Bizikleta irteera antolatu du Zarauzko Triatloi Elkarteak larunbaterako
Juan Mari Zubiaurre
zarautz.
Asteazkena, 15 urria 2025, 20:48
Zarauzko Triatloi Elkarteak (ZTE) bizikleta irteera antolatu du urriaren 18rako, larunbaterako. Goizeko 9:00etan elkartuko dira partaideak Andra Maria Zeruratzearen parrokiaren aurrealdean. Ondoren, bi taldetan banatuko dira txirrindulariak, itzuli laburra egin nahi dutenak alde batetik eta luzea egingo dutenak bestetik.
Lehen ibilbideari dagokionez, laburra, Zumaiara joango dira eta ondoren Bedua jatetxetik igaroko dira. Taldea Maria Jauregik gidatuko du. Guztira, 25-30 kilometro egingo dituzte. Bigarrena, berriz luzeagoa, Kalbarixura izango da, Itziar eta Mutrikutik igaroko dira, eta Ainhoa Muruak gidatuko du. Talde honek, 70 kilometro inguru egingo ditu.
ZTEk azaldu du jende asko batzen bada, sei txirrindulariko taldeak egingo dituztela, eta erritmo ezberdinetan joango direla. Gainera, errepidean gero eta emakume gehiago ikusten direnez, emakumeak animatu nahi dituzte ekitaldian parte hartzera.