Lau hizkuntzatako bertsolariak oholtzan
ETB1ek 21:00etatik aurrera eskainiko duen saioan 'Europa bat-batean'-en udaberriko birak utzi dituen alerik onenak entzun ahal izango dira, Ilaski Serrano gidari dela
dv
Sábado, 30 de abril 2016, 09:49
Fenomeno ezaguna da bertsolaritza Euskal Herrian, baina munduan zehar baditu senideak ere. Asko dira beste hizkuntza eta modu batzuetan ari diren ahozko kantu inprobisatuak. Horiek ezagutu eta esperimentatzeko 'Europa bat-batean' egitasmoa jarri du martxan Mintzola Ahozko Lantegiak, Donostia 2016ren laguntzaz. Udazkenean Bartzelonan eta Leonen jardunaldiak antolatu ondoren, joan zen astean izan zen proiektuaren bigarren fasea, lau adierazpenen artean girotze saioak egin baitziren.
Publicidad
Sardiniatik Simone Monni eta Paola Dentoni cantadoriak etorri ziren Euskal Herrira, Stefano Cara eta Michele Deiana ahots laguntzaileekin. Kurdistandik, berriz, Zinar Ala izan zen bisitan. Kataluniatik, Ferriol Macip eta Mireia Mena glosadoreak, Christian Simelio eta Anaís Falcó corrandistak eta Gerard Díaz eta Marcel Marimon musikariak etorri dira. Beraiekin batera bertsotan, berriz, denera hamalau bertsolari aritu dira Bilbon, Hernanin, Donostian, Iruñean, Markina-Xemeinen, Uztaritzen eta Aramaion egin diren saioetan. Hizkuntza nahas-mahas horretan Irati Majuelo, Maddalen Arzallus, Miren Ibarluzea, Karlos Aizpurua eta Renato Capocchia aritu ziren itzultzaile lanetan.
Larunbat honetan, iluntzeko 21:00etatik aurrera, saio horietako alerik onenak ikusgai izango dira ETB1en. Ilaski Serrano gidari dela, Sardinia, Katalunia eta Kurdistango ahozko kantu inprobisatuak ezagutzeaz gain Maialen Lujanbio, Arrate Illaro, Julio Soto eta Miren Amuriza bertsolariekin batera inprobisatzeko modu eta hizkuntza desberdinen arteko jolasak ikusteko aukera izango da bertan.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión