Zarautz
Igandean haurrak protagonista eta asteartean, Euskal Asteko egun handiaIrailaren 9ko proposamen zabal eta oparoak emango dio amaiera aste osoko egitarauari
Larunbateko Euskararen Egunaren ondoren, igande honetan haur eta gaztetxoek hartuko dute protagonismoa Euskal Astearen barne eta dantzari txikiak ibiliko dira han-hemenka herrian zehar beren dantzak erakutsiaz. Oso egun polita izaten eta ea eguraldiak eguna errespetatzen duen eta gutxienik, euririk egiten ez duen.
Publicidad
Haurren Euskal Jai eguna eta gero, asteartean, irailaren 9an amaituko da Euskal Asteko egitaraua, egun guztiko proposamen zabal eta oparoarekin. Goizeko 7;00etako dianaren ondoren, 8.00etan, Goiztiarrak taldeak bere ibilbidea hasiko du, urtero moduan, aintzinako ohiturak berreskuratuz eta garai bateko pertsonaiak irudikatuz kalez kale. Ordu berean, Gure Boza otxotea hasiko da kaleetan zehar beraien abestiak kantatuz. Aldi berean, 8:00etan, txistulariak, trikitilariak, dultzaineroak eta Iturengo tunturroak aterako dira, egun guztia girotuko dutelarik beraien ibilkera eta soinuekin.
Goizeko 10:30ean, Frantziskotarren elizan meza nagusia izango da, Schola Cantorum abesbatzak abestua, elizkizunari amaiera 'Arantzazuko Ama Birjina' kantatuz emango zaiolarik.
Mezaren ondoren, Frontoi Txikin, Goiztarrak taldearen eskutik, pilota partidak, herri-kirolak eta bertsolariak izango dira. Era berean, 11:00etatik 14:00ak bitartean, Torre Luzea parkean, egurrezko jolasak jarriko dira haurrentzat.
Alproja taldeak ere urteroko antzezpena mimoz prestatu du, Munoan erakutsiko duelarik, aurten 'Dena erosterik ez' izenburupean. Taldeak 11:45ean egingo du irteera San Inazio kaletik, eta Kale Nagusia, Torre Luzea parkea, Nafarroa kalea eta Munoa zeharkatu ondoren, Munoan izango dira 12:00etan, aipatutako antzezpena eskaintzeko.
Antzezpenaren ondoren, Munoan, erromeria hasiko da Bide Batez taldearekin. Bestalde, Musika Plazan, erromeria izango da trikitilari, txistulari eta dultzaineroekin. Era berean, ordu berean trikitilariekin erromeria Lege Zaharren enparantzan.
Publicidad
Eguerdiko 13:00etan, Lege Zaharren enparantzan, karro-lehiaketaren sari-banaketa egingo da eta 13:30ean toki berean, Jose Luis Lasak prestaturiko karroza ikusgai egongo da. Jarraian, 14:00etan Musika Plazan, ezin falta Lizarrako Larrain Dantza herrikoia dultzaineroekin.
Arratsaldeari begira, 17:30ean Musika Plazatik Iñurritzara kalejira izango da, trikitilari, dultzainero eta txistulariekin; 18:00etan, Iñurritzan, haurrentzako herri-kirolak Kulki taldearen eskutik eta 18:30etatik aurrera, Iñurritzako zelaian, erromeria Eingo taldearekin. Arratsaldeko egitaraua Iñurritzan, Lizarrako Larrain Dantza herrikoiarekin amaitulo da 20:00etan, segidan 20:30ean berriz kalejiran herrira itzultzeko.
Publicidad
Gauekoari dagokionez, 22:00etatik aurrera, dantzaldia izango da Munoan Bide Batez taldearen eskutik eta 22:30ean hasita, Musika Plazan, erromeria trikitilariekin.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión