Antzerki sormen laborategia ipiniko dute martxan urrian eta izena eman daiteke
Oholtzarekin, gorputzarekin eta antzerkiarekin beste harreman modu bat nahi duen edonork dauka lekua eta irailaren 24a arte egin ahalko da inskripzioa
Jueves, 7 de septiembre 2023, 18:31
Dinamoa sormen guneko Helduen Antzerki Sormen Laborategia berriro ipiniko du martxan Kulturaz kooperatibak. Urriaren lehen astean hasiko dira saioak eta ekainaren amaierara arte luzatuko dira. Asteazkenero egingo dira, 19:30etik 21:00era birateko ordutegian. Xanti Agirrezabala aktore eta sortzaile azpeitiarrak gidatutako laborategia izango da.
Publicidad
Dagoeneko zabalik dago izena emateko epea eta irailaren 24a arte izango da horretarako aukera. Prezioari dagokionez, 270 eurokoa da (hileko 30€) . Kultur bonodunek, erretiratuek eta ikasleek 180€ ordaindu beharko dituzte.
Kulturaz kooperatibako sustatzaileen aurrerapenetan «8-12 lagunentzat» lekua izango da.
Laborategiaren xede nagusia «ikastea, sortzea eta antzerkiarekin esperimentatzea» da. 18 urtetik gorako antzerkian lehen urratsak eman nahi dituen pertsona orori zuzenduta dago. « Irudi eszenikoen lanketan trebatu nahi duenari. Bakarka zein taldean sormenean murgiltzen ausartu nahi duenari edo, besterik gabe, zerbait kontatzeko duenari», zehaztu dute. Beraz, izena emateko ez dago zertan antzerkiarekin aurrez esperientziarik izan beharrik.
«Irudi eszenikoak sortzen, desegiten irakurtzen eta erabiltzen ikasten hastea» da laborategiak eskainitzen duena. Hala adierazi du egitasmoaren sustatzaileek. «Gorputza da arte bizien muina eta arrazoia, gorputza eta honek berekin dakarren guztia: bere mugimendua, bere indarra, bere formak, bere adierak, bere kontraesanak, bere luzapenak, bere hustasunak, bere espazioak, bere bakardadeak eta bere kolektibitateak, bere ezkutukoak eta bere agerikoak. Arte bizi horien baitan biltzen dira antzerkia, dantza, zirkua, clowna eta bestelako hainbat proposamen eszeniko. Adierazpide guzti hauek arte plastikoekin, ikus arteekin eta idatzizkoekin nahasten diren lekuan hausten dira oholtzaren mugak».
Era berean, azpimarratu dute, sormen laborategi honetan antzerkia izango da bitartekoa eta helburua. «Antzerkiaren zirrikituak, moduak, arnasak eta sekretuak ikasteko bideak urratzen hastea» da asmoa.
Publicidad
Zalantzak argitzeko edo harremanetarako dinamoa@dinamoa.eus helbidera zuzendu daiteke.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión