«Bertsolariek samurtu egin zuten Gipuzkoan modernizaziorako trantsizioa»
Sei bertsolariren bertso-paperak erabili ditu Luzia Alberro Deustuko Unibertsitateko irakasleak, herri xehea Gipuzkoan 1830etik 1936ra bitartean eman ziren aldaketetara nola egokitu zen aztertzeko
nerea azurmendi
Domingo, 27 de diciembre 2015, 10:20
Bertsolarien ahoz. Modernizazio prozesua eta identitate bideak. Gipuzkoa 1830-1936 doktorego tesia defendatu zuen abenduaren 11an Deustuko Unibertsitateko Donostiako campusean Luzia Alberro Goikoetxeak. Bertako Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateko irakasle da, Komunikazio Sailean. Urteak zeramatzan sarean denen eskura jarri duen tesiaren oinarriak lantzen, baina proiektuari orain dela bost urte heldu zion bete-betean, eta epe horretan osatu du iturri ia bakartzat bertso-paperak dituen lan mardula. Bertsolariek jarritako bertsoak direla medio, hain zuzen, herri xehearen ahotsa entzun eta entzutera eman du, eta haien bidez jakin du aurreneko modernizazioak nola eragin zion Gipuzkoari, nola hartu zituzten aldaketak gipuzkoar xeheek eta zein izan ziren puntako sei bertsolarik egoera berri horretara egokitzeko egin zituzten identitate proposamenak.
Publicidad
Frogatu du, horrenbestez, bertso-paperak iturri egokia izan daitezkeela Historia egiteko, eta haien bitartez ikusi du, batetik «Gipuzkoako modernizazioaren ezaugarriek posible egin zutela identitate proposamen gradual eta integratzaile bat, gertatzen ari ziren denetariko trantsizioetan zaharrari leku bat eman ziona» eta, bestetik, «bertsolariek paper aktiboa izan zutela trantsizio horiek esplikatzen, bertso forman azalduz eta zentzu bat emanez aldaketa haiei, bakoitzak bere posiziotik eta bere ikuspegitik baina, nolabait, herriari trantsizioa egitea samurtuz eta erraztuz».
Zergatik zehazki 1930etik 1936ra bitarteko garai hori?
Arrazoi desberdinak daude. Batetik, lehenengo modernizazioa interesatzen zitzaidan, eta Gipuzkoan nahiko goiztiarra izan zen. XIX. mendeko 40ko hamarkadarako bazeuden ia foko batzuk Tolosa inguruan, Errenteria inguruan Bertsolariek beraiek ere markatu didate kronologia. 1936an amaitzearena, bestalde, ezinbestekoa zen. Gerra Zibilak haustura handia dakar, hortik aurrera beste historia bat hasten da.
Tesia egiteko erabili duzun iturria da deigarria, eta horrek zure proiektuan duen garrantzia, berriz, handia. Zergatik bertso-paperak?
- Historiaren ikuspegitik, Gipuzkoan herri xehearen bizipenak XIX. mendeko modernizazioaren aurrean zein izan ziren ikustea zen nire interesa. Eta nire aspaldiko hipotesia zen bertsolaritzak balio duela Historia egiteko, eta ematen digula ikuspegi berri bat, batez ere gehiengoaren ikuspegira hurbiltzeko, herri xehearen bizipenetara. Herri xehea ez dago erabakigune nagusietan, baina garai horretan ematen diren aldaketa guztiak eguneroko bizitzan nozitzen ditu, eta bertsoak eguneroko bizitza kontatzeko oso egokiak dira. Lehendik ere bertsoak erabili izan dira iturri bezala, baina gehienetan modu osagarrian, nahiz eta Mikel Aizpuruk eta Maitane Ostolazak, adibidez, bertsoak erabili izan dituzten iturri ia bakartzat zenbait lanetarako. Nik nahi nuena zen bertsoei tripak atera, horiekin bakarrik egin tesia. Bertsoa behartu, hitz eginarazi, zuku guztia atera, eta bertsoen bidez ikusi aukeratutako garaian aldaketek herri xehearengan izan zuten eragina eta nola gauzatu ziren identitate-proposamen desberdinak.
Bertsolariek eman diotelako ahotsa herri xeheari?
Neurri batean, bai. Diskurtso politikoetatik edo udaletako aktetatik hurbil ninteke herriaren sentipen eta balorazioetara? Igual bai, baina dokumentazio tradizionala erabili beharrean nik beste ikuspegi bat landu nahi nuen, ikusteko ea Gipuzkoan modernizazioaren aurrean izan ziren identitate eredu desberdinak jaso nitzakeen bertsolari desberdinak erabiliz. Gure arbasoek ez zuten askorik idatzi, jende xumea zen, ikasketarik gabea, eta garrantzitsua iruditzen zitzaidan haiengandik hurbil egondako iturriak aurkitzea. Badakit bertsolariak ez direla herri xehe-xehea, badaukate gaitasun handiagoa gertatzen ari denaa azaltzeko, espezialistak dira hizkuntzaren erabileran, baina herri xehearengandik hurbilago daude beste iturri batzuk baino.
Publicidad
Zuk sei bertsolari aukeratu dituzu ikerlan honetarako. Zergatik sei horiek?
Xenpelar, Bilintx, Txirrita, Pello Errota, Pedro Mari Otaño eta Joxe Mari Lopetegi aukeratu ditut. Izan zitezkeen beste batzuk, aukera zabala da, baina zenbait arrazoi tarteko aukeratu ditut sei horiek. Batetik, haiei buruzko lan dezente egin dira, eta hori lagungarri gertatu zait. Beste alde batetik, denak gureganaino iritsi dira, herriak jaso ditu, galbahe hori pasa dute, eta zerbaitegatik izango da Azkenik, beraien artean diferenteak zirelako ere aukeratu ditut, bizipen, ikuspegi, garai eta proposamen desberdinak islatzen baitituzte. Herri xeheak ez zuen ahots bakarra, bertsolariek ere ez. Handicap handia da emakumerik ez egotea eta, horrenbestez, muga da gizartearen erdia kontuan ez hartzea, zeharka eta gizonezkoen begietatik ez bada, baina ez nuen besterik. Beste alde batetik, Gipuzkoako eremu jakin batera mugatu naiz, baina hau aurreneko saio bat da, beste zonalde batzuetara zabaldu daitekeena jakiteko horietan zer gertatu zen eta nola kontatu zuten bertsolariek.
Materialaren aldetik, izan duzu arazorik?
Ez, ondare handia dago, eta nik uste dut txispa asko atera daitekeela hortik. Aitortu eta eskertu egin behar zaio lehenik Antonio Zavalari urtetan etxez etxe eta baserriz baserri egin zuen lan izugarria, aitzindaria. Bere fondo osoa Koldo Mitxelenari utzi zion, eta nahiko aurreratuta daude katalogazio lanak. Ari dira digitalizatzen eta gaurko medioetara ekartzen erraz kontsultatu eta erabiltzeko internet bitartez. Beste bi fondo ere ari dira digitalizatzen. Uste dut sekulako harribitxia dugula hor.
Publicidad
Ze funtzio betetzen zuten bertso-paperek XIX. mendeko Gipuzkoan?
Bertso-papera oso fenomeno berezia izan zen, eta horren azterketak ere merezi zuen. Funtzio desberdin asko izan zituzten bertso-paperek. Ez da bertsolaritza bakar eta monolitiko bat existitzen. Bertsolaritza fenomeno historiko bat da; beraz, aldakorra. XIX. mendeko bertsolaritza, oraingoa bezala, plurala zen, eta bertso-paper desberdinek funtzio desberdinak zituzten. Aurkitu ditzakegu bertso-paper batzuk baserri-giroari oso lotuak. Familia batek esan diezaioke bertsolariari ezkontza tratu bat egina geneukan eta puskatu egin da, nik dirua ordainduko dizut gure bertsioa zabal dezazun
Garaiko sare soziala, alegia?
Izan liteke hori funtzioetako bat, bai. Agindutako bertso-paper hura ez zen bakarrik herrian gelditzen, feria ezberdinetan eta jendea biltzen zen tokietan saltzen zen, eta zabalkundetxo bat izan zezakeen Dena den, hori zen funtzioetako bat, baina ez bakarra. Xenpelar batek adibidez jarri ditzake bertsoak bere ikuspegi tradizionalistatik, jendea konbentzitzeko, ideia erlijioso eta politiko jakin batzuk zabaldu nahi dituetako. Komunitate ruralei lotutako funtzio informatiboak bazituzten, baina bestelakoak ere bai.
Publicidad
Propagandistikoak, esan nahi duzu?
Bai, adoktrinamendurako ere erabiltzen ziren bertso-paperak, erlijioaren aldetik zein politikaren aldetik. Gero badaude batzuk nire ikuspegitik modernoagoak direnak. Bilintx batek, adibidez, sentimenduak adierazteko idazten ditu bertso-paperak, ni-ari eta ni horren bizipenei toki gehiago egiten die gainerakoek baino.
Sei bertsolariak, banan-banan
Errepasatuko ditugu banan-banan, zaharrena izan arren modernoena iruditzen zaizun Bilintxengandik hasita? Nola erantzun zion modernizazioari eta ze proposamen egin zuen identitatearen aldetik?
Publicidad
- Bilintx (Indalezio Bizkarrondo, Donostia 1931-1876) izan daiteke modernoena, bai, betiere abiatuta iritsi zaizkigun bertsoetatik. Lastima da Bilintxen bertso politikorik ez edukitzea. Nagusiki maitasun kontuak landu zituen, erromantikoen bidetik eta, esan bezala, bere bertso produkzioa oinarritu zen sentimenduaren eta ni-aren munduan, subjektuaren bizipenetan, eta bere identitate proposamena ere horretan oinarritzen da. Hala ere, alderdi soziala landu zuen, gerraren ingurukoak-eta, baina beti gerrak jendearengan zituen ondorioak ardatz hartuta. Donostia uharte liberal bat zen garai hartan, eta Bilintx bera liberala zela badakigu. Beste gauza bat ere badago. 1876an hil zen, Foruak galdu ziren urtean. Xenpelar ere lehenago hildakoa da. 1876tik aurrera pasatzen direnek beste mundu bat dute.
Xenpelar hurrena, Errenterian 1835ean jaio eta 1869an bertan hildako Frantzisko Petrirena.
- Guztietan, Xenpelarrek bizi izan zuen modernizazio prozesu gogorrenetakoa. Errenteriako fabrika handian lan egin zuen, ikusi zuen nola iritsi ziren frantsesak herrira trena egiteera Lehenengo industrializazioak bete-betean hartu zuen, alegia, gertutik bizi izan zuen kanpoko jendearen presentzia, beste hizkuntza eta beste ohitura batzuen eragina. Horren aurreran, hartzen du antimodernizazioaren ikuspegia, eta ikuspegi horretatik kantatzen du, frantsesen aurka, trenaren aurka, ohitura berrien kontra, erlijioaren eta politikaren alorrean tradizioa aldarrikatuzTesian esaten dut modernizazioaren aurkako betaurrekoak jantzi zituela. Lehenaldira begiratu zuen eta, nire ustez, lehenaldi desitxuratua ikusi zuen. Erlijio bizipen trinko baten alde hitz egiten du esanaz honakoak ginen; zaharrera begira jartzen da, baina hura ez zen zaharra, berriari erantzuteko sortutako zerbait baizik.
Noticia Patrocinada
Bost urte zaharragoa, eta giro oso desberdinekoa, Pello Errota, Pedro Elizegi asteasuarra (1840-1919).
- Baserri- eta landa-giroaren ahotsa da Asteasuko errotaria, familia tronkala oso indartsua den Hernioko mundu zahar horren ahots ezin hobea. Nik esaten dut Errotak, Txirritak bezala, begiekin begiratzen duela. Moderninazioa bizi du, baina ez bere errealitatea hankaz gora jartzeko adina. Ingurune landatar horretatik ikusten ditu aldaketak, ibiltzen da trenean inolako problemarik gabe, baina bere eguneroko bizimodua ez du arriskuan ikusten. Ondorioz, ez du sentitzen beharrik diskurtso bat egiteko aldaketaren kontra, eta dauden berrikuntzak aprobetxatu egiten ditu, baina nagusiki eskualdeko kronista moduko bat izaten jarraitzen du. Bere bertsoetan kantatzen ditu batez ere ezkontza tratuak, apustuak, lehiak eta horrelakoak.
Gazteagoa eta eskualde berekoa da Pedro Mari Otaño, 1857an Zizurkilen jaioa eta 1910ean Argentinako Rosarion hila.
Bertsolari eta idazle oso interesgarria iruditzen zait Otaño. Gainerakoak baino kultuagoa zen batetik, eta emigrantea, puntu inportantea kontuan izanik zenbat emigrante izan ziren Gipuzkoan garai hartan. Haurtzaroko eta lehen gaztaroko bizipenak Pello Errotaz aritzerakoan aipatu dugun mundu zahar horretakoak ditu, baina gero Donostian bizi izan zen hamar urtez eta, azkenik, Amerikan. Liberala zen ideologiaz baina, batez ere, etengabeko trantsizoan bizi izan zen gizona izan zen. Askotan idatzi zuen bere krisi pertsonaletik, identitate pertsonalaren krisiari erantzun nahirik bere bizitza berregiteko. Ispilu-joko moduko bat egiten du Amerika eta Euskal Herriaren artean. Azkenean, distantziatik gogoratzen du bere herria, baina Amerikan bizi behar du, eta egiten du identitate proposamen bat bizipen horietan oinarritua. Aldaketa asko ezagutu zituen bere bizitzan, baina ez da modernizazioaren kontrakoa. Modernizazioaren olatuarekin doa, ezin dio kontra egin, bizitzen jarraitu nahi badu ez du beste erremediorik. Otañok identitate krisi pertsonala herri identitate krisi batekin lotu zuen, eta asmatu zuela uste dut. Bertso-paperak ez ezik, liburuak ere idatzi zituen Otañok. Zentzu horretan, Lopetegik bezala, gizarte berriko tresnak gehiago erabili zituen, hurbilago daude biak gugandik.
Publicidad
Eta Manuel Lujanbio, Txirrita (Hernani, 1860-Altza, 1936)?
Mutilzaharra, hargina Jaiotzaz hurbilago dugu, baina ez jarreran. Txirritak ezagutu zituen XX. mendea eta mende hasieran Gipuzkoan izan zen industrializazio fuertea, baina mundu ikuskeran eta egin zituen proposamenetan esango nuke Pello Errotarengandik eta mundu zaharretik gertuago dagoela berritik baino.
Oso bestelakoa da Joxe Mari Lopetegi, 1875ean Irunen jaioa eta 1942an Nafarroa Beherean zendua.
Bai, harena beste mundu bat zen. Irunen jaioa, antikarlista, errepublikazale peto-peto eta konbentzitua, bertsolaritza politikoa egin zuena, mitinetan kantatuz eta... Errepublikaren aldeko apustua egin zuen eta bertsoak erabili zituen jendearen artean ideia hura zabaltzeko. Lopetegiz esaten dut tesian largabistak erabili zituela bere identitate proposamenean. Askatasuna eta herriaren protagonismoa bezalako kontzeptuak oso garrantzitsuak izan ziren harentzat. Euskara, ohiturak eta horrelakoak ere erabiltzen ditu, baina herri hori eraman nahirik bera ezagutzen ari den errealitate berrietara, etorkizunera begira jarrita betiere.
Publicidad
Gainerakoak ez ziren izan bertsolari politikoak? XIX. mendea politikaren ikuspegitik zein nahasia izan zen ikusita, harritzekoa da.
Politikotzat har daitezkeen bertso asko daude, baina askotan gertatzen dena da, batez ere karlistaden inguruko bertsoetan, anonimoak direla. Bertso ugari daude gai horri buruz, Zavalak bi tomotan jaso zituen, baina ez dakigu norenak diren. Bistakoa da badaudela horretara dedikatutako bertsolariak, baina ez dute asko kantatzen izenpetuta, eta gehiago erreparatzen diote gerrak populazioarengan duen eraginari beste alderdi batzuei baino. Populazio zibilaren ikuspegia gehiago dute, alegia, ikuspegi politikoa baino. 1876an Foruak galdu zirenean ere antzeko zerbait gertatu zen. Ez zuen isla handirik izan, ez behintzat espero zitekeena. Gizarte eta politikaren alorrean, bertso-paperek gehiago erakusten dute komunitateak nola osatzen diren, nola bizi diren, nondik datozen aldaketak Espaniar estatu-nazioa eraikitzen ari den momentuan kapitulu inportantea da, dena den, nola islatzen duten bertsolariek ze aukera politiko dauden. Batzuk azaltzen dira foruen alde, beste batzuk errepublikaren alde, baina badaude foruak ulertzeko modu desberdinak, badaude artikulazio politiko proposamen diferenteak. Garbi ikusten da nola XIX.aren bukaeran eta XX.aren hasieran indartzen doan inguruan estatu-nazioen garrantzia, eta nola hasten diren klabe horretan pentsatzen hemengo bertsolari batzuk.
Ikuspegi tradizionala nagusi zela, itxuraz.
XIX. mendean Gipuzkoa eltze moduko bat zen, asko ari ziren aldatzen gauzak, modernizazioak bizitzako alderdi guztietan eragin zituen aldaketak, eta bertsolaritza ez zegoen hortik aparte. Bertsolaritza ere ari da irakiten eltze horretan, eraldatzen. Horregatik daukagu bertsolaritza tradizionalago hori, landa eremukoa, komunitateari lotutako funtzioak betetzen dituena, lehendik zetorren ereduan, behar horiek existitzen jarraitzen dutelako Gipuzkoan. Baina beste behar batzuk sortzen dira eta konturatzen dira bertsolaritza dela hizkuntza eta molde zaharretan herriarengana iristeko bidea. Bertsolariren batzuk erabiliko dituzte forma zahar horiek ideia berriak sartzeko. Gerra Zibilaren inguruan ere egin zen hori, baina ia beste momentu bat da.
Publicidad
Modernizazioa eta aldaketak hizpide zituztenean, zeri erreparatu zioten nagusiki bertsolariek?
-Beti sei hauetatik abiatuz, espazioari dagokionez tarte handiena gizartearen antolamenduan ematen ari ziren aldaketei eskaini zietela esango nuke. Gizonezkoen eta emakumeen arteko harremanen aldaketak, adibidez, asko aipatzen dituzte. Orokorrean, modernizazio prozesuak oso konplexuak dira, osagai asko dituzte, eta inportantea da guztiak kontuan hartzea. Hala ere, sorpresak izan dira. Nik uste nuen aldaketa ekonomikoak izango zirela pisu gehienekoak, baina azkenean gai hori da bolumen txikiena hartu duena. Aldaketa ekonomikoen aurrean beren buruak pobretzat hartzen dituzte, eta modernizazio ekonomikoa hobera egiteko bide bat bezala ikusiko dute, aukera bezala. Ofizio aldaketak ugariak dira bertsolarien artean ere, esate baterako, eta dezente hasten dira eraikuntzan, fabriketan... Abiapuntua pobrezia izanik, ilungune eta guzti bizitzan aurrera egiteko modu bat da haientzat aldaketa ekonomikoa.
Zure azterketan funtsezkoa da identitatearen gaia, eta ikusi dugu nolako proposamenak egin zituzten hautatutako sei bertsolariok. Gai zentrala al da beraien lanean?
- Ekonomiarekin gertatutakoaren antzekoa gertatu zitzaidan horrekin ere. Hasieran uste nuen batez ere identitatearen gaia izango zela nagusia, baina bertsoek erakutsi zidaten ezetz, eta horregatik zabaldu nuen ikuspegia modernizazioaren osotasunarena, identitatearen espresioan zeuden aldaketak beste aldaketa batzuekin batera kontuan hartzeko. Identitatean gaia bertsolari batzuei ez zaie inporta, ez dute bizi gai zentral bezala. Esan behar da, dena den, zenbat eta indar handiagoa izan modernizazio prozesuak, orduan eta pisu handiagoa duela indentitatearen inguruko galderak. Nor gara gu? galdera, identitate kolektiboari dagokiona, modu diferentean erantzungo da, eta proposamen identitario desberdinak egingo dira, norberaren esperientziaren eta jarreraren arabera.
Norberaren zuzeneko esperientziaz gain, zerk baldintzatzen du bada jarrera hori?
Esperientziari dagokionez, zenbait eta traumatikoagoa modernizazioaren eragina, orduan eta gogorragoa erantzuna. Oro har, hiru elementuk markatzen dute diskurtsoa modernitatearen aurrean: zenbaterainoko aldaketak eragiten dituen modernizazioak zure egunerokoan; pertsonaren beraren talantea -aldaketa bizitzeko gaitasuna zenbaiteraino duen garatua, alegia- eta, azkenik, aldaketa horien aurrean birkokatzerakoan zenbaiterako nahi dion zaharrari tokia egin edo berritik bete bere zakua.
Laburbilduz, Gipuzkoak nola hartu zuen modernizazioa, eta ze garrantzi izan zuten prozesu horretan bertsolariek?
- Gipuzkoan modernizazioaren eredua nahiko berezia izan zen, oso desberdina Bizkaikoaren aldean eta, ondorioz, identitatearen arazoaren bizipena ere diferentea izan zen. Gipuzkoako modernizazioa graduala izan zen, lurraldeko puntu desberdinetan eman zen, ez bat-batean eta espazio bakar batean. Horrez gain, enpresa txikiak izan ziren nagusi, asko bertako nagusienak, eta jende mugimendua ere gehienetan baserri-mundutik urbanora eman zen, ez beste lurralde batzuetatik Gipuzkoara jende askorik etorri aurreneko industrializazio hartan. Beraz, modernizazio prozesu horrek izan zituen ezaugarriak izan zituelako, eta hori da pixka bat tesiaren mamia, posible izan zen identitate sorkuntza integratzaile bat, trantsizio mota asko bere baitan bildu zituena. Elementu zaharrak jasotzeko gai izan zen, eta posible egin zuen elementu zaharren eta berrien arteko lotura hori, talka handirik gabe. Bertsolariengan ikusi ditugun identitate proposamenak ez dira berdinak, baina uste dut paper aktiboa izan zutela trantsizio horiek esplikatzen, eta bakoitzak bere posiziotik, nolabait samurtu edo erraztu egin ziotela herriari trantsizio hori egitea.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión