Kilimak eta Heitxi, Puro Relajo, Zea Mays edo Brigade Locoren kontzertuak izango dira saninazioetan
Udalak antolatuta ditu festetako emanaldiak eta hasi da programa banatzen. Hala ere, ostegunean, 18.30ean, egingo du aurkezpen ofiziala, herriko plazan
Santioak ate joka dira Azpeitian. Datorren astean hasiko dira festak eta ondoren, saninazioetako txupinazoa izango da, bata besteari lekua emanez. Udalak, jada zehaztuta du egun horietan izango den egitaraua eta azken egunetan egongo diren ekitaldien zertzelada batzuk eman baditu ere, dagoeneko hasiak dira programak etxez etxe banatzen.Ostegun honetan, 18:30ean, hitzordu garrantzitsua zehaztu du erakundeak eta egitarauren berri emango du, herriko plazan.
Festetako egitaraua zabala bada ere, hona hemen udalak antolatu dituen kontzertuetako batzuk. Uztailaren 26an Kilimak eta Heitxi taldeak izango dira herrian. Uztailaren 30ean, txupinazoaren egunean, Puro Relajoren doinuek dantzan jarriko dute berriro ere Azpeitia.
Zea Mays taldearen tartea izango da San Inazio Egunean eta abuztuaren 1ean, berriz, Brigade Loco izango da oholtza gainean.
«Plaza beteta eta jendea dantzan ikusi nahi dugu; horregatik, gaur egun arrakasta handia duten eta jende asko mugitzen duten taldeak izango dira saninazioetan», esan du Mikel Odriozola Festa batzordeburuak.
Nabarmendu du udalak euskal taldeei eman diela lehentasuna beste behin ere, eta, horretaz gain, adin guztietako herritarrengana iritsi ahal izateko, estilo ezberdinetako taldeen alde egin duela. Iragarritako talde horiek guztiak plazan izango dira. Hala ere, kaleko musikak ere tarte zabala izango du festetan. Besteak beste, Euskal Herriko IV. Elektrotxaranga Lehiaketa irabazi berri duen 3indarrok taldeak joko du uztailaren 30ean, eta gainerako egun guztietan ere izango dira kaleko emanaldiak.