Zumaia
Musikak belaunaldi ezberdinak bilduko ditu berriro Odietan, hilaren 20an
Secciones
Servicios
Destacamos
Zumaia
Musikak belaunaldi ezberdinak bilduko ditu berriro Odietan, hilaren 20anBeste urte batez, belaunaldi ezberdinak bilduko dituen kontzertu berezia hartuko du Odietak. Zumaiako Musika eta Dantza Eskolak antolatuta, Zumaiako Musika Bandarekin (ZUMB) elkarlanean, asteartean, hilaren 20an, 4 eta 94 urte bitarteko musikariak bilduko dituen manaldia eskainiko da. Odieta frontoian arratsaldeko 17:30ean hasiko den ekitaldian, Musika eta Dantza Eskola osatzen duten ikasle, irakasle eta familiek, Branka eguneko zentroko eta Itsasargia zerbitzuaren erabiltzaileek, eta ZUMB bandako musikariek hartuko dute parte.
Duela hiru urte hasi zen proiektua, Braka eguneko zentroko erabiltzaileei klaseak emanez. Musika eta Dantza eskolaren helburua «gizarte zerbitzu osoago» baten parte izatea da. Erakunde desberdinekin parte hartu eta eguneroko dinamikatik at geratzen direnengana iritsi nahi du eskolak: eguneko zentroak, egoitzak, etxe tutelatuak, etab. «Piskanaka proiektua zabaltzen joatea nahi dugu; aurten kontzertuak ematen hasi gara San Juan egoitzan, Otezurin eta Brankan», azaldu du eskolako zuzendaria den Sofia Oriak.
Musika eta Dantza eskolatik adierazi dute musika tresna baliotsua dela giza harremanak indartzeko, emozioak lantzeko edota osasun mentala zaintzeko. Tresna indartsua da, bizitzan beti presente dagoena, eta bere adierazpenari eta indar emozionalari esker, onura asko dituena. «Ikerketek dioten bezala, musikak zahartze osasuntsuagoa lortzen lagun dezake aldagai guztietan: entzun, abestu, jo, dantzatu... Saiatu beharko genuke adineko gizon eta emakume guztiek musika, dantza edota antzerki emanaldiez gozatzeko aukera izan dezaten, musikak sortzen dituen onurak ikusita eta frogatuta baitaude».
Proiektua duela hiru urte martxan jartzearen ideia eskolarena berarena izan zen, eta harrezkero Kultura Sailaren eta Gizarte Zerbitzuen laguntza izan dute. Udalak bat egin zuen hasieratik proiektuarekin. Ikastaro desberdinak egin dituzte, eta Portugalen ere egon dira SAMP eskolaren funtzionamendua eta proiektuak ezagutzen: egoitza, eguneko zentroa, ospitaleak, espetxeak, etab. bideratuta baitaude. «Oso esperientzia polita izan zen», adierazi du Oriak.
Proiektuak harrera ona izan du Zumaiako nagusien artean. Klaseak dinamikoak izaten dira, gorputz perkusio edo perkusio txikiko tresnak erabiltzen dituzte, ahotsa ateratzeko teknikak, dantza, mugimendua... ariketa desberdinen bitartez.
Aurten Brankako 9 erabiltzailek parte hartzen dute ekimen honetan. «Eta bere familietako batzuk ere animatu dira gurekin musika egitera». Itsasargia zerbitzutik, berriz, 7 erabiltzaile animatu dira. Naiara Ibeasek eta Sofia Oriak berak ematen dituzte saioak. «Itsasargira bi astean behin joaten gara klaseak ematera, eta Brankara astero, ordubeteko saioak dira eta oso harrera ona egiten digute», azaldu dute.
Bi irakasleak «oso gustura» agertu dira egitasmo honen emaitzekin, eta adierazi dute oso esperientzia aberatsa dela profesional eta pertsona gisa. «Musikak pertsonengan duen eragina ikusten dugu eta hunkigarria da gure lanbidearen zein tresna indartsua den sentitzea. Helduei zuzendutako proiektuak ezinbestekoak direla ikusten eta sentitzen dugu», nabarmendu dute.
Astearteko emanaldirako hainbat entsegu egin dituzte «umore onez eta ilusioz», eskolan zein Branka zentroan eta Itsasargia zerbitzuan. «Eskertzekoa da erabiltzaile eta ikasleen ilusioa eta umorea, gurasoen jarrera, beraien parte hartzeko borondatea eta gogoa. Guretzat emanaldi hau oso berezia da hainbat belaunaldi desberdin elkartzeagatik. Helburua parte hartzaile guztiek musikaz gozatzen ikustea da, eta bizipen polit bat izatea», adierazi dute. Hitzordua hilaren 20an izango da, 17:30etik aurrera, Odietan.
Era berean, ikasturte amaierako emanaldirako Branka eta Itsasargiako erabiltzaileekin ere kontatzen dute, beraiek nahi izanez gero. «Eskolaren parte dira eta gure asmoa da gero eta emanaldi gehiagotan parte hartzea», gaineratu dute.
Bestalde, Zumaiako Musika, Dantza eta Antzerki Eskolatik jakinarazi dutenez, bihar, astelehena, zabalduko dute datorren ikasturterako izena emateko epea. Hilaren 26ra arte eman ahalko da izena. Zentroaren helburu nagusia edozein adinetako pertsonei antzerkian, dantzan eta musikan prestakuntza praktikoa ematea da, baita interesa edo bokazioa dutenei lanbide heziketarako prestakuntza ematea ere. Aukera zabalak eskaintzen dira, joera ezberdinak landuz, bai bakarkako lanean baita taldekoan ere.
Halaber, herriko bizitza sozial eta kulturala aberastu eta dinamizatzeko asmoz, hainbat ekintza antolatzen dituzte urtean zehar, eta hurrengo ikasturtea ere ekitaldiz beterikoa izango da: Santa Zezilia astea, Inauteriak, Santelmoak, elkartrukeak, entzunaldiak, kontzertuak, dantzari txiki egunak, etab.
Informazio gehiago jasotzeko: musikaeskola@zumaia.eus, 943.861183 www.zumaiamusikaeskola.eus edo Facebook eta Instagram sare sozialetan.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.