«Euskara garatzeko aukerak behar ditugu»
Udalerri euskaldunak «pauso gehiago emateko harrobia» direla nabarmendu du UEMAk eta egunerokoan egindako lana eskertu
Udalerri euskaldunen garrantzia nabarmentzeko eta «herri honek euskarari eusteko» egindako bidea omentzeko UEMAk, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, ekitaldia izan du larunbat goiz honetan Azpeitiako Soreasu Antzokian. Batzar Nagusiak espero bezala Arrankudiaga-Zollo, Arruazu, Etxebarria eta Doneztebeko udalek egindako eskaria onartu du eta, hala, ehun udalerriko lana gainditu du mankomunitateak. Orain, 101 dira kideak eta, orotara, 305.000 biztanleko lurgunea osatzen dute.
Publicidad
UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanok abiapuntua eta egindako bidea gogoratu du, emandako pausoekin eta izandako zailtasunekin batera. «Euskal Herria euskalduntzeko bidean, pauso gehiago emateko harrobia dira udalerri euskaldunak, eta euskara indartzeko aukera ez ezik, bideak zabaltzeko ardura ere badugu udalerri euskaldunok. Baina horretarako behar dugu orube bat, euskara garatzeko aukerak, baita lege-aldetik ere».
Era berean, azken 30 urtean euskarak izandako bilakaera soziolingustikoa gogoratu eta horren harira gaur egun udalerri euskaldunek dituzten erronkak ere aipatu ditu: «Aldaketa soziolinguistikoen ondorioz, handitzen ari da ezagutzaren eta erabileraren arteko aldea, eta hori ezinbestean irauli beharra daukagu, arrakala zabaldu ez dadin». Diagnostikoan, argi hitz egin du, emandako pausoen garrantzia nabarmenduz, baina urrats berrien beharra nabarmenduz: «Udaletan badago zer egina, eta jarraituko dugu horretan, baina lehentasunak eta urgentziak beste eremu batean daude orain. Kontziente izan behar dugu horretaz. Eta mugitu egin behar dugu: inertzia erdararen aldekoa da, eta egoerak mugitzea eskatzen digu, berandu izan baino lehen, eta euskara erabat bigarren mailakoa bihurtu baino lehen».
Ekitaldian zehar beste hainbat hitzartze izan dira. Batetik, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak eta Mikel Arregi Nafarroako Gobernuko Euskarabidea Euskararen Nafar Institutuko zuzendariak udalerri euskaldunen eta arnasguneen garrantzia, UEMAk egindako ibilbidea eta erakundeen arteko elkarlanaren garrantzia nabarmendu dute. Bestetik, hainbat eragileren bideoak proiektatu dira, tartean Idurre Eskisabelena, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiarena. Honek egunerokoan UEMAk eta udalerri euskaldunek euskararen biziberritze prozesuari «sekulako ekarpena» egiten diotela adierazi du, etorkizuneko Euskal Herri euskaldunaren ernamuina direla gehitzearekin batera. Antzeko ideia nabarmendu du Dabid Anaut euskara teknikariak ere: «Euskal Herri euskalduna zer izan daitekeen irudikatzeko norabidea eta iparra eman digu UEMAk».
UEMA bide urratzaile eta aitzindari izan dela adierazi dute 'UEMA 100 udal eta hamaika gehiago' lelopean egin den ekitaldian parte hartu duten euskalgintzako zein erakunde publikoetako ordezkariek, eta erabilerari hauspoa emateko erronkari erabaki sendoekin eta elkarlanean heldu beharko zaiola nabarmendu dute, erdaren erauntsipean euskarak bigarren mailan ez geratzeko egiturazko neurriak eta erabakiak ezinbestekoak dituela adieraziz.
Publicidad
Azkenik, UEMAko kide berri diren lau udaletako alkateek hitza hartu dute batzarraren amaieran, eta herritarren eta UEMAren ekarpena eskertu ostean, euskara lehenesteko, herritarren aurreran eredugarri agertzeko eta erabilera areagotzeko ilusioa eta lanerako gogoa agertu dute.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión