Azpeitia
Laia Elorza igerilaria eta Peio Ziarsolo mendi lasterkaria dira 2024ko Kirolari onenak25 urtez Mikel San Juan tailugileraren lanak jaso dituzte Azpeitian kirolariek eta hau ere omendua izan zen atzo, Koldo Aldalur kazetariarekin batera
Kirola garrantzitsua da Azpeitian. Horren adierazle 2000. urtetik kirolari onenaren sariak banatzen ditu Udalak. 25 urtez, pandemiarekin bakarrik huts egin zuten, sariak banatu dira eta atzokoan ere kirolari eta herriko klubetako kide ugari elkartu ziren Sanagustin kulturgunean. Urte bikaina izan duten kirolariak, bai lortutako emaitzengatik, baita izandako ibilbideagatik ere, saritu ziren.
Peio Ziarsolo mendi lasterkaria eta Laia Elorza igerilaria nabarmendu dira aurtengoan.
Lagun Onak mendi bazkunako kide da Ziarsolo. Azpitxapelduna izan da Euskal Herriko Kopa Trail proban, jubenil mailan. Santa Barbara igoera irabazi du eta Flysh Trail laburrean ere 3. postua lortu zuen. Espainiako Kopako lasterketa ere irabazi zuen Malagan eta Kopako sailkapenean hirugarren postua eskuratu ere, besteak beste.
Laia Elorza igerilariak ere urte bikaina izan du. 50m. eta 100 m. bular probetan Euskal Herriko txapelduna izan da, infantil kategorian. Estatu mailako txapelketan, berriz, finalista izan da 50 bular proban, klubaren errekorra hautsiz.
Boluntario onenaren saria
Bestalde, boluntariotza ere saritu ohi da Azpeitiko kirolaren galan eta oraingoan Stephanie Thurman nabarmendu da. 10 urte baino gehiago daramatza jada azpeitiartu den estatubatuarrak ISB-ko zuzendaritzan eta bere lana «beharrezkoa izan da kluba 50. urteurrenera dagoen lekura iristeko».
Hauekin batera beste kirolari ugari ere nabarmenduak izan dira urtean zehar egindako lanagatik (argazkian).
25 urteko ibilbidea
Azpeitiko kirol sariak 25 urte bete dituzte eta horietan guztietan saritutako herritarrek oroigarri esanguratsaua jaso izan dute, Mikel San Juan tailagileak egindakoa. Hori dela eta, San Juanek berak ere errekonozimendua jaso zuen atzokoan eta alboan beste hainbeste urtean, esatari lanetan aritu den Koldo Aldalur ere ez zuten ahaztu antolatzaileek. Txalo zaparrada artean jaso zuten omenalditxoa.