Julen Alberdi 'Txikia IV.', Larramendi Torreako jardinean. SARA UTRERA
Azkoitia

«Hemendik aurrera zaila izango da aurten lortutakoa hobetzea»

Julen Alberdi 'Txikia IV.'a | Aizkolaria ·

Azkoitiko urteko kirolari onena izendatu berri dute Julen Alberdi, «lanean jarraitzeko ilusioa ematen duen» saria

SARA UTRERA

Viernes, 30 de diciembre 2022, 20:48

Aizkolarien semea, biloba eta iloba, Julen Alberdi Txikia IV.ak (1991) palmares handi bat izateaz harro egon daiteke: besteak beste, Ramon Latasa Saria (2018), Gipuzkoako Aizkolari Txapelketa (2019), Urrezko Aizkolari Liga (2020), Binakako Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa (2021), eta aurten, Urrezko Aizkolari Binakako Txapelketa, Urrezko Kopa eta Sherpa.ai banakako txapelketak irabazi ditu. Baina ez hori bakarrik, bere herriko urteko kirolari onena izendatu dute ere. Larunbat honetan, gainera, beste titulu bat eskuratzen da Asteasun: Urrezko Aizkolari Kopa.

Publicidad

–Azkoitiko urteko kirolari onena izendatu zaituzte, beste 17 hautagaien aurrean. Espero zenuen?

–Herri Kirol sailetik hautatu zidaten. Izendatu ondoren, aukerak nituela iruditu zitzaidan. Urte ona izan delakoaren sentsazioarekin nengoen eta nago, baina, bestalde, Azkoitian kirolari on asko daude 18 modalitateetan eta zaila da kirol horien aurretik nabarmentzea, baita konparaketa egitea ere, bakoitzak bere zailtasunak baititu. Horregatik uste nuen zaila zela nire kirola besteen aldean nabarmentzea.

–Zer esan nahi du aitorpen hori jasotzeak zuretzat?

–Zure lanari balioa ematen dio, jendeak baloratzen duela eta lanean jarraitzeko ilusioa ematen duela ikusteko ere balio du.

–Aizkolaritza eta herri-kirolak, oro har, futbola, eskubaloia edota pilota baino jarraipen gutxiagoa duten kirolak dira. Alde horretatik, azkoitiarren babesa sentitzen duzu?

–Azkoitia ez da herri txikia, baina ezta oso handia ere, azkenean denok ezagutzen dugu elkar. Kirol nagusi batzuk daude, eta jendeak orokorrean horiek jarraitzen ditu. Hala ere, herriko jendeak jarraitzen nauela nabaritu dut, txapelketa bat izan dudanean edo niri buruzko albisteren bat agertzen denean, kalean gelditu eta animatu egin naute. Ikusten dut badagoela egiten dudanaz interesatzen den jendea, eta horrek ilusioa egiten du.

Ilusioa

«Egiten dudanaz interesatzen den jendea badagoela ikusten dut, horrek ilusioa egiten du»

–Urrezko Aizkora, Urrezko Kopa eta Sherpa.ai txapelketak irabazi dituzu aurten. 2022a zure urtea izan dela esango zenuke?

Publicidad

–Orain arte bai, esango nuke hemendik aurrera zaila izango dela aurten lortutakoa hobetzea.

–Zer falta izan zaio 2022 urteari perfektua izateko?

–Agian, Gipuzkoako txapelketan bigarren postua lortu izana. Alde horretatik, Gipuzkoako txapelketa irabazi izan banu, ez nuke inolako aitzakiarik jarriko. Arantza txiki hori geratu zait, baina gainerako emaitzek soberan konpentsatu dute, eta ez dit kezkarik sortarazten.

–Eta datorren urteari begira, zein dira zure helburuak?

–Nire kirol-errendimendua mantentzea edo hobetzea da nire helburu nagusia. Horrekin gustura geratuko nintzateke. Egia da azkenean dena laburtzen dela emaitzetan. Alde horretatik, emaitzak mantendu edo txapelketa batzuetan hobetzea gustatuko litzaidake. Kontuan hartu behar da aurkariak oso gogorrak direla eta, ni ondo egon arren, besteak ere hortxe dadudela. Lehen hiru postuetarako borrokan egotea zaila da, baina saiatuko naiz. Postu horien artean egoteko eta ahal dudan guztia irabazteko borrokatuko dut.

Publicidad

–Goazen guztiaren hasierara. Nola sortu zitzaizun aizkolaritzarekiko zaletasuna?

–Aitona hasi zen, eta gero osabak eta aitak jarraitu zuten. Nik ez nuen hori bizi, ez ditut aktiboan ezagutu, ni jaio aurretik utzi baitzuten. Baina kirol hau beti jarraitu izan dugu etxean, istorioak entzun eta argazki zaharrak ikusita beti izan dut probatzeko grina eta, hala, nire kasa hasi nintzen piskanaka-piskana probatzen, orain arte.

Helburuak

«Lehen hiru postuen artean egoteko eta ahal dudan guztia irabazteko borrokatuko dut»

–Noiz hasi zinen pentsatzen serio hasi nahi zenuela?

–18 urterekin herri kirol apustu bat egin genuen lagunen artean, eta han aizkorarekin jardun nintzen. Kasualitatea, beste koadrilan Mikel Larrañaga ere zegoela aizkoran. Hor jarri ginen martxan. Gero, ikasketak zirela eta, tarteka ibiltzen nintzen etxean, baina ez serio edo lehiatzeko intentzioarekin. Serio 23 urterekin hartu nuen, ingeniaritza-ikasketak amaitu eta herriko empresa batean lanean hasi nintzenean. Entrenamenduekin hobeto bateratzeko aukera nuela ikusita hasi nintzen.

Publicidad

–Inoiz pentsatu zenuen iritsi zaren lekura iristea?

–Inoiz ez nuke esango. Euskal federazioko hirugarren mailan 23 urterekin atera nintzen lehen aldiz, aurretik asko ibili gabe. Konturatzerako, 24 urterekin, bigarren mailara pasatu nintzen, eta 25ekin Euskal Herriko bigarren mailako finala jokatu eta lehen mailara pasatu nintzen. Urte horretan bertan Gipuzkoako bigarren mailako finala ere irabazi nuen. Beraz, 2016an lurraldeko sailan eta Euskal Herrikoan lehen mailara igo nintzen. Bigarren mailan mantentzea ez zen gutxi, eta gainera finalera iristea... Oso urruti ikusten nuen lehen mailara iristea, ez nuen ikusten oraindik hor nire burua, baina lortu egin nuen. Uste baino gorago iritsi nintzen oso denbora gutxian. Lehen mailara iritsi nintzenean, 2017an eta 2018an ez nintzen finalera iritsi, 2019an bai eta Gipuzkoako lehen mailako txapelketa irabazi ere.

–Mailari dagokionez, orain egoera desberdina da ordea.

–Bai. 2020an, lehen mailako aizkolari guztiak eta bigarren mailako ia denak federaziotik atera ginen. Federazioak kategoria kendu zigun eta gaur hirugarren mailan gaude ofizialki. Esan ziguten ez zela txapelketarik izango, orduan guk urtea betetzeko, pandemiaren urtearen gabeziarengatik eta erakustaldirik ez zela ospatuko jakinik, geure txapelketa propioa ateratzeko ideia izan genuen. Dena antolatuta genuela, beren txapelketa antolatzen hasi ziren. Gure erabakia hartu eta federazioko txapelketara ez joatea eta gurea ospatzea erabaki genuen. Beraz, bigarren mailara jaitsi ginen. Bilera batzuk egin dira, baina nik neuk uste dut ez dela pausorik eman irtenbide bat emateko, uste dut ez digutela ezer berririk eskaini. Beti beheko mailatik hasteko eskatu digute, eta esan dugun lehen gauzetako bat zera da: irten behar badugu, utzi dugun mailan aterako garela.

Publicidad

–Zuen elkartea ere sortu duzue...

–Bai, aldi berean, gure txapelketekin eta gure babeslearekin jarraitzen dugu, eta Ezpal elkartea sortu dugu, Euskal Herriko aizkolarien elkartea. Bertan federaziotik atera ginen aizkolariak gaude eta bi kategoria nagusik osatzen dute, federazioko eskema jarraituz: 12 aizkolari onenek maila nagusian daude eta besteak promozio mailan. Aurten 2022ko maila nagusiko txapela irabazi dut.

–Nola definituko zenuke zure bilakaera kirol honetan?

–Eboluzioari dagokionez, uste dut ondo egin dudala bai fisikoki bai aizkoran. Hirugarren mailan hasi nintzen, eta oso denbora gutxian lehen mailara pasa nintzen. Onenekin jarduteak presio handia eragiten dizu eta alde horretatik, hasiera gogor samarra izan zen. Ez zaude plazetara hain ohituta eta saio gutxiago egin dituzu, eta konturatzen zarenean esperientzia handiko jendearekin lehiatzen ari zara. Nire buruarekin erabat sinetsi gabe. Gogorrena hori izan zen, baina baita polita ere aldi berean.

Noticia Patrocinada

–Gogorrak al dira zure entrenamenduak?

–Denetarik egiten dut. Kirol oso konpletoa dela esan daiteke. Kanpotik ikusita, jendeak pentsa dezake egur zati bat kolpatzea besterik ez dela, baina erresistentzia nahiko altua behar da denbora luzean, eta pultsua limitean izaten dugu. Erresistentzia-entrenamendu asko egiten ditut, korrika, bizikletaz, mendian, arraunean... Bestalde, indarra gimnasioan entrenatzen dut, oso garrantzitsua baita, eta entrenamendu teknikoak egiten ditut aizkorarekin. Garaiaren arabera dentsitatea aldatuz doa. Garai fuerteetan, astean bospasei egunez entrenatzen dut, dentsitate handiagoarekin edo txikiagoarekin baina beti zerbait landuz. Negu aldean, aldiz, pixka bat atseden hartzen dut, eta astean hiruzpalau saio izaten ditut, lasaiago gaudelako edo konpromiso gutxiago ditugulako.

–Zer gomendatuko zenioke aizkolari gisa jardun nahi duen norbaiti?

–Gozatzeko. Kontuan hartu behar da lan asko egin behar dela eta kostu aldetik kirol garestia dela, egurrak eta aizkorak garestiak dira. Profesionala esaten da, baina ezin zara kirol honetatik bizi. Hala ere, oso kirol polita da. Jende asko ezagutzen duzu, erakustaldiak egiten direnean herri eta txoko asko bisitatzen dituzu eta jai desberdinak ezagutzen dituzu. Entrenatzeko orduan kirol bakartia da. Emaitzak onak direnean, zure merezimenduak eta zure garaipenak dira, baina gauzak zuk nahi bezala ateratzen ez direnean eta ez dakizunean zer ez den ondo ibili eta zer egin hobetzeko, tragu txarrak eta batxe hori bakarrik pasa behar dituzu. Eragozpenak ditu, baina kirol eskertua ere bada.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad