Borrar
Koldobika Jauregi 'Ur mara' espazioaren sarreran. Hortxe abiatzen da basoa zeharkatzen duen bidea.

Presarik ez 'Ur maran'

'Slow art day' delakoarekin bat egingo du gaur Koldobika Jauregik Alkizan sortutako espazioak. Neguko lozorroaren ondotik, arteak, naturak eta gizakiaren aztarnek bat egiten duten gune berezi horretan loratzear da denboraldi berria

n. azurmendi

Viernes, 10 de abril 2015, 12:53

Iragan mendeko 70eko hamarkadaren erdialdera, 16-17 urteko mutil gaztea zela, artegintzan hasi zenez geroztik bide luze eta oparoa egin du Koldobika Jauregik (Alkiza, 1959). Egonaldi luzea Alemanian; erakusketak aretorik entzutetsuenean; eskulturak Euskal Herriko eta beste hainbat herrialdetako espazio publiko eta museoetan; sariak... Jauregiren ibilbideaez da nolanahikoa, baina badirudi azkenean jorratu dituen bide denek jatorrira berbideratu dutela, jaiotetxera eta horren inguruko basora.

Azken urteotan Alkizan ditu alegia bizitokia eta lantokia, eta hortik egiten du jauzi behar edo nahi duenean -"hiri handi, zaratatsu eta kaotikoak ere oso gogoko ditut" dio, Alkizako isiltasun baketsuan- oso bestelakoak diren tokietara. 2010an irudikatu zuen proiektua ere hortxe ari da hedatzen, bizitoki eta lantoki duen baserriaren aurreko lur sailetan (bertan ditu ikusgai tamaina handiko eskulturak) eta inguruko basoan.

'Konplize' talde baten laguntzaz, 'Ur mara' izena jarri eta 2012an hasi zen proiektu hura gauzatzen. 'Museo' edo 'gune esperimental' izenak jarri badizkiote ere, 'Ur mara' zer den definitzea ez da erraza, ez baititu museo arrunt baten ohiko osagaiak: ez ordutegirik, ez zaintzailerik, ez sarrerarik, ez aterik... Asteasu Erreka ondotik baserria dagoen Alkizako muinoaren artean zabaltzen den basoan gertatzen dena sentitzea, ordea, nahiko erraza da, ulertzea baino errazagoa seguruenik.

Koldobika Jauregiri "publikoari eskainitako eremu pribatua" dela esatea gustatzen zaio. Eta beretik ez du bakarrik jarri herentzian hartutako baso zatia, 11 hektareako saila osatu arte berak egindako erosketekin handitua. Artegintzaz duen ikuspegitik eta bere bizipenetatik ere asko eman dio Jauregik mantso-mantso osatzen doan espazio guztiz berezi horri. Bertan, artistaren lanaren emaitza naturak burutu duenaren pare dago, eta eskutik doaz biak gune magikoren batzuetan. Baina, horrekin batera, garrantzi handia ematen zaie halaber basoaren ondare naturala osatzen duten zuhaitz, landare eta animaliei, baita aurrekoek utzitako aztarnei ere, direla karobi, harrobi edo ikazgintzarako gune... Basoan zehar barreiatuta dauden kartelek ematen dute horren guztiaren berri. Inguruko ondare etnografikoa lantzea eta zaintzea ere bada proiektuaren xedeetako bat.

Bisitariak ere presarik gabe hartu behar du bertaratzea, 'Ur mara' ez baita inondik ere di-da batean korritzen den espazioa. Aitzitik, iristeak denbora eskatzen du (ikus argibideak web gunean), eta sarreratik goiko gunerainoko bidea ere patxadaz hartzeko modukoa da, nahiz eta mugikortasun arazo berezirik ez duen edonork egin dezakeen, azkarrago edo mantsoago. Begiak eta belarriak zabalik eta adi izanez gero, segituan jasoko du saria.

Presarik eta presiorik gabe

Artista jakin bati lotutako museo asko daude, estilo guztietakoak. Maiz, artistarekiko lotura egiazkoa bada eta ez publizitate erreklamo hutsa, haren obrak bezainbeste esaten dute artista horri buruz. Espazio edo museo horretara hurbiltzen denak gidari artista bera duenean, zer esanik ez... Eta hori gerta daiteke edozein egunetan 'Ur maran', bere proiektuaren gain-gainean baitago Jauregi, emaztearen eta laguntzen dioten 'konplizeekin' batera betiere, 'Ur mara'-ren izaera kolektiboa azpimarratzen baitu. Egunotan basogintzari emana da bete-betean, negua lozorroan igaro ondoren sasoi berrirako prestatu behar baita gunea, bideak garbituz eta bazterrak txukunduz.

Izan ere, gaur hartuko du denboraldi berriko aurreneko ekitaldia 'Ur mara'-k, azarotik apirilera, zabalik egon arren, ez baitago jarduerarik bertan. Eguerdiko 12:00etan, munduko 200 museok ospatzen duten 'slow art day' delakoarekin bat eginik, jarduera berezi bat burutuko dute estalpeko ekitaldiak hartzen dituen negutegian. Patxadaz, egunari nahiz proiektuaren izaerari dagokien moduan, bost piezaz jardungo dira Koldobika Jauregi eta Felix Aizpurua. Horietako hiru Jauregirenak dira, Telmo Esnalek zuzendutako 'Dantza' filmerako sortuak. Erakusten dute, besteak beste, nola ari den dibertsifikatzen eta hedatzen azken urteetan Koldobika Jauregiren lana, eskulturarekin batera beste hainbat alor jorratuz. Jarduera doakoa da, baina egingo den tokia nahiko txikia denez eta plazak mugatuak, ezinbestekoa da izena ematea (horretarako argibideak ere web gunean aurki daitezke). Aizpuruaren eta Tapiesen lan bana dituzte bostekoa osatzeko.

Hurrengo asteetan hasiko dira berriz tailerrak, erakusketak, haurrei zuzendutako aktibitateak, bisita gidatuak (horiek dira ordaindu behar diren bakarrak)... Presarik eta presiorik gabe. "Ez garenez honetatik bizi -dio Koldobika Jauregik-, ez daukagu ez presarik, ez presiorik. Gure helburua ez da jende asko etortzea edo sekulako programazioa osatzea. Gauzak sortzen doaz, proposatu egiten dizkigute, eta tokiarekin izaerarekin bat datozenak gogo onez hartzen ditugu". Diru-trukerik ez da izaten; hau da, ez denez kobratzen ez da ordaintzen. Eta aurreiritzirik ere ez dago asko. Sukaldaritzaren inguruko ekitaldiak egin dira, erakusketak, kontzertuak, hitzaldiak... Basoa bera hazten eta aldatzen doan bezala doa hazten eta aldatzen 'Ur mara', natural.

Bisitariak ere denetarikoak dituzte, nahiz eta Jauregi harritzen duen atzerritarren kopuru handiak. "Ez dakit nola enteratzen diren, baina dezente azaltzen zaizkigu", dio, nahiz eta ez duten inolako promoziorik egiten. Eta orain arte, espazio irekia izan arren, ez dute inolako arazorik izan, "salbuespenen bat izan ezik jarrera ona" izan baitute gehienetan.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Presarik ez 'Ur maran'

Presarik ez 'Ur maran'