Sokamuturra izango da larunbat honetan, Errebaleko San Martin jaiak direla-eta
16:30ean hasiko da eta Errebalean ez ezik, Artetxe parean ere ibiliko da
Bustintzuriko Errebaleko jaiak ospatuko dira asteburuan eta ohi denez, sokamuturra antolatu du Zezen Beltz elkarteak bertako egitarauaren barruan, Beraz, herritarrek eta zezen zaleek izango dute non gozatua zapatu arratsaldean, 16:30ean hasita.
Antolatzaileek zezenaren aldaketak eta loturak zehaztu dituzte. Irteera, ohi bezala, Urtzi tabernaren parean izango da. «Han bost minutu inguru ibili ondoren, zezena aldatuko da. Leku aldaketa dela eta, bigarren zezena Artetxenean botako da; hori ere 10 minutu inguru ibiliko da kalean, eta ondoren, sokamutilen laguntzaz, mugituko da Errebalera. Beste bost bat minutu han ibili ondoren, zezena kamioira sartuko da», esan dute.
Ibilbidea eta zezenaren aldaketak zehaztearen arrazoia saioa «dinamikoagoa» izateko helburuarekin egin dutela adierazi dute Zezen Beltz elkartekoek.
Zezena loturaz mugituko den bakoitzean abisua emango dutela ere aurreratu dute baina «arretaz» ibiltzeko deia luzatu dute.