Jabier Muguruza, 'Jajatxo' ipuinaren ale batekin. LUSA
Irun

Jabier Muguruza: «Gabezian gelditu beharrean, egunero abiatzen da Jajatxo abenturak bizitzera»

Irundarraren liburu berriko protagonistak erresilentzia lezioa ematen du umeei zuzendutako ipuinean

Jueves, 21 de diciembre 2023, 01:00

Sinatzen duen honek egiaztatu du 'Jajatxo' familian irakurtzea dibertimenduzko tarteen eta barreen bermea dela, eta bukatzerakoan «berriro, berriz ere!» eskatzen dutela entzule txikiek. 'Jajatxo'k ... istorio dibertigarri bat kontatzen du, forman nahiz funtsean, eta haurrek zein helduek beren interpretazioa egin dezakete. 'Jajatxo' Jabier Muguruza irundarraren ipuin berria da, Denonarteanek argitaratua eta Durangoko Azokan aurkeztu berria.

Publicidad

–Abentura literario berri batean murgildu zara, oraingoan, umeei zuzenduta.

–Urte batzuk neramatzan umeentzako libururik argitaratu gabe. Musika arloan, ordea, txikiei zuzendutako lanak bai kaleratu ditut azken urteetan. Pentsatzen jarrita, bai musikan eta baita literaturan nire hastapenak umeei zuzenduta izan ziren: 'Sei lagun sei sekretu' liburua, eta 'Jaja' diskoa. Hori, ziur aski, ez da kasualidadea. Gehien bat helduentzat egin dut lan, baina tarteka beti diskoren bat edo libururen bat egin dut txikientzat.

Ipuinaren protagonista

«Memoriarik ez daukan mutikoa da, baina aurre egiten dio eguneroko bizitzari»

–Nolako izan da liburu hau idazteko prozesua?

–Aurreko lanetan ideia hartu eta idazten hasten nintzen segidan, eta oraingo honetan ipuina gogoeta eta ikerketa baten ondorioa izan da. Lan asko egon da aurretik, idazten hasi baino lehen...

–Hitz egiguzu Jajatxoz, protagonista maitagarri horretaz.

–Jajatxo memoriarik ez daukan mutiko bat da. Eguneroko bizipenak ahazten ditu, lotara badoa hurrengo goizean ez da aurreko egunean egindakoaz, ezertaz gogoratzen. Ez dakit zenbateraino lortu dudan, baina islatu nahi nuena da hor gabezi bat egon arren, memoria falta hori, egunero abiatzen dela Jajatxo abenturak bizitzera. Gabezi horretan gelditu beharrean, hortik abiatuta, aurre egiten dio egunero bizitzari. Hori da niretzat ipuinaren zutabe nagusietako bat.

Publicidad

–Jajatxok bizitzari aurre egiteko duen modu hori miresgarria da.

–Badauka kuriosidade bat, jakin- mina, gauza berriak bizitzeko ilusioa... Bizizalea da, beti ari da zerbait berria bilatzen. Egunero ibilbide bat egiten du herrian zehar, beti antzekoa, baina noski, berak ez daki... Hor Lewis Carrollen Alizia famatuaren erreferente bat dago: Jajatxok egiten duen ibilbide hori ez da bakarrik intelektuala, badago alderdi fisiko bat ere. Gauza onak gertatzen zaizkionean, oinak luzatzen zaizkio; egoera larrietan, burua haunditzen zaio... Alderdi fisikoa oso presente dago ere, eta hori Aliziaren ipuinetik aterata dago.

Bizitzaren aurreko jarrera

«Ez gara gelditu behar gaur egungo biktimismo orokor horretan. Jajatxo ez da biktima»

–Gabeziak aukera gisa ikustearena oso interpretazio interesgarria da.

–Badu lotura pixka bat nere izakerarekin ere. Ni memoria txarrekoa naiz... bueno, despistatua. Nolabait, horrelako alter egoa sortu dut, arazo hori daukan mutil bat. Nik sufritu izan dut despiste horiengatik, baina buelta eman behar zaio; batez, ere ez gelditu gaur egungo biktimismo orokor horretan. Jajatxo ez da biktima. Hori bai, pixkat bihurritxoa da...

Publicidad

–Testuez gain, liburuak ilustrazio ederrak ditu.

–Lan izugarria egin du Concetta Probanza irudigileak. Ez da gelditu bakarrik marrazkietan: hizkien lanketa, nola landu dituen onomatopeiak, hitzak... Lan oso berezia egin du. Jajatxo marraztu duen modua zoragarria iruditzen zait, nire asmoa islatzea lortu du. Ipuina audioan entzun daiteke Maite Larburu narratzailearen eskutik: kantari eta musikari zoragarria da, oso artista ona, eta hemen ere lan zoragarria egin du.

–Zu ere musikaria izanda, soinuaren edo fonetikaren aldeak garrantzi handia izango du ere, ezta?

–Bai, noski. Uste dut guk, helduok, hitzen zentzuarekin, mezuarekin obsesionatuak gaudela. Baina badago plazer bat, umeengan bereziki, hitzen soinuekin. Horretaz asko egon naiz ikertzen: hastapenetan umeak gehien hautematen dutena soinuak dira, ez dira hitzak. Beste komunikazio mota da eta kriston eragina du. Hortik abiatuta oso jolas haundia dago hitzekin, soinuak garrantzi haundia dute, entonazioa... Sehaska kantak horregatik dira hain bereziak. Hor badaude gauza magikoak...

Publicidad

–Guztiz desberdina izan behar da idaztea edo konposatzea haurrentzako edo helduentzako lana den kontuan hartuta.

–Solaskidea, interlokutorea, guztiz desberdina da. Heldu batekin modu batean hitz egiten dut, baina haur batekin guztiz desberdina izango da. Jolasak beste paper bat hartuko du, hitzen erabilera, kode batzuk... Lan artistikoan ere horrela da. 'Txitxarroa eta atuna' diskoan, adibidez: punta puntako musikariekin egin nuen lan hori, baina denok ari ginen pentsatzen umeei zuzentzen ari ginela, eta ezberdin jotzen genuen, ezberdin saiatzen ginen barruan genuena adierazten. Interlokutoreak dena baldintzatzen du. Umea ez da santutxoa, baina aldi berean, sentsibilitate aldetik zoragarria da. Ez dira aingerutxoak, baina auskorrak dira... Altxor zoragarri bat.

–Helduok asko dugu beraiengandik ikasteko.

–Nere lagun batek esaten duen moduan, «somos la infancia y poco más». Hala uste duk nik ere. Badago eboluzio bat, noski, baina haurtzaroak markatzen gaitu. Soinu horiek, ahots horiek, haurtzaroan entzutako kantak... Badaude elementu batzuk, soinuak eta baita usainak ere, une zehatz batera eramateko ahalmena dutela.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad