'Ostantza' lana aurkeztuko du Fito Rodriguezek gaur, herriko aktoreekin
Olatz Beobideren zuzendaritzapean, Inazio Tolosa, Lizar Tolosa eta Esti Curiel zumaiarrek Rodriguezek sortutako eleberri laburra dramatizatuko dute
'Ostantza' lana aurkeztuko du Fito Rodriguezek gaur, 'Geuretik Sortuak' ekimenaren baitan. Ekitaldia gaur izango da, 19:00etan Oxford aretoan.
Publicidad
Ilunabarreko eguzkiaren argia da ostantza, eta giro horretan kokatuta, Zumaiako errefuxiatu politiko baten itzuleraren istorioa kontatu du Fito Rodriguezek. Euskal Herritik kanpo urteak pasa ondoren eta dagoeneko aitonduta bere herrira itzuli da protagonista, eta ez du bere garaian utzitako tokia aurkitu. Halere, berau eta haren bilobaren artean inolaz uste ez zuen harremana sortu eta garatu da. Erlazio hori dela medio protagonista azaltzen joango da hasierako erbesterako bidearen arrazoiak eta, haien bidez, bilobak aurkituko ditu haren familia eta ingurua ulertzeko gakoak. «Zer izan da Beltza? Iheslaria? Erbesteratua? Immigrantea? Edo hori dena bateratuz soilik uler dezakegu gure gertuko memoriaren parte diren pasadizo hauek guztiak?».
Lana aurkezteko ekitaldi berezia prestatu dute. Rodriguezek Inazio Tolosa, Lizar Tolosa eta Esti Curiel Zumaiako aktoreak izango ditu lagun. Olatz Beobide aktore eta zuzendaria aritu da zuzendari lanetan. Eleberri laburra 'Hamazazpigarrenez, aidanez' bildumaren baitan argitaratu du Udalbiltzak, eta ekitaldiaren amaieran bilduma erosteko aukera izango dute ikus-entzuleek.
Euskaraz sortu eta hedatu
Geuretik Sortuak proiektuarekin, euskaraz sortzen eta hedatzen den artea bultzatu nahi du Udalbiltzak; zehazki, euskaraz sortutako literatura, zinemagintza eta antzerkia sustatzea da proiektuaren helburua, eta, horretarako, sormen lanak egiteko egonaldiak antolatu ditu sortzaileentzat Euskal Herri osoko hainbat herritan.
Denera, 26 sortzaile eta kolektibo hautatu dituzte: hamasei idazle, bost zinemagile eta bost an-tzerki konpainia. Horiek guztiak Euskal Herriko 26 udalerri desberdinetan egin dituzte egonaldiak, bere bizilekua ez den herri batean, eta hamasei ipuin, bost antzezlan eta bost film labur sortu dituzte. Euskal kulturgintzako izen ezagunak zein izen berriak bildu ditu ekimenak. Zumaiako gonbidatua Fito Rodríguez izan da, herrian egoitza artistikoa egin duen idazlea eta bere esperientzia kontatu eta bertan egindako lanaz hitz egingo due gaur.
Publicidad
'Geuretik sortuak' egitasmoan parte hartu duten 16 idazleen lanekin 'Hamazazpigarrenean aidanez' izenburua duen bi aleko bilduma argitaratu du Udalbiltzak. 'Geuretik sortuak' egitasmoan parte hartu duten herri guztietan aurkezpenak egiten ari dira eta gaur arratsaldean Zumaiaren txanda izango da.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión