«Garai batean, eskuinean bazeuden euskaltzaleak. Orain, zoritxarrez, ez»
Iaz hilzorian egon zen. Osatu eta lasai bizi da, bilobak zainduz. Ez da Euskaltzaindiko bileretara azaltzen
Félix Ibargutxi
Sábado, 30 de julio 2016, 12:08
Iazko irailean ezusteko albiste tristea jaso zuen euskaltzale jendeak: Jose Luis Lizundia euskaltzaina ospitalera eramana zen eta oso pattal zegoen, hiltzeko arriskuan. Gaixoaldi luzea izan zuen, bost hilabetekoa, hasieran pankreako gaitza zena konplikatu egin zen eta azkenean buruan ere ebakuntza egin behar izan zioten. Bere herrian, Durangon, izan gara berarekin.
Zer moduz, Jose Luis?
Ondo, bizirik gaude eta. Belar txarra ez da hiltzen. Larri ibili naiz hi-tzordu honetara etortzeko. Aitona-amonen arazoa, badakizu, umeak zaindu beharra.
Zenbat biloba dituzu?
Bi.
Orain zertan ari zara?
Gauza handirik ez dut egiten. Jubilatu nintzen eta, Euskaltzaindian ere euskaltzain emeritu izendatu ninduten 75 urte egindakoan, orain dela hiru urte. Baina begiratzen diot gizarteari, adi egoten naiz politika eta gizarte-kontuei, eta batez ere kulturako gauzei.
Eta zer ikusten duzu?
Kultura esaten dudanean, batez ere euskara esan nahi dut. Uste dut euskaltzale hitza lehenago sortua dela abertzale hitza baino. Euskaltzale kontzeptua zabalago eta hobeagoa da. Ez dauka zentzu partidistarik. Garai batean, eskuinean bazeuden euskaltzaleak, hala nola Julio Urkijo, Arrue, Lojendio. Orain horrelakorik ez dago, zoritxarrez. Eta ezker estatalistan ere, nolabait esateko, ez dago Toribio Etxeberria bat. Hori ez da ona Euskal Herriarentzat, zeren Euskal Herria, ezer baldin bada, euskararen herria da. Geroztik sortu zuen Sabino Aranak Euskadi hitz berria. Oroitzen naiz behin irakurri nuena: Arturo Kanpionek esan omen zuen: zein da gizon hau, ausartzen dena herri honi izen berria ipintzen? Gogoratzen naiz baita ere Villasantek nola esan zuen gu euskaldunok beti ibili garela politikan, literaturan eta abar apurketaz apurketa, erreformaz erreforma ibili beharrean.
Adanismoarekin jokatu izan dugula, lehengoa arbuiatuz, alegia.
Bai, beti gauza berriak asmatzen. Villasantek hori adierazi zuen bere Historia de la literatura vasca-n.
Iazko azaroan Durangoko Azokaren historia publikatu zuen Gerediaga elkarteak liburu batean. Zu orduan ospitalean zinen, baina harrezkero liburua ikusiko zenuen. esan beharrik ez dago: zu Gerediaga elkartearen sortzailea zara, eta Azokarena. Guztia kontatu al du liburu horrek? Beharbada zuk izango duzu zeozer gaineratzeko, pasadizoren bat...
Badago kazetari bat, Durangokoa, Iban Gorriti. Egin zidan elkarrizketa eta hari kontatutako pasadizoa kontatuko dizut zuri ere. 1964an sortu zuen Francoren erregimenak elkarteen legea. Fragaren garaian zen, aperturista, orduan esaten zen moduan. Ba, lege horretaz baliaturik, Gerediaga elkartea sortzeko, bilera egin genuen 1965eko urtarrilaren 22an, nire etxean, Abadiñon, eta hain zuzen ere egun horretan egin genuen gure asmoa estalita gelditu zedin, agintariak ohar ez zitezen zertan ari ginen; izan ere, San Bizente eguna da urtarrilaren 22a, eta ni bizi nintzen Astola auzoko festak ziren.
Orduan hartu zenuten Gerediaga sortzeko erabakia, eta handik aurrera tramite eta buelta franko, ala?
Joan ginen Gobernu Zibilera Leopoldo Zugaza eta biok, eta gogoratzen naiz funtzionario batek nola esan zigun: «Oigan ustedes, la Merindad de Durango no existe». Extremadurako bati ere esan zion: «Extremadura no existe, ponga los nombres de las provincias: Cáceres y Badajoz». Guri, berriz, esan zigun ipintzeko herrien izenak, eta halaxe egin genuen, hamabi herrien izenak ipini. Azkenean ekainaren 5ean sortu genuen elkartea hamaika lagunek. Lehen esan didazu atzo Loiolan izan zinen erreportajea egiteko. Badakizu Gerediagaren fundatzaileetako jesuita dela eta han dagoela, Loiolan? Koldo Altzibar. Bera azaltzen da lehenbiziko tokian fundatzaileen zerrendan, ordena alfabetikoan egin genuen eta. Artean ez zen jesuita, fundizio batean ari zen lanean, bulegoan.
Gerediaga sortu eta handik gutxira Azoka antolatu zenuten.
Lehenengo ekintza ez zen hori izan. Lehenengoa pintura-erakusketa izan zen, herriz herri eraman genuena. Azoka boom bat izan zen. Gogoratzen naiz Bergarako bat nola etorri zitzaidan harrituta: «Ene, Diputazioek hain gutxi editatu al dute?». Orduan zegoena zegoen.
Gerediaga ez zen Azoka antolatzera mugatu.
Ez, ez! Juan San Martin eibartarra zen, baina bazkidea genuen. Ama Abadiñokoa zuen, gainera. Ermuko jardunaldiak egin zirenean, euskal idazleak batu eta Arantzazuko 68ko biltzarra prestatzeko, berak aukeratu zuen herria, Gipuzkoa salbuespen-legearen azpian baitzegoen. Gu izan ginen Ermuko bilkura haren antolatzaile: San Martin eta biok, eta hilda dagoen beste gizon bat, Agustin Aranberria, Mutrikun jaio, baina Ermuan bizi zena.
Euskaltzain emeritua zaitugu. Azaltzen al zara Akademiara?
Oso gutxi. Euskaltzain oso gara, baina ezin dugu botoa delegatu. Bilkurara azalduz gero botoa eman dezakegu, bestela ez. Bileretara ez naiz joaten, normalean, ibiltzeko arazoak ditut eta.
Pentsatu al duzu inoiz oroitzapenak idaztea?
Noizbait egin beharko nuke, baina zaila da. Ez ditut materialak ordenatu, eta ibili naiz hainbeste saltsatan: politikan, kulturan, herrigintzan...
Ari al zara bestela artikulurik edo ikerketatxorik idazten?
Gutxi idazten dut. Inoiz, Anboto eskualdeko aldizkarirako zerbait. Lehen, joaten nintzen kongresuetara, bereziki onomastika eta toponimiari buruzkoetara, eta horrelakoetan zerbait prestatzen nuen.
Horretaz asko dakizu. Esadazu bitxitasunen bat.
Uste dut bi izen direla bakarrik, Euskal Herrian, gentiliziotik sortuak, eta ez alderantziz: bata Gipuzkoa, bestea Aezkoa. Gipuzkoakoak giputzak dira, nahiz eta orain gipuzkoarrak ere esaten den; eta Aezkoakoak ez dira aezkoarrak, aetzak baizik.
Beraz, Gipuzkoa hitza giputza-tik dator?
Bai, eta giputza da gipuzkeraz hitz egiten duena. Geroago osatu ziren probintziak. Hasieran, Durangaldea ez zen Bizkaia, eta ezta Enkarterriak ere; eta Aiara ere ez zen Araba. Arabako Txakolina ipini zioten izena, baina hori txarto asmatua dago, zeren txakolina Aiaran egiten zen, eta aspalditik dago dokumentatua, Getariako txakolina eta Bizkaikoa baino lehenago. Txakolina Kantauriko gauza da. Castro Urdialesen ere egiten zen.
Onomastikarekin jarraituz, zer diozu zeure deituraz?
Jatorriz Elgoibarkoa da. Han badaude baserri batzuk Lizundia izenekoak. Ez dezagun ahaztu: euskal abizen gehienak oikonimoak dira, hau da, etxe-izenak. Elgoibartik Markinara eta Abadiñora zabaldu zen deitura hori.
Eta zer esan nahi du lizundi hi-tzak?
Horretan, nik uste asmatu egin zuen Sabino Aranak. Hark esan zuen verdoyal esan nahi zuela, verdoyo asko dagoen tokia. Eta verdoyo zera da, ur azpian dagon harriari egiten zaion landare moduko gauza berde hori.
Esadazu zure euskaltzain kuttunak zein izan diren.
San Martin, Villasante eta Haritschelhar. Horiek izan nituen hurbilenak. Lafitte, Satrustegi eta Aingeru Irigarairekin ere harreman ona izan nuen.