Be Veggie, bizitza hobe baten aldeko aldarri ozena
Ficobak egun hauetan hartzen duen jaialdia gastronomia beganoaz gozatzeko gunea baino askoz gehiago da
Egun hauetan Ficoban ospatzen ari den Be Veggie jaialdiak esperientzia beganoaz haratago doala erakutsi du beste behin. Gaur zazpigarren edizioko azken eguna ospatuko duena (11:00etatik 16:00tara, doako sarrerarekin) elkargune bat da, bizimodu beganoaren aldarrikapena, baina baita mundu hobe baten aldarri ozena ere. Milaka pertsona igaro dira asteburu honetan Ficobatik, eta horietako asko ez dira beganoak, baina bizimodu iraunkorrago baten aldeko hautua egin dute.
Recicla-Birziklatu taldearen postuak horretarako aukera ezin hobea eskaintzen du: 2019an sortu zen elkarte honek ingurune naturaletan hondakin garbiketak antolatzen ditu. «Gure lan garrantzitsuena naturarekiko kon-tzientzia sortzea da», azaldu du Laida Rodriguez taldeko kideak. «Orain eskoletan sartzen hasi gara, proiektu pedagogikoetan». Horrez gain, «'Ruth eta Laidaren tailerrak' sortu genituen. Kosmetika naturaleko tailerrak dira, non jendeari erakusten diogun ze beste aukera dauden kosmetika industrialaz gain».
Recicla-Birziklatuk urtero antolatzen ditu zabor bilketa horiek «lankidetzan: Txingudi Ekoetxearekin, Materrekin... Denon artean naturaren alde indarra egitea da gure helburua». Finean, hondakinen bilketa batean parte har-tzea da gizakiak naturan uzten duen aztarna egiaztatzeko modurik onena. «Hondakin guzti horiek gizakiak sortzen ditu, eta gizakiarengatik bukatzen dute ingurune natural horietan. Lekuan bertan ikusita zenbat hondakin jasotzen diren, jendea ohartzen da ohiturak aldatzen hasi behar direla eta kontsumo sistematik pixkanaka atera behar garela», azpimarratzen du Laida Rodriguezek.
Barazki zaporetsuak
Bizimodu iraunkor baten aldeko aldarrikapen horren barruan, elikadurak leku garrantzitsua du Be Veggie-n. Hala erakusten du azokako programak, Maddi Etxeberria nutrizionistak eskainitako show-cooking-a bezalako jarduerekin: ikusleek barazkiak modu gozoenean prestatzen ikasi ahal izan zuten. Etxeberriak azaldu zuenez, «badaude barazki batzuk jende askok ez dituela ezta probatzen, modu aspergarri batean prestatzera ohituak daudelako. Beste modu batera sukaldatuta, askoz erakargarriagoak» izan daitezkela frogatu zuen.