Zarautz
Etxekoak, Ainitze Zumeta eta Mikel Lopetegi, onenak Bi Harri TxapelketanAinitzek errekor berria ezarri zuen 33 jasoladirekin eta Urrak borroka handia izan zuen Azpiazurekin
Jai Txiki eta Mollarri harri baldarrak txandaka jaso behar zituzten Bi Harri Txapelketan Aritzbatalde pilotalekuan joan den larunbatean, eta onenak herritarrak izan ziren, Ainitze Zumeta nesketan eta Mikel Lopeetegi 'Urra' mutiletan.
Hamabi harrijasotzaile elkartu ziren zazpi minututako lana burutzeko asmoz, sei neska eta beste sei mutil, eta ikuskizun bikaina eskaini zuten denek. Urtez urte gora doa denen maila eta bai nesken bosgarren edizioan eta baita gizonezkoetan bederatzigarren txapelketan borroka estuak ikusi ziren.
Emakumezkoak izan ziren lehenak lehiatzen eta herritar batek ekin zion lanari. Maddi Gesalagak egun berezi zuen, bere hamazazpigarren urtebetetze egunean plazara atera eta opari bat egin zion bere buruari, sailkapenean bigarren amaitu bai zuen zarauztarrak.
Jai Txikirekin ekin zion Maddik lanari (68 kilo) eta txandatuz Mollarri harriarekin (64 kilo) denera 30 jasoaldi eman zizkion harri pareari. Joan den urtean 23 jasoaldi burutu zituen eta garbi ikusi zen goraka datorren kirolaria dela herrian.
Erreferentziarik gabe ekin zion lanari eta beste guztiei beldurra sartzeko muduko marka utzi zien, ez da ahaztu behar errekorra Zumetak zuela 31 jasoaldirekin eta Maddi batera besterik ez zela geratu. Horrek garbi erakusten zuen egindako lana benetan zela ona.
Zozketaren arabera jarraian etorri ziren Sara Jimenez de Aberasturi (26 jasoaldi) eta txapela jazteko autagai nagusia zen Ainitze Zumeta zarauztarra. Maddiri aurrea hartzeko bere errekorra berdindu beharra zuen eta ez zuen hutsegin.
Bukaeran nekatuta ikusi zen Ainitze baina ez da harritzekoa errekor berria ezarri bai zuen 33 altxaldirekin, beraz gain saria ere izan zuen marka hobetzeagatik. Bigarren urtez jarraian berea izango zen Bi Harri Txapelketa.
Ondoren etorri ziren Estefania Etxebeste eta Lierni Osa zarauztarra eta biek ala biek 30 altxaldi osatu zituzten. Hiru harrijaso-tzaile berdinduta ziren beraz sailkapen orokorrean eta honelakotan bakoitzaren pixuak erabakitzen du txanda. Maddi arinena zenez, bigarren sailkatu zen eta ondoren Lierni eta Estefania.
Azken emakumea Eider Garcia Durana izan zen eta bukaeran izandako arazoak medio 23 jasoaldirekin amaitu zuen.
Urra berriz txapeldun
Emakumezkoen saioa amaitu ondoren, gizonezkoen txanda etorri zen eta lehen kirolaria herritarra baita, Hodei Iruretagoiena 'Izeta IV.' txapelketa hau bi aldiz irabazitako harrijasotzailea, 2018an eta 2019an.
Hauek ere bi harri baldar baina pixu handiagokoaak biak. Jai Txiki 117 kilokoa eta Mollarri 119koa. Hodeiek 19 aldiz berdindu zituen harriak, bere marka hoberenetik zertxobait urrun.
Iker Sojo gazteiztarrak bere aldetik, 14 jasoaldi eman zizkion harri pareari eta jarraian Gorka Etxeberriaren txanda etorriko zen. Ortzaikakoak 17 altxaldi burutu zituen.
Urraren arerio gogorrena izan zitekeenaren txanda etorri zen gero. Paulo Azpiazu gora datorren harrijasotzailea da eta azken bi urtetan zarauztarraren atzetik sailkatu izan da. Bergarakoak oso lan ona egin eta txapelketako marka onena berdindu zuen 31 altxaldirekin.
Arratsaldeko une erabakiorrenaren atarian zeuden ikusleak. Zozketak Pauloren atzetik jarri zuen Mikel Lopetegi eta honek hasi aurretik bazekien zer egin behar zuen txapela berriz buruan izateko, 31 jasoaldi eman, zeren berdinduz gero, pixu gutxiago duenez garaile izango zen.
Urrak ondo ekin zion bere lanari eta izan zuen aukera errekor berriaren bila joateko baina 31 osatu zituenean eta jakinik irabazle zela, besoak altxa eta txaloak jasotzearekin amaitutzat eman zuen bere lana.
Aimar Galarraga oriotarrak itxi zuen arratsaldea 20 altxadirekin hirugarren bukatuz. Bi zarauztar irabazleak oso pozik azaldu ziren txapelketa amaitutakoan.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.