Dena prest urriaren 6an Azpeitian Kilometroak 2024 jaia ospatzeko
Azpeitiko Ikastola Ikasberrik gaur goizean aurkeztu du euskararen aldeko jai erraldoiaren egitaraua eta Pirritx Porrotx eta Marimotots omenduko dira
Dena prest dute Azpeitian Ikastolen eta euskararen aldeko Kilometroak festa erraldoia ospatzeko datorren urriaren 6an. Hasi da atzera kontaketa.
1.000 boluntario arituko dira lanean, dena behar bezala joan dadin. Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak omenduko dituzte, Ikastolaren eta festa honen hiru ardatzekin bat egiten dutelako –Euskara, kulturartekotasuna-aniztasuna, eta herrigintza–.
Bestalde, aniztasun funtzionala duten pertsonentzat ere egokitu dute jaia, eta dei berezia egiten diete etortzeko, «eroso sentituko direlako». Halaber, Ez dute inolako erasorik onartuko, ez matxistarik, ez LGTBIfobikorik ezta arrazistarik ere. «Denona da festa eta denona da ardura. Aske eta errespetuz gozatzera gonbidatzen zaituztegu» adierazi dute ostegun goizean egindako agerraldian. Bertan izan dira Alaitz Epelde Artezkaritzako kidea; Gorka Artola, KMK24ko koordinatzailea eta Alaitz Perez de Arenaza, KMK kultur elkarteko lehendakaria. Hauekin batera, hainbat haurrek, Kilometroetako kamisetekin, jantzi dute aurkezpena.
Lau gunetan banatuko da jaia: Herriko plaza, Esklabak, Ikasberri Ikastola eta Loiola. Ekitaldi ofiziala Ikastolan bertan egingo da eta kalejiran hasiko dute eguna, plazaruntz, bertan Pirritx, Porrotx eta Marimotos omentzeko.
Egun osoan zehar luzatuko da euskararen aldeko jaia euskara, kulturartekotasuna eta aniztasuna eta herrigintza ardatz hartuta.