Orio
Arima Soul eta DJ Makalaren emanaldiak, gaur hondartzanLidia Insaustik gidatzen duen taldeak 20:00etan joko du eta 21:30etik aurrera DJ Makala arduratuko da jendea dantzan jartzeaz
Larunbat gau berezia izango da gaur Orion, hondartzan hain zuzen ere. Lehenik eta behin, 20:00etan, Arima Soul taldeak bere disko berria aurkeztuko du zuzenean, 'Gaua' izenekoa. Lidia Insaustik (ahotsa) eta Mikel Makalak (baxua) gidatutako proiektua izanik, haiekin batera zuzenean Antxon Sarasua teklatuetan, Martin Asarian gitarran eta Celes Albizu baterian arituko dira. Kontzertua amaitzerakoan, 21:30ak aldera, DJ Makala arduratuko da Orioko hondartzara hurbiltzen den jende guztia dantzan jartzen.
Udalak antolatuta, udako programaren barne kokatzen da gaurko kontzertua. Soul, funk eta antzeko doinuak izango dira entzungai hondartzako berdegunean, Mikel Unzurrunzaga DJ Makalak eta Lidia Insaustik osatutako Arima Soul taldearen eskutik.
Arima Soul bikotea 2020an sortu zen Zarautzen, eta ordutik, EP bat, hainbat single eta estudioko disko bat kaleratu dituzte, Elkar Musika, Vinilos Enlace Funk eta Orrua Diskak diskoetxeen bidez. Horrez gain, musikari ezagunekin kolaboratu dute, hala nola, Paul San Martin, Jokin Vitoria, Gorka Gaztanbide, Hilario Rodeiro, Gonzalo Encinal, Andres Navascues, Antxon Sarasua eta Martin Asarianekin. 60tik gora kontzertu eskaini dituzte Euskal Herrian zein gure mugetatik kanpo.
DJ Makala zarauztarra artista ezaguna da. 90ko hamarkadan hasi zen DJ modura musika jartzen, eta ordutik ibilbide oparoa egin du. Urte hauetan guztietan disko jartzaile, irratiko esatari, musikari, erremix-egile, ekoizle eta kultur eragile modura aritu da lanean.