Orio
Orio B txapeldun eta, 8 urte eta gero, Zarauzko Ikurriña OrioraBeste asteburu handi bat Orio Arraunketa Elkartearentzat, oraingoan batipat gizonezkoen bi traineruentzat. Anjel Larrañagak entrenatzen duen Orio B ontziak denboraldiko azken estropada irabazi zuen, Kantabriako Colindres herrian. Liga bikain menperatu dute, 12 estropada jokatu eta 9 garaipenekin, azken bostak jarraian. Datorren denboraldian ARC1ean jardungo dute. Mutilek, igande arratsaldeko harreran, denboraldian lortutako bandera guztiak erakutsi zituzten, zaletuen txaloak eta zorionak jasoz.
Eta nola ez, garaipen handia lehen traineruak, Zarauzko Ikurriña etxera ekarriz. Zortzi urte zeramatzan, 2017tik, Zarautzen garaipenik lortu gabe, baina aurten bi jardunaldietan nagusitasun osoa erakutsiz, Ikurriña Oriora ekartzea lortu dute. Egun batetik bestera egindako aldaketek ez zuten eraginik izan, traineruak sendotasun berdina erakutsi zuen. Liga esku-eskura dute, nahiz oraindik estropadak geratzen diren, datorren asteburuan Ondarroan eta Getarian.
Emakumeak, azkenik, hirugarren izan ziren Zarautzen, Arraun Lagunak eta Tolosaldearen atzetik, nahiz sailkapen orokorrean bigarren postua mantentzen dute.