Secciones
Servicios
Destacamos
ORIO.
Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.
Sábado, 14 de diciembre 2019, 00:24
Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.
Compartir
Euskaraz Gazte literatur sariak banatu berri ditu Orioko Udalak. Aurtengo epaimahaia Eli Manterolak, Karkara aldizkariaren izenean; Eli Lasa, Aiako Udaleko kultur teknikariak, eta Jabier Zabaleta, Orioko Udaleko Euskara Zerbitzuko teknikariak, osatu dute eta sari banaketa ekitaldian nabarmendu zutenez, «aurten aspaldiko oparoena izan da lehiaketara aurkeztutako lanen kopurua eta kalitatez ere ona izan da aurtengo uzta».
Ekitaldia musikaz lagunduta egin zen lehenengo aldiz. Danbolin Musika Eskolako irakasle Amaia Gutierrez arduratu zen musikaz eta berarekin batera aritu ziren Orioko bost biolin-ikasle: Saioa Olasagasti, Nerea Quintanilla, Olatz Genova, Uxoa Ibarguren eta Maxe Zinkunegi. Urtero moduan, lehiaketa bi ataletan banatzen da. Ipuin saila eta olerki edo bertsoena.
Ipuinen atalean, aurtengo lehendabiziko saria, 300 euro eta oroitagiria, 'Kofradia' izeneko ipuinak irabazi du. Epaimahaikideak esandakoaren arabera, «egileak aitonari eskaini dion ipuinaren gaia ere gertu-gertukoa dugu: aurtengo urriaren 9an eraitsi zuten kofradiaren eraikin zaharraz ari da, haren eraisketak sortzen dizkion oroimen, gogoeta eta ezinegonez. Egoki uztartzen ditu oraingo eta aspaldiko kontuak eta lehen pertsonan kontatzen digu guztia, edozein oriotarrek ezagutzeko moduko erreferentzia ugari erabiliz. Egileak ez zuen aspaldi lehiaketan parte hartu eta alde horretatik ere pozgarria zaigu sari hau ematea». Saritua Iñigo Gaiton izan da.
Iñaki Iturainek irabazi du ipuin alorreko bigarren saria, 200 euro eta oroitagiria, 'Ibai, Itxaso eta olagarroa' lanarekin. Anarriko arroketan gertatutako pasadizo bat azaltzen du egileak, hizkera eta kontaera egokiz. Egilea aspaldiko ezaguna dugu Orioko letretan. Beti ahalegintzen da gure inguru hurbileko gaiak aukeratzen eta oraingoan ere halaxe egin du. Gustura irakurtzeko lan saritua aurtengoa ere.
Ipuin alorreko hirugarren saria, 150 euro eta oroitagiria, 'Eskolako bidea' ipuinari eman zaio. Ipuin bizia eta laburra; egilearen marka da hori, nonbait, lehen ere saritu izan dizkiote-eta ezaugarri horiek zituzten lanak lehiaketan honetan. Eskola-ume baten eta erretiratutako zientzialari baten arteko harremana du oinarri eta goxo garatzen du kontakizuna, alferreko apaindurarik gabe. Ane Etxabe izan da hirugarren sariaren jabe.
Iona Rekarteren 'Ipuin motza' izeneko lanak jaso zuen ipuin alorreko accesitako bat (100 euro). Ipuin hiperlaburren tradizioan egindako lana da irakurleari harridura sortzeko pensatuta, eta ederki lortzen du hori. «Ez diozu hasieran oso ondo hartzen tankera, baina, bukaeran, guztia argitzen denean, berriro gora joan eta bigarrenez irakurtzeko gogoa sortzen dizu», esan zuten sari banaketan.
Alor honetako beste accesita 'Jota leiho izkinan eseri zen' ipuinari eman diote. Emakume gazte baten gorabeherak eta kezka existentzialak kontatzen ditu ipuinak: harremanak, lan-kontuak, bizitzaren metafora dirudien uso triste bat... Egileak badaki ipuina josten eta denbora-plano desberdinak konbinatzen nahasmendurik sortu gabe. Ezagun zaio ez dela idatzi duen lehen lana, Libe Larrartek lehiaketa honetan lehen ere irabazi izan du-eta saririk.
Lehiaketaren lehen saria, olerki eta bertsotako sailean, beste bertso-sorta batek irabazi du. 'Prefosta, lagun' du izena hamaika bertsoko sortak eta bertan udako oporrak kontatzen dizkigu egileak. Opor bereziak pasatu zituen Zuberoan, abuztuan, hango barnetegi batean zuberera ikasten, eta zoratzen etorri zen, Zuberoaz guztiz maiteminduta. Esperientzia bertsotan kontatu nahi izan du, bere esanetan, «herriko lagunak animatzeko beste horrenbeste egitera datorren udan». Bertso biziak dira, umoretsuak, eta esan daiteke ondo betetzen dutela egilearen helburu hori. Garazi Urretabizkaiak jaso zituen 300 euroak eta oroitagiria.
200 euroko bigarren saria 'Horiya' izeneko bertso-sortak irabazi du. Egileak ez zuen aspaldian parte hartu lehiaketan eta «poztu gaitu aurten berriro animatu izana. Lan ederrarekin etorri da, gainera. Arrauneko gaiak beti gertutik eta orain gertuagotik segitu izan ditu eta horixe hartu du kantagai bertso-sorta honetan Xabier Sukiak. Herriko arraunzaleek gozatzeko moduko bertsoak osatu ditu Xabierrek berezkoa duen graziarekin eta hizkuntzarekin jolas egiteko duen abilidadearekin», zioten epaimahaikideek.
Olerki eta bertsoetako hirugarren saria, 150 euro eta oroitagiria, 'Kofradiari' izeneko bertso-sortak jaso du. Kofradiaren eraisketak sortu du ezinegona herritarren artean, aurtengo lehiaketan islatu dena. «Kultura baten ondare/bota dute, hala ere;/bertako xagu eta katuak/aterperik gabe daude», kantatzen du bertsolariak, Mikel Laboaren doinuan. Kantariak mina agertzen du herriak bizi duen aldaketaren aurrean eta egoki jasotzen du honela bukatzen diren bertso hauetan: «izan ginenaz ez da geratzen/oroitzapena besterik». Hunkigarriak dira Mikel Iruretagoienaren bertsoak.
Epaimahaiak 'Maitasuna eta pazientzia' izeneko bertso-sortari eman dio olerki eta bertsoen saileko accesit bat, Rosi Lazkanok idatziak. Ezagun du egileak ofizioa, etxeko eta herriko gorabeherak bertsotan kantatzeko. Lehen ere erakutsi izan du lehiaketa honetan eta oraingoan ere ale gogoangarriak utzi ditu: amari eskainitako bertsoa bikaina da, esaterako. Bertso-sorta honekin 100 euroko saria eta oroitagiria irabazi ditu Rosik. Bigarren accesita 'Eta bazoaz, tipi-tapa' olerkiari eman zaio. «Bertso libreko olerki honetan bizi dugun garaiaren ezaugarri triste bat islatzen du egileak: beti gerokoari begira bizi gara, etorriko denaren esperantzari kateatuta». Egileak dioen bezala, «biharko edertasun irudikatuaren esne zaharra edaten, etengabe», begien aurrean dugun unean uneko errealitateari erreparatu ere egin gabe. Ondo ekarritako olerkia da, zer pentsa ematen dizuna. Olerki honekin 100 euroko saria eta oroitagiria irabazi ditu Josu Galdosek.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
El juzgado perdona una deuda de 2,6 millones a un empresario con 10 hijos
El Norte de Castilla
Publicidad
Publicidad
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.