'Berdintasunaren Legea berritzea' mozioa onartu dute, aho batez
JOSU ARANBERRI
Usurbil.
Igandea, 6 martxoa 2022, 00:14
Martxoaren 8a hurbiltzen ari den honetan, udalbatzak, berdintasun politiken eta zerbitzuen diseinuan eta plangintzan aurrera egiteko konpromisoa hartzearekin batera, udalerrian antolatutako mobilizazioetan parte hartzera deitu ditu herritarrak.
Martxoaren 8ari lotutako mozioa aho batez onartu dute otsaileko osoko bilkuran, 'Berdintasunaren Legea berritzea, berdintasunaren aldeko konpromisoa indartzea' izenburu duena. Horren esanetan, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkorra lortzeko «bide luzea» dago egiteko, eta zentzu horretan, Berdintasunerako 4/2005 Legearen aldaketa onartzeari balioa emateko beharra aldarrikatzen du, «berdintasunaren alde eta indarkeria matxistaren aurka jauzi kualitatiboa egitea ahalbidetuko duen arau-esparrua eraikitzeko testuinguru egokian sustraituta baitago». Izan ere, horren arabera, lege aldaketak berdintasun-politikak indartuko ditu.
Hobariak
Urtarrilean, guztira, 60 herritarrek egin dute hobarien onuradun izateko eskaera. Horietatik 45 pertsonei aitortu zaie jasotzeko eskubidea. Horietatik 31k %90eko onura jasoko dute azpian zerrendatutako zerbitzuengatik (12k %75ekoa eta gainerako biek %50ekoa).
Hobariak honako zerbitzuei aplikatzen zaizkie: ur hornidura, hondakinen bilketa eta tratamendua, estolderia, hiletak (ehorzketak eta hobitik ateratzea, panteoikoak izan ezik), udal-baratzeen erabilera, Oiardo kiroldegiko abonuak eta ikastaroak, Haur Eskola eta Udajolas.
Udalean aurrez aurre edo telematikoki eska daitezke hobariak (zergak, tasak eta isunak atalean). Hobarien inguruko informazio guztia biltzen duten esku-orriak banatu zituen udalak etxez etxe: nahi izanez gero, udalean bertan eska daitezke, edo, bestela, lotura honetan ere deskarga daiteke.