Triatloia Maite Dut egitasmoak prest du '18 Astetan Triatleta' erronkaren 4. edizioa
Azken hiru edizioetan 458 pertsonek osatu dute erronka eta berrian izena emateko epea zabaldu dute
Triatloia Maite Dut egitasmoak antolatuta, bueltan da '18 Astetan Triatleta' erronka. Azken hiru edizioetan, 458 pertsonek osatu dute erronka eta horietatik %50 emakumezkoak izan dira. ... Euskara hutsean eta lehiakortasuna albo batera uzten duen erronka honek, 18 astez entrenamendu taulak, topaketak eta aholkuak jarraituz, triatloi proba batean parte hartzeko prestatzea du helburu.
Erronka behar bezala betetzeko, parte-hartzaile bakoitzak, astero, Fitgüne kirol aholkularitza zentroak (Hektor Llanos) prestaturiko entrenamenduak jasoko ditu. Hauek oso ulerterrazak eta dinamikoak dira. Azken finean, lortu nahi dena da kirola eginez gozatu eta disfrutatzea.
Asteroko entrenamendu taula jasotzeaz gain, uneoro partaideek aholkularitza zerbitzua eta tutorialak jasoko dituzte Telegram aplikazioaren bitartez.
Hiru distantzia
Hiru dira, parte hartzaileek aukera ditzaketen distantziak: Lehenengoa, Super Sprint edo herrikoia; 350m igerian – 10 km bizikletan – 2.5 km korrika. Bigarrena, Sprint; 750 m igerian – 20 Km bizikletan – 5 km korrika. Eta hirugarrena, Olinpikoa; 1.500 m igerian – 40 km bizikletan – 10 km korrika. Aukeratutako distantziaren arabera astero 3 edo 5 egunez entrenatuz ibiliko dira eta 18. astera, triatloi denboraldiaren hasierara, Sprint, Super-Sprint edo distantzia Olinpikoko triatloi bat egiteko prestatuak helduko dira.
Otsailaren 19an hasi
Erronka otsailaren 19an hasiko da, eta 14 urtetik gorako pertsona orori dago zuzendua. Erabat doakoa da eta izen-emateak zabalik daude; horretarako, www.triatloiamaitedut.eus/erronka webgunean aurkitzen den formularioa bete beharko da.
Aurten, berrikuntza moduan, 'Premium' moduan izen emateko aukera izango da. Modalitate hori aukeratzen duten partaideek ongi-etorri poltsa, '18 astetan triatleta' agenda, hainbat zozketatan parte hartzeko aukera eta eusko label otarra eskuratuko dute.
Beste urteetan bezala, aurten ere egitasmoak hainbat entitate eta enpresen laguntza eta babesa jaso du, hala nola, Laboral Kutxa, Eusko Jaurlaritza, Baserria KM0, Occident Beloki Aseguruak, Berria, Eusko Label, El Diario Vasco, Euskadi eta Gipuzkoako Triatloi Federazioak, Nik Tri Triatloi taldea, eta Gipuzkoako Foru Aldundia.
Enbaxadoreak
Partaideen artean, erronkako enbaxadoreak daude astero fin-fin arituko direnak entrenamenduak jarraitzen. Aurten, Nerea Mazo, Jon Olivares eta Miren Arrieta aktoreak izango dira enbaxadore lanetan arituko direnak.
«Urduri nago, beldur puntu batekin, baina gogotsu. Nik uste dut korrikan eta bizikletan ondo moldatuko naizela, eta igerian hortxe-hortxe ibiliko naiz» adierazi du Jon Olivares aktoreak. «Ni ere gogotsu eta urduritasun puntu batekin nago, erronka bat izango da hau niretzat» dio Miren Arrietak. Nerea Mazo, aurreko urtean bilakatu zen triatleta, eta aurten distantzia bikoiztuko du. «Gogotsu eta animo askorekin nago. Aurreko urtean baina sendoago sentitzen naiz aurten. Hala ere, badut beldur puntu hori» aipatu du Mazok.
Hamar urtetik gora
Triatloia Maite Dut egitasmoak hamarkada bat baino gehiago darama gazteen eta emakumeen artean kirola, euskara eta laguntasuna bezalako balioak sustatzen. 2011. urtean, Arazi eta Fitgüne enpresek beraien indarrak batu zituzten, helburu bakar batekin triatloia gazte zein emakumeengana gerturatzea.
Lehena kudeaketa eta ekitaldietan aditua (Arazi) eta bigarrena, kirol aholkularitzan (Fitgüne), erronka honi aurre egiteko tandem egokia osatzen zuten. Animatu eta hasi lanean.
¿Tienes una suscripción? Inicia sesión