Aurkezpenean, Maia, Ibarburu, Azkarate, Egaña eta Mendiguren.

Bertso derbia bikoitza izango da aurten

Ostiral iluntzean izango da saio nagusia Antzoki Zaharrean, eta igande goizean ere ariko dira bertsolariak, Anoetan bertan

felix ibargutxi

Lunes, 6 de marzo 2017, 17:17

Laster da Real Sociedad eta Athleticen arteko derbia, igandean, eta harekin batera bertso derbia. Bederatzigarrena izango den bertso derbi hau bi aldaketa nabarmenekin dator gainera: Antzoki Zaharrean egingo den ohiko bertso saioaz gain, futbol partida hasi baino lehentxeago beste bat egingo da zelaitik gertu, 8 zenbakia daraman atearen ondoan. Eta bigarren aldaketa: aurkezle lanak Mikel Labakak egingo ditu, Real Sociedadeko hirugarren entrenatzaileak.

Publicidad

Ostiral honetan, martxoak 10, jokatuko da bertso derbiaren lehenbiziko partea, Donostiako Antzoki Zaharrean arratsaldeko 7etan hasita. Sarrera dohainik da, ohiko moduan. Donostia Kulturaren bidez eskura daiteke, eta Anoetako txarteldegian eta Real Sociedadek Txurruka kalean daukan dendan. Esan bezala, igandean bertan, 11:00etan hasita hogei bat minutuko beste saio bat egingo da Anoetako zortzigarren atearen inguruan, han talde bisitariaren zale asko izan ohi delako.

Realaren alde bertsolari hauek jardungo dute: Andoni Egaña, Amets Arzallus eta Maddalen Arzallus. Athleticen alde, berriz, Igor Elortza, Arrate Illaro eta Jon Maia. Egañaren kasua oso deigarria da: hau zortzigarren aldia izango du parte hartzen duena bertsolari moduan, eta faltatu zen aldi hartan aurkezle gisa aritu zen. Beraz, beti izan du nolabaiteko partaidetza.

Jon Maia, Urretxun jaio eta ia bizi guztia Zumaian eman badu ere, athleticzalea da eta hau laugarren derbia izango du.

Bertso derbia kirola eta kultura uztartzeko ekimena da. Antolatzaileak Real Sociedad Fundazioa eta Athletic Fundazioa dira. «Urtean zehar bi fundaziook euskararen normaltasunaren alde egiten duten lanaren adierazgarri ere bada», irakur daiteke aurtengo esku-orrian. Orain dela bost urte jarri zen abian ekimena, eta Athletic Fundazioari aitortu behar zaio lehenengo pausoa eman izanaren meritua.

Bi fundaziook laguntzaile bat dute, Donostia Kultura, eta Usandizaga Institutuan diseinua ikasten ari diren ikasleak arduratu ohi dira kartela egiteaz. Aurten, 'Bihotzean' da karteleko hitza, eta elektrokardiograma baten arrastoa ikus daiteke azpian. Koloreak, betikoak: zuria, urdina eta gorria. Oso kartel minimalista da.

Publicidad

Aurkezpenean, Miren Azkarate Kultura zinegotziak gogorarazi zuen gaur egun Real Sociedad eta Athleticen artekoak ez direla Lehen Dibisioko euskal derbi bakarrak, eta beharbada pentsatu beharko litzatekeela Eibarrek Donostian jokatzen duenean ere beste bertso derbi bat antolatzea ez ote duen merezi.

Joseba Ibarburu Real Sociedad Fundazioko ordezkariak gaineratu zuen euskal taldeen arteko derbiak hogei izango direla aurten, «baina jendeari galdetu ezkero zein den euskal derbia, askok esango dute Realaren eta Athleticen artekoa dela».

Publicidad

Aurkezle-lanak egingo dituen Mikel Labakari dagokionez, gogoratu behar da 2011n utzi ziola Realeko jokalari izateari, eta gero Rayo Vallecanon jardun zuela. Ondoren entrenatzaile hasi zen, lehenbizi Real Sociedad B-n bigarren entrenatzaile moduan (denboraldi eta erdi) eta 2016-17an Donostiako lehen ekipoan, hirugarren entrenatzaile gisa.

Ritxi Mendigurenek, Athletic Fundazioko ordezkariak, umorez hartu zuen Labakaren izendapena: «Entrenamendu gehiago egin beharko dugu, arbitroa haien alde egongo da eta».

Jon Maiak bertso hau kantatu zuen aurkezpenekoan: «Nahiz kanpoan jokatu guztiok etxean / ezin ditugu hartu talde bi hotzean / zelaian aurka baina denak bihotzean / erakutsi dezagun azken emaitzean / herri bat dagoela derbi bakoitzean».

Publicidad

Eta Andoni Egañak: «Ostiral iluntze eta igande eguerdian /norbere koloreak bihotzen erdian /nola bertsotan beti bi bihotz behar diran / halaxe gertatzen da zelaian derbian / beti elkarren kontra, elkarren premian».

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad