'Izpi izpi' hasi du Kilometroak 2024rako bidea Azpeitiko Ikastolak
Soreasu antzokian, musikaz eta dantzaz, aurkeztu dituzte logoa, leloa eta webgunea
Jai giroan eta «helburu handiekin» hartu du Azpeitiko Ikastola Ikasberrik Kilometroak 2024 antolatzeko ardura. Atzo egin zuten aurkezpen ekitaldia Soreasu antzokian eta kilometroetako logoa, leloa eta webgunea aurkeztu zituzten.
Aurtengoan Azpeitian egingo diren laugarren Kilometroak izango dira, 1979, 2000 eta 2011koen ondotik. «Ez da lehen aldia, baina, bakoitza da berria. Izan ere, lehenengo hartatik eta gerokoetatik aldatu dira ikasleak, gurasoak, irakasleak, aldatu da Ikastola, herria, gizartea, eta, ezinbestean, aldatu dira beharrak ere. Horregatik, lehen aldiaren errespetuz eta ilusioz ekiten diogu bide honi, garenetik eta dakigunetik, izan nahi dugun horretan jarririk begiak, indarrak... eta izpiak», azaldu zuen Olatz Prat ikastolako guraso eta aurkezleak.
Izpiak. Askotan entzungo da hitza urtean zehar. Izan ere, 'Izpiz izpi' izango da Kilometroak 2024ko leloa. «Ikastolak herritik sortuak gara eta jabetzen gara herrigintzak eta nazio eraikuntzak duten garrantziaz. Euskara dugu ardatz eta ipar-orratz. Eta horrez gain, argi dugu aniztasunean sortzen diren harreman eraikitzaileetan dagoela aberastasuna. Horregatik, 2024ko kilometroetako urtea 3 ardatz lan-tzeko urtea izatea nahi dugu: izpiz-izpi, ahoz-aho arituko gara Euskaraz, izpiz-izpi, eskuz-esku landuko ditugu Kulturartekotasuna eta aniztasuna eta izpiz-izpi, pausoz pauso jarraituko dugu Herrigintzan», azaldu dute Igor Aranbarri eta Amaia Mendizabal Ikastolako Artezkaritzako kideek.
Eta izpiekin bizi da eguzki lorea. Hortik Kilometroak 2024k izango duen irudia: eguzki lorea. «Eguzki lorearen hosto guztiak ezberdinak dira, baditu luzeak eta baditu txikiak baita zabalak eta estuak ere. Batzuk okerrak dira eta besteak oso zuzenak, zaharrak berriez inguratuta daude eta ximelek freskoak biltzen dituzte baina denak dira beharrezkoak lore eder hau osatzeko».
Elkarlanaren beharra azpimarratu zuten horretarako: «Hostook egingo dugun elkarlanari esker aterako zaizkigu hazi berriak, hau da ikasle eta hiztun berriak. Ikastolatik ateratakoan, lan munduan, aisialdian... beraiekin eramango dute euskara eta lore berri bihurtuko dira. Euskal Herria eguzki lorez beteriko zelai eder bat bihurtuz».
Www.kilometroak.eus atarian zintzilikatuko dituzte bidean egindako ekitaldi, jaialdi eta gainerako informazioa.