'Udako musika printzak' ekimeneko lehen kontzertua, ostegunean
Hiru emanaldi antolatu dituzte guztira. Estreinakoa Frantziskanetako eliza atarian izango da, 21:00etan hasita
Eli Aizpuru
Azpeitia
Asteartea, 11 uztaila 2023, 17:33
Uztailean musika herriko txoko berezi eta ikusgarrietara eramateko 'Udako musika printzak' egitasmoa antolatu du udalak beste urte batez. Ostegunean hasiko da ekimena eta hiru kontzertu eskainiko dira guztira. Ostegunekoa Frantziskanetako eliz atarian izango da; hilaren 16an, Parrokian jarraituko du eta 22an, Loiolako basilikan.
Ostegunean, 21:00etan hasita, Frantziskanetako eliza atarian klarinete eta piano kontzertua eskainiko da. Claudia Alduncin andoaindarra klarinetean eta Ignacio Arakistain pianoan direla, XIX. eta XX. mendeetako musikarien musika interpretatuko dute; Schumann, Poulenc eta Horovitz-en lanak, hain zuzen. «Aukera paregabea izango da Azpeitiko txoko berri bat begirada berritu batekin ezagutzeko. Eskerrak eman bertako monjei lekua uzteagatik», diote antolatzaileek.
Uztailaren 16an, igandean, 19:00etan, Eragiyok abesbatzaren kontzertua izango da Soreasuko Sebastianen Parrokian. Eragiyok Abesbatza duela zenbait urte sortu zuten Astigarraga eta Donostialdeko zenbait abeslarik. Gizonen koruek Euskal Herrian betidanik izan duten tradizioari jarraituz, euskal folklorea eta musika klasikoaren lan garrantzitsuenak interpretatzeko asmoarekin sortu zuten hamabost-hogei lagunez osatutako abesbatza da.
Azkenik, uztailaren 22an, larunbatean, 20:30ean hasita Loiolako basilikan 'Zure eskutik mundurantz' ekitaldi artistikoa izango da ikusgai. Azpeitian Missa in honorem Immac Concept B. M. V Vicente Goicoechea arabarraren lana interpretatuko dute Ignacio Arakistain organoan lagun dutela. Bigarren zatian, euskal folklorearen lanketaren erakusgarri izan diren Sabin Salaberri, Jesus Guridi edo Luis Arambururen lanak interpretatuko dituzte, besteak beste.