Maddalen Arzallus eta Sustrai Colina hizketan buruz buruko saioan. Atzean, Barroso, Zabaleta eta Murua.

Sustrai Colina irabazle garbia Xilaban

Bera eta Maddalen Arzallus jardun ziren atzo buruz burukoan. Txapelketaren laugarren aldia da eta aurreko hiruretan Amets Arzallusek jantzi zuen txapela

DV

Domingo, 16 de noviembre 2014, 01:34

Faboritoak irabazi zuen atzo, Sustrai Colinak. Urruñako bertsolariak eta Hendaiako Maddalen Arzallusek jokatu zuten Xilaba txapelketako azken buruz burukoa, eta Colina garbi nagusitu zen. Hau izan zuten kartzelako lana: «Abokatua zara. Zure lan egunetik biziki kontent sartu zara etxera».

Publicidad

SAILKAPENA

  • 1. Sustrai Colina 816,5

  • 2. Maddalen Arzallus 773

  • 3. Odei Barroso 456,5

  • 4. Eneritz Zabaleta 449

  • 5. Xumai Murua 437

  • 6. Ramuntxo Christy 435

Bai kanporaketan eta baita finalaurrekoan ere ondo aritu zen Colina -Muskildin eta Larresoron nagusitu zen, hurrenez hurren-, eta sasoiko dagoela berretsi zuen atzo Baionako Lauga gelan, 2.000 bat bertsozaleren aurrean.

Bestalde, aurten sortu den Txato Saria Odei Barrosorentzat izan da. Kantaera onena aintzat hartzeko da sari hori, eta aurten hildako Aitor Renteria 'Txato' kazetariaren omenez sortua da. Kantuzale handia eta kantari ona baitzen.

Xilaba txapelketan Lapurdiko, Behe Nafarroako eta Zuberoako bertsolariak jardun dira. Bi urtetik bi urtera egin ohi da eta aurreko hiru aldietan Amets Arzallusek irabazi zuen, gero Euskal Herriko txapelaz ere jabetuko zenak.

Sustrai Colina Urruñan sortua da, 1982an, eta bertan bizi da. Ibilbide luzea du: 2001, 2005eko, 2009ko eta 2013ko Txapelketa Nagusietan finalista izan zen. Baionako Unibertsitatean Zuzenbidea ikasi zuen, baina gero kazetari-lanak egin izan ditu, Berria egunkarirako eta Argia aldizkarirako. Dena dela, bertsolaritzari emana bizi da, eta bertso-irakaslea ere bada Hendaiako bertso-eskolan, kantukide ohikoena duen Amets Arzallusekin batera.

Publicidad

Ikastolan egin zituen lehen ikasketak. Pilotazale amorratua, esku huska pilotan aritu zen bost urte zituenetik hamazazpi urte bete arte. Lehen bertso-urratsak Hendaiako bertsu-eskolan egin zituen. Jexux Arzallus irakasle zuela hasi zen bertsu-eskolan 8-9 urte zituela. Lehen plaza egin zuen 1992an, Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketako kanporaketan, Donostiako Santo Tomas lizeoan (Amets eta Itsaso Arzallus taldekide zituela). Gero, 2000. urtean, Euskal Herriko Eskolarteko txapeldun izendatu zuten.

Joana Itzainak, Bertsularien Lagunak elkarteko lehendakariak, eman zituen atzo gaiak. Epaile lanak, berriz, Eneko Bidegain, Beñat Soule, Lierni Elortza, Joakin Arregi eta Erik Etxartek egin zituzten.

Publicidad

Txato Saria erabakitzeko, berriz, lagun hauek osatutako epai-mahaia jardun zen: Pantxika Solorzano kantari lapurtarra, Mixel Aire 'Xalbador' bertsolari baxenabartarra eta Jojo Bordagarai kantari baxenabartarra.

Txomin Ezpondak jantzi zion txapela irabazleari. 1937an Jatsun sortua, bat-bateko bertsolaria eta bertso-jartzailea da eta 80 eta 90. hamarkadetan plazaz-plaza ibili izanagatik da ezaguna batik bat. Azkenaldian, gazteak diren bertsolari askorekin ere kantatu izan du, bere jardunarekin indartu egin duelarik belaunaldien arteko beharrezko zubilana.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad