Orio
Parrilla Festako bazkarietarako txartelak asteazken honetan bertan jarriko dituzte salgaiHerriko Plaza elkarte gastronomiko erraldoi bilakatuko dute urrian, 200 pertsonentzako otordu bereziarekin
Orioko Parrilla Festa urriaren 3tik 5era ospatuko dute herrian, eta Orioko Udalak eta festaren antolakuntzan parte hartu duten eragileek egitarauaren berri eman zuten iraila hasieran. Ekitaldi nagusietako bat izango da urriaren 4ko bazkaria Herriko Plazan, eta bazkarietarako txartelak gaur bertan, irailaren 17an, jarriko dituzte salgai turismo bulegoan, 16:00etatik aurrera.
Herriko Plaza elkarte gastronomiko erraldoi bilakatuko da urriaren 4an, eta 200 pertsonek izango dute otorduaz gozatzeko aukera. Bazkari berezia izango da: lehen platerak, postrea eta edaria egongo dira menuaren barruan, eta horiek herriko tabernek eta gozotegiek jarriko dituzte. Aldiz, arraina erabiltzaile bakoitzak ekarri beharko du, baldintza batekin: Orioko arraindegi batean erositako arraina izan beharko du —erosketa-txartela konprobatuko da—. Eta prestatu ere, talde bakoitzeko ordezkariek prestatu beharko dute, herriko parrilleroen laguntzarekin.
Arraina herrian erosita, hurbileko merkataritza jasangarria sustatuko da, eta horregatik da garrantzitsua erosketa-txartela erakustea. Azken orduko sorpresarik ez izateko, arraindegiekin aldez aurretik hitz egiteko aukera dago, egun horretako arraina eskatzeko.
Txartelak salgai
Bazkarian parte hartu nahi duten herritarrek taldeetan antolatu beharko dira, eta talde bakoitzeko ordezkari bat joan beharko da turismo bulegora txartela lortzera, gaur arratsaldeko16:00etatik aurrera.
Ordezkariak zehaztu beharko du zenbat lagunek osatuko duten taldea, eta nortzuk arduratuko diren arraina prestatzeaz, parrilleroen laguntzarekin. Gainera, zenbat arrain pieza ekarriko dituzten adierazi beharko dute, eta harremanetarako telefonoa eman. Pertsona bakoitzak 20 euro ordaindu beharko ditu (arraina aparte). Prezio horren barruan dago: tabernek prestatutako lau errazio (entsalada, txanpiñoiak, kroketa eta olagarroa), ura eta sagardoa, eta postrea. Arraina erretzeko beharrezko ikatza, olioa, baratxuriak eta abar prezio horren barruan sartuko dira.
Pertsona bakoitzeko hamar pertsonentzako otordua erreserbatu ahalko da. Bazkaria hiru txandatan antolatuko da, eta talde bakoitzak zein txandatan bazkaldu nahi duen ere zehaztu beharko du. Aukera paregabea izango da herriko parrilleroen teknikak ezagutzeko eta haien esperientziatik ikasteko. Eguna bukatzeko, Iratz eta Imanol Urkizuk emanaldia eskainiko dute arratsaldean plazan, 19:00etan.
Pintxo-poterako zerrenda
Bestalde, urriaren 3an, iluntzean, Herriko Plazan egingo den pintxo-pote gastronomikorako txartelak joan zen asteartean, hilaren 9an, jarri zituzten salgai, eta egunean bertan agortu ziren. Dena den, txartelik gabe geratu diren herritarrek aukera dute itxaron zerrendan izena emateko turismo bulegoan, eta beste txanda bat antolatzeko aukera aztertuko du Udalak.