Orio
Aitziber Garmendia, Kandido Uranga, Beñat Sarasola, Sara Azurza eta beste hainbat sortzaile, udazkeneko egitarauanZinemak eta antzerkiak protagonismo berezia izango dute datozen bi hilabeteetan, baina orotariko proposamenak izango dira
Antxon Etxeberria
orio.
Sábado, 11 de octubre 2025
Orioko Udalak udazkeneko kultur egitaraua banatu du etxez etxe. Urrian eta azaroan herrian egingo diren jarduerak biltzen ditu eskuorriak, eta aurrerago, abenduan, San Nikolas festetako eta Gabonetako programen berri emango du Udalak.
Publicidad
Egitarauari Parrilla Festarekin hasiera indartsua eman zitzaion eta kultur ekintzei dagokienez, zinemak eta antzerkiak protagonismo berezia izango dute udazkenean, eta orotariko proposamenak izango dira herrian, hala nola, Talaimendi mendi elkartearen eskutik, 'Zazpi, kontakizun bat tontorrez tontor' eta 'Eutsi Maialen' mendiari lotutako dokumentalen proiekzioa datorren ostegunean, urriaren 16an, 19:00etatik aurrera, kultur etxean. Lehenengoa eta gero Unai Ugartemendiak bideratutako solasaldia izango da protagonistekin. Bigarrena, Maialen Osa mendi lasterkariari buruzko dokumentala izango da. Hurrengo egunerako, urriaren 17an, Xanti Agirrezabalaren 'Satiro' antzezlanaren emanaldia iragartzen da; Kandido Uranga protagonista duen Gabriel Arestirekin emankizuna, hilaren 25ean; eta Jon Plazaola eta Aitziber Garmendiaren 'Arizona' obra, azaroaren 22an.
Hitzaldi edo solasaldiei dagokienez, hiru saio aurreikusi dira: Beñat Sarasolaren Ezerezean aztarrika: Jorge Oteizaren nazioarteko ibilbide itsua, urriaren 22an; Xerka erakusketari lotutako solasaldia, Joseba Olagarai eta Martxel Larrazarekin, urriaren 23an; eta Jose Maria Sarasola Zainbizi elkarteko kideak emango duen Heriotzaren taupadak hitzaldia, azaroaren 2an.
Datorren ostegunean mendiari lotutako dokumentalak eskainiko dira kultur etxean
Musikaren alorrean, bestetik, Sara Azurzaren emanaldia izango da azaroaren 1ean, kultur etxean, eta hainbat ikastaro ere eskainiko dira datozen asteetan: alde batetik, Zer gertatzen da gizonek zaintzea aukeratzen dugunean? bi saioko tailerra, Saregileren eskutik; eta Nola lagundu haurrari irakurzaletzen? topaketak, guraso eta irakasleei zuzenduta, liburutegian.
Kirola ere ez da faltako; Orioko Surf Taldeak Emakumeen Surf Topaketa egin berri du Saregilerekin batera eta River Box&Roll boxeo elkarteak boxeo jaialdia egingo du azaroan zehar Karela kiroldegian. Urteroko jarduerak ere aurrera egingo dute, hala nola, ipuin-kontalariaren hitzorduak urrian (bi saio) eta azaroan; eta Gau Beltzeko ospakizuna, urriaren 31n. Festei dagokionez, asteburu honetako Goiko Kaleko festen ondoren, San Martin auzoko festak izango dira azaroaren 6tik 16ra.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión