Azpeitia
Eragile askoren artean osatutako kaleko festen atzera kontaketa hasi daBehin eskuprogramak banatuta eta egitaraua prest bai udaleko ordezkariek eta baita antolaketan aritutako eragileek Santioak eta Saninazioak gozatzeko deia egiten dute
Hasi da atzera kontaketa. Prest dago Santio eta saninazioetako egitaraua. Udalaren eta hainbat eragileren parte-hartzearekin, beste behin, «kaleko festak eta herritar ororentzarentzakoak» antolatu dituztela azaldu dute Nagore Alkorta alkateak eta Mikel Odriozola festa batzordeburuak.
«Aurten ere, era askotako ekitaldiak eta ekintzak batzen dituen egitaraua osatu dugu, herritarren parte hartzea bultzatuko duten jaiak proposatuz», esan du alkateak eta herritar guztiei festak ondo pasatzeko opa die.
Santio Egunaren zain da jada Azpeitia baina aurretik badira jai giroa berotuko duten beste ekitaldiak ere. Gaur bertan, esaterako, zezen plazan Freestyle motocross erakustaldia (22:00) dago eta sarrerak azken unera arte izango dira eskuragarri.
Santio Eguna, bestalde «betikotik» etorriko da. Urtero legez, 23 sagardogile -iazko berak- izango dira plazan. Sagardo lehikaetarekin batera, gazta lehiaketa, Cesar Valverde pilota txapelketako finalak eta eskualdeko ganadu erakusketa izango dira.
Arratsaldean, errekortadoreak izango dira, beste behin, zezen plazan.
Umeen Eguna igandean, uztailaren 27an izango da aurtengoan. Ohi bezala, erraldoiek hartuko dute Azpeitia eta bada nobedaderik ere. «Kataluniatik etorritako Colla Cegantera de Navas taldeak eta Errezilgo erraldoiek irtengo dute aurrenekoz», aurreratu du festa batzordeburuak.
Barraka Eguna, uztailaren 29an
Bestalde, uztailaren 24an zabalduko dute barraka gunea, Betharrametako atarian. Bidaia bakoitza 2,5 euro kostatuko da. Barraka eguna, berriz, uztailaren 29an izango da, eta egun horretan bidaia bakoitzak 1,5 euroko prezioa izango du.
Aniztasun funtzionala dutenentzako neurriak ere hartu dituzte barraken gunean eta festetako musika saioetan. Hala, musikarik gabeko orduak 17:00etatik 18:30era izango dira, eta ordutegi berezia ere jarri dute aniztasun funtzionaleko txartela duten pertsonak barrakez gozatu ahal izateko. Iaz bezala, kontzertuetan kioskoa egokituko du udalak aniztasun funtzionala duten pertsonek emanaldiak ikus eta entzun ditzaten.
«Bedeinkatutako festak»
Behin santioak eta Umeen Eguna pasata, saninaziotako txupinazoaren zain dira herritarrak. «Bedeinkatutako festak» izango dira aurtengoan, Sebastian Lizasok aurkezpenean esan bezala. izan ere, Kepa Susperregi parroko ohia arduratuko da suziria jaurtitzeaz.
Kontzertuekin -bai herriko eszenatoki desberdinetan egingo direnak eta baita txosna gunean ere - eta ekitaldi desberdinekin batera, bandaren, txarangen edo txistularien kalejirak nabarmendu ditu Odriozolak. «Kaleko festak dira eta kaleak girotzeko garrantzitsua da hauen lana».
Amaitzeko, Indarkeria matxistaren kontra iaz hasitako 'Danok eo iñorrez, danona da festie, danona da ardurie' kanpainarekin jarraituko du udalak aurtengo santioetan eta saninazioetan ere. Indarkeria matxistarik gabeko gunea jarriko dute.
Beraz, han-hemenka ekitaldi desberdinak hasi dira dagoeneko eta festaz gozatzeko deia luzatu dute udal arduradunek eta baita eragile desberdinek ere. «Besteek festaz gozatzeko» ahalegin berezia egin duten horiei guztiei eskerrak luzatu dizkie festa batzordeburuak.