Zer da zehatz musker kontu hori?
Obaba toki mitikoaren atzean dauden pertsona eta gertaera errealei buruz idatzi du Atxagak ‘Muskerraren bidea’ liburuan
f.i.
Lunes, 30 de noviembre 2015, 10:06
Obabakoak-en, behin baino gehiagotan azaltzen da liburuaren ikur bihurtu den animalia hori. Bukaera aldera, pertsonaia batzuk ari dira beren aspaldiko haurtzaroaz hizketan eta tartean Okerra esaten diotena dago, haur benetan gaiztoa izandakoa. Halako batean, Okerrak galdera hau egiten du gutxi gorabehera: benetan uste al duzue nik muskerra sartu niola belarritik Albino Mariari eta horregatik gelditu zela ergela, animaliak burmuina janda? Eskolako urteroko argazkia egiteko, aurreko harmailetan elkarren ondoan jarri zirenean gertatu bide zen Okerraren okerra. Eszena hori are indartsuago gelditu zen Montxo Armendarizk Obabari buruzko filma egin eta gero. Zinegile nafarrak protagonismo berezia eman baitzion. Atzo Atxagaren eskola-lagunak bildu ziren berriz ere eskola-argazkia egiteko, baina ez zeuden denak; lau hilda daude.
Publicidad
Aspaldiko sinestea. Lehengo garai haietan, herri-sinesmenaren arabera, ez zen belardietan siesta egin behar, muskerra sar liteke-eta belarri-zulotik eta burmuina jan. Eta nesken kasuan, muskerra sartzen bazen hankartetik, ez zen handik aterako harik eta zazpi elizatako kanpaiek batera jo arte. «Hor ere, pentsa! azaldu digu Atxagak. Gizarte tradizionaletan, agian legea ez zelako toki guztietara iristen, sortzen dira istorio moduko batzuk. Badu zerikusirik bertsolaritzaz esan dudanarekin. Lehengo garai haietan, umeak, seguru asko gurasoak lanean ari zirelako, bakarrik gelditzen ziren kanpoan, mendian ere bai, eta hor arriskuak zeuden. Orduan, kantak ere sortzen ziren arriskuaz ohartarazteko: Bon bolontena, ene laztana, ez egin lorik basoan, azeritxoak eramango zaitu erbia zarelakoan. Muskerraren kontua ere hortik dator: umeen bizitza ordenatzeko modu bat da».
Lehengo idazle hura. Atxagak umetan ezagututako etxeetan, bat bazegoen nabarmen askoa, haurrek Erretotxe deitzen zutena, Erretore-etxe zela konturatu gabe. Han bizi izan zen Juan Bautista Agirre apaiz idazlea. «Gizon hark umorea zeukan, oso ezaguna egiten zaidana, eta uste dut umore antzekoa dudala. Horrek, umoreak, dena salbatzen du. Behin, emakume bat azaldu zitzaion apaiz honi, esanez sorgina zela. Ikustekoa da hark eman zion erantzuna, nolako umorea! Juan Bautista Agirre konfesioari buruzko gauzak idatzi zituen, eta sermoiak, baina umorea erakusten du andre bat azaltzen zaionean, esanez bera sorgina dela. Eta beste gauza bat esan nahi nuke Juan Bautista Agirreri buruz: haren bibliotekan bost hizkuntzatako liburuak zeuden: euskarazkoak, latinezkoak, gaztelaniazkoak, frantsesezkoak eta italierazkoak. Hemen estereotipoen kontra borroka egin beharrean gara».
Jeneral karlista. Asteasuko erretore-etxean bizi izan zen Lizarraga jenerala ere. 2005eko Lekuak liburuan, Atxagak halako elkarrizketa bat argitaratu zen pertsonaia historiko honen fantasmarekin:
Ba, atrebentzia ez bada, galdera bat egin nahi nizuke. Esadazu, egia al da otoitzean gehiegi luzatzeagatik galdu zenuela Asteasuko bataila? Zu otoitzean ari zinela, Jainkoari batailan laguntzeko eskatzen, liberalek posizioak hartu zituztela, eta gero alferrik izan zela dena?
Kalumniak dira esan zuen Lizarragak. Bere begitartea ilundu zen.
Nork zabalduak? Liberalek? galdetu nion.
Ez, Santa Kruzek, laguntza eman behar zidan bandolero hark. Diziplinarik gabeko gizona zen, fanatikoa, eta inoiz ez zidan barkatu gure lerroetatik bota izana.
Publicidad
Don Hipolito Usabiaga. Gizon hau izan zen Asteasuko erretorea XX. mendean. Atxagak aitortu du gizon hau dagoela Bi anai edo Esteban Werfell testuetako erretorearen atzean. Hona hemen liburu berriko pasartea: «Don Hipolito jesuita zen prestakuntzaz, Comillasen ikasitakoa, kultura handikoa, musika ere bazekiena. (...) Eragin handia izan zuen umetan eta gaztetan ezagutu genuen guztiongan.Behin batez Joxan Lopetegi pilotari ohiak hala aitortu zuen, bere amaren hilobia donHipolitorenaren ondoan suertatu izateak kontsolamendu handia ematen ziola. Uste dut gure herriko askok izango lukeela sentimendu hori egoera berean».
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión