1987ko argazkian, Jesus Alberdi 'Egileor', Joxe Agirre 'Oranda', Jon Azpillaga, Imanol Murua orduko diputatu nagusia eta Azpillagaren emaztea, Maritxu Arrizabala.

Jon Azpillaga, bertsolari eta plazagizon

Ostiral honetan egingo diote azken agurra Mutrikun 81 urterekin hil den bertsolariari

rufino iraola

Jueves, 2 de febrero 2017, 17:47

Berrogeita hamazazpi urte dira aurten, beteta edo betetzeke, Jon Azpillaga bertsolaria ezagutu nuela, argazkitan, prentsa eta bertsotan; pertsonalki ezagutu nuenerako beste hiruzpalau urte gehiago igaro ziren. Oker ez banago, San Luis Gonzagakoaren ospakizun-festan. Dena den, ez da erraza zehaztea zein ospakizun zela medio etorri izan zen gurera, hainbat aldiz etorri baitzen! Berak esan zuenez, urte berean sei aldiz etorria dago. Gehienetan Jon Lopategi izan ohi zuen kantu-lagun. 'Bizkaitarrak' deiturarekin ibili ziren denbora askoan. Horrez gain, Azpillaga 'Okelar' lagun zuela ere etorri zen behin edo beste gure herrira eta Patxi Iraolarekin ere dezentetan kantatu zuen. Izenburuan esan dugun bezala, bertsolaria zen, bertsotan etenik gabe jarduteko gupidarik gabekoa, eta plazagizona, zenbat eta jende gehiago egon aurrean orduan eta errazago kantatzen zuena.

Publicidad

Nongoa da Azpillaga? Berari utziko diogu esan dezan. Hau esaten du bertso batean: «Mutrikuarra naiz esan behar Mutrikun bizi naiz eta». Hurrengo bertsoan, berriz, beste hau dio: «San Pedrokua daukat karneta, San Pedron jaio nintzan da». Baina bere biografiaren oinarrizko datu inportanteenak bertso honetan ematen ditu. Datu biografikoak eta pentsaera, dena laburbiltzen du:

Pasai San Pedron jaio nintzen ni

hogeita hamabostian;

aita gerrara eraman zuten

irabazteko ustian,

gero umezurtz bizi izan naiz

neure bizitza guztian...

Euskal Herria salbatzen bada

konforme honenbestian!

Beraz, beti, inolako salbuespenik gabe, bizkaitartzat jo badugu ere, jaio behintzat Gipuzkoan jaio zen, eta bizi ere urte askoan bizi izan da Gipuzkoan; konkretuki, Mutrikun. Ordea erroak eman eta gizondu Berriatuan. Horra, bada, Jon Azpillaga Urrutiaren jatorri hirukoitza. Apur bat zehazte aldera, oraindik zerbait gehiago erants dezakegu. 1935eko azaroan, 'gerraren bezperan', jaio zen Jon. Gurasoak bizkaitarrak zituen: aita ondarrutarra eta ama Berriatukoa. Pasaiako portuan egiten zuen lan aitak; hortaz, argi dago zergatik jaio zen Pasaian. Baina hamasei hilabete zituela, aita, Itsasalde batailoiko gudaria, gerrara joan zenean, ama-semeak Berriatura itzuli ziren. Gero, tamalez, aita hil egin zen, emaztea bi semerekin utzita: bata besoan eta bestea sabelean; aita hil eta handik hiru hilabetera jaio zen Jon Azpillagaren anaia.

Bertsolariak gauza asko behar ditu, eta Azpillagak berekin izan ditu horietako asko, baina izan duen ahots bikainak ez dio gutxien lagundu Jon bertsolaria eta plazagizonari. Ez dezagun ahaztu Ondarruko orfeoiko tenorea izan zela urtebetez.

Gazterik hasi zen bertsotan. Gogoratu 1960an, Basarrik irabazi zuenean, hirugarren egin zuela Azpillagak, 25 urterekin. Geroztik ere final askotan hartu du parte, emaitza apalxeagoak izan baditu ere. Baina herri bertsolari peto-petoa izan da Azpillaga, lagunartekoa eta noranahira joanda ere beti atsegina eta umorekoa. Hamalau urterako hasi zen Santa Ageda eskean, eta Amoroton kantatu zuen lehenengo aldiz, Mugartegi lagun zuela. Bizkaiko txapeldun atera zen 1961ean eta 1959, 1960 eta 1962an, berriz, txapeldunorde.

Publicidad

Umea zela, Basarri eta Uztapide ikusi eta entzungo ditu Berriatuko plazan, eta gustatu! Horrez gain, buruz bertsoak ikasten ere aparta izan behar zuen: Otaño, Xenpelar eta abarrenak.

Abertzale-ikuspegia beti presente eduki izan du bertsotan. Frankismo garaiko tandem famatua osatu zuten berak eta Lopategik. Trantsizio aurreko urteak. 1970etik 1980ra bitartekoak hartuko lituzke, gutxi gorabehera, bi bertsolarion jardun-modu berezi horrek. Urte asko eman ditu Azpillagak 150 plazatik gora eginez. Bada zerbait! Kantatzea debekatuta ere egon ziren Lopategi eta biak.

Ez da bertso konplikatua Azpillagarena, baina bai segurua eta lagunari bidea irekitzen diona. «Hasi, Azpillaga» esaldia esamolde bihurtu bada, horrek badu bere arrazoia. Saioari gehienetan berak ematen zion hasiera. Maritxu Arrizabalarekin ezkondu eta seme-alaba biren guraso da. Ezkonduz geroztik Mutrikun bizi da.

Publicidad

Politika esan dugu, baina bazituen bestelakoak. Hona mostra bat. Arregi du oraingoan bertso-lagun edo etsai. «Azpillaga erlea da, Arregi, aldiz, lorea» Azpillagaren bertso bat gogoratuko dugu:

Lora politez horni ditezke

leihoa eta jardina,

badira hainbat arrosa mota,

lirio ta krabelina;

nik zuregandik ateratzen det

ezti goxo eta fina,

gero gizonak harrapatzen dit

nik kostatuta egina.

Bazuen bertute aparta lagunak egiteko, eta, behin lagun eginez gero, zaila zen lagun izaten ez jarraitzea. Horixe gogoratzen digu Segurako Insaustiren bertso honek, Donostian kantatua Azpillagaren omenaldi egunean:

Publicidad

Azpillaga ezagutu

nuan zorionez,

berarekin soldadu

Burgosen egonez;

gutxitan alkartu naiz

inun lagun hobez,

bertsolari aparta

ahotsik gozonez

ta jotarrenan pare

jotzen det gizonez.

'Herri otoitza' deituriko hau ere Azpillagarena dugu. Honexekin amaituko dugu:

Jainko haundia entzun egizu

bertsoaren erregua,

langileari lana emaiozu

ta lantoki segurua;

gerralariei emaiezue

armak uzteko gogua,

gaixo danari itxaropena

ta hiltzen danari zerua.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad