar asko zentsuratu dizkidalako. Listoago ematen dut liburuan. Serio esanda, Andonik filtro-lana egin dit, perspektiba historiko handia daukalako.
-Igor Elortzak egin dizu hitzaurrea, eta Unai Iturriagak marrazkiak eta argazki-collage batzuk.
-Bertsokide ez ezik, lagunak ere bagara. Liburuari beste maila bat eman diote. Unairen ilustrazioek asko saneatu dute liburua. Bi pertsonaia sortu ditu: ni orain dela hogei urte eta ni gaur egun. Neure buruaz barre egitea utzi diot. Umore horrek asko saneatzen du liburua. Nagusiki atzera begira egindako liburua da, baina ekarpen bat egin nahi izan dut. Nahi nuen bertsolaritzaren historiaren apaletan horrelako liburu bat egon zedin.
-Genero ezberdinak ukitzen dituen liburua da.
-Bai, kronika da, hausnarketa, autobiografia, poesia, ilustrazioak, argazki-collage ederrak... Gure garaiarekin koherentea da, estiloz eta izatez. Asko biluztu naizen liburua da, nik behintzat hala sentitzen dut. Lehengo astea oso txarra pasa dut, inprimategia gelditzeko gogoa ematen zidan. Herenegun, azkenean, ausartu nintzen liburua pixka bat zabaltzera, eta jadanik lasaitu naiz. Liburu ausarta, serioa eta irreberentea da aldi berean. Bi erreferente izan ditut. Gustatzen zait John Bergerren saiakera-liburuak irakurtzea, eta berak asko egin izan du ni hemen saiatu naizena: argazkilari batzuen lanak, kronika eta literatura nahasten zituzten liburuak dira, adibidez, 'Un séptimo hombre' eta 'Un hombre afortunado'. Eta beste erreferentea Niño de Elche izan dut, eta bere 'No comparto los postres' liburua.
Publicidad
-Eta izenburua, berriz, 'Berriak jaio ginen'.
-Hor hitz-joko bat edo adiera-joko bat planteatzen dut. Batetik, da Xenpelarri emandako erantzuna, esanez bai, jaio garela berriak. Eta, bestetik, berriak jaio gara; gutako asko tradiziorik gabe iritsi gara bertsogintzara. Nola iristen gara? Bertso-eskolaren atetik pasata. Bertso-eskolak demokratizatu egiten du bertsolaritza, edozein izan daiteke bertsolari, Xabier Amurizak bere liburu erreferentzialean esaten duen bezala.
-Zumaiako bertso eskolako sortzaileari, Joanito Dorronsorori, eskerrak emanez bukatzen duzu liburua.
-Eskertu beharreko jendea da. Manuel Mari Garate ere gogoan dut. Hainbat lagunek egin zuten lan eskolak sortzeko. Orain BECen ikusten dugun argazki horren sortzaileak beraiek dira. Nire kasua nahiko muturrekoa da, egia esan. Nola da posible extremeña eta zamorano baten semea 1997ko Euskal Herriko Txapelketa Nagusiko finalean kantatzera iristea? Ez da autobiografia bat. Identitateari, bertsolaritzari eta garai bati buruzko kronika edo erretratu pertsonal bat da. Helburuetako bat da gazteei esatea gu nola iritsi garen bertsolaritza honetara.
Publicidad
-Liburuan biluztu egin zarela diozu. Horrek beldurra emango zizun, noski.
-Nik erraz hitz egiten dut nire barruko kontuez. Baina jende normala ez da horrelakoa, eta beti sartzen zait bertigoa, ez ote naizen pasatu.
-'Bertigo' hitza asko agertzen da liburuan.
-Uste dut pertsona ausarta naizela, gauza asko egin ditudala aurreneko aldiz jende askoren aurrean, lehenbizi etxean esperimentua gaseosarekin egin gabe. Kontzertu batean musikari batzuekin jardun nintzen aurretik musikaz ezer jakin gabe; dokumental bat egin nuen aurretik sekula gidoirik idatzi gabe... Estimuluak behar ditut, nahiko alferra naizelako. Egiten dudana ez dut egiten ni errekreatzeagatik, egiten dut ekarpen bat delakoan gu bizi garen gizarte honentzat. Hori da beti nire motibazioa.
Publicidad
-Baina lehengora bueltatuz: bertigoa sentitu omen duzu askotan.
-Bertsotan hasi nintzenean, gaztelaniaz pentsatzen nuen oraindik, baina ausartu nintzen. 'Gazta zati bat' dokumentala egin nuenean, erabakitzeko eskubidearen alde, orduan ez zen hemen hitz egiten horretaz, eta bertigoa sentitu nuen, bai. Enpatiazko lehenengo diskurtsoa egin nuenean ere bai, eta gero asko egin ditut.
-Errenteriako hitzaldi hartaz ari zara, ezta?
-Bai, politikoki eta kulturalki barrikadaren beste aldean dagoen jendea ere bazegoen han. Karpa batean izan zen, 300 lagun zeuden, alderdi guztietakoak, PPtik hasita ezker abertzaleraino. Nire kezka zen: zer diskurtso egin, nire posiziotik irtenda eta nire printzipioak traizionatu gabe?
Publicidad
-1997ko finaleko despedidako bertsoan kantatu zenuen bertso ezagun hira, «abuelo» eta «abuela»-ri buruzkoa.
-Txapelketa hura prestatzen ari nintzela, Bertol Brechten poema-gogoeta bat irakurri nuen. Bertan hau esaten zuen, gutxi gorabehera: bere gogoaren kontra maite duen guztia -etxea, lurra...- utzi behar duen pertsona ez dela bakarrik emigrante bat, desterratu bat ere badela. Egia da!, esan nuen nere artean. Ni logika horrekin sekula pentsatu gabea nintzen. Orduan hasi nintzen buelta ematen, eta lotsa galtzen guraso erdaldunak edukitzeagatik. Txapelketako finalera iritsia nintzelarik, pentsatu nuen ez zegoela toki hoberik nire familiari aitorpen hori egiteko.
-Sortzaile gisa izan dituzun krisialdiak ere aipatu omen dituzu liburuan.
-Krisi desberdinak aipatzen ditut. Adibidez, txapelketa batean lehenengo kanporaketan kanporatua izan nintzelako. Haserretu egin nintzen, uste nuen nire bertsokera ez zela ulertzen. Planteatu nion neure buruari bertsolaritza uztea. Ez nuen disfrutatzen, kantatu baino lehen bi eta hiru aldiz joaten nintzen komunera botatzera. Osatu gabe neukan nortasuna, gehienok pasatu gara horrelako egoeretatik.Kontatu dudana beharbada mesede egingo dio gazteren bati, ikusita ez dagoela bakarrik basamortu horretan.
Noticia Patrocinada
BERRIAK JAIO GINEN
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión