Itziarko Auzo Udalak rokodromo bat jartzea aurreikusi du Lasturko frontoian

Lasturko frontoiaren hormak baliatuko dira proiekturako. / A. SALEGI
Lasturko frontoiaren hormak baliatuko dira proiekturako. / A. SALEGI

Osotasunean 74.719,06 euroko aurrekontua du proiektuak, eta horietatik 50.808,96 euro jaso ditu laguntzan Auzo Udalak

ANDER SALEGI

Pasa den astean aurkeztu zuen jendaurrean rokodromo egitasmoa Itziarko Auzo Udalak, Lasturko Aterpetxean jarritako hitzorduan. Bertan, proiektuaren xehetasunak azaldu, zalantzak argitu eta ekarpenak bideratzeko parada izan zen. Lehendik datozen eskaera desberdinei erantzunez landu da rokodromo bat egiteko prozesua, eta Lasturko plaza inguruari erabilera berriak gehituz, aisialdia zein kirolerako eskaintza erakargarria osatzea du helburu.

Lasturko Presaola frontoi eraikinaren horma desberdinak baliatuko dira rokodromoa jartzeko. Hartara, ohiko pilota, bolatokia eta bestelako erabilerez gain, eskalada ere praktikatu ahal izango da bertan.

Parte desberdineko rokodromoa aurreikusten da, eta erabiltzaile anitzekoa izango da. Batetik, eskaladan aritzen direnen praktika eta entrenamendurako prestatuko da, bestetik maila berezirik ez duen erabiltzaile orokorraren erako egiturak jarriko dira. Azkenik, Aterpetxera etorri ohi diren talde eta udalekuek Lasturren aurkitu dezaketen zereginaren funtzioa ere beteko du. Erabilera desberdin hauekin, rokodromoak zerbitzu zabala eskaintzea da helburua.

Bi fasetan egingo da proiektua. Hasteko, frontoi barruko eskuin horma egokituko da, bertan desplomedun egitura bertikalak jartzeko, ondoan daukan bolatokiari kalterik eragin gabe. Era berean, frontoiko sarrera bueltako horman presa multzoak jarriko dira bertan modu errazean aritu ahal izateko. Fase hau berehala jarriko da martxan, eta udaberrian zehar prest izatea espero du Itziarko Auzo Udalak.

Bigarren faseari dagokionez, proiektua osotasunean landu eta ekarpen bidez ezaugarriak zehazten direnean garatuko da. Frontoiaren aurrealdean estalpea eraiki eta bertan 'boulder' erako egiturak jartzea litzateke asmoa. Fase hau datorren legealdi hasieran burutzea litzateke asmoa. Edonola ere, erabilera eta eskaera zehatzen arabera joango da egokitzen rokodromoa bere osotasunean, eta horma zurrun bat baino eraldatuz joango litzatekeen sistema lehenetsi da.

Lasturko rokodromoak Eusko Jaurlaritzaren Landa Garapenerako Erein diru-laguntza jaso zuen 2018-2019 denboraldian aurrera eramateko. Osotasunean 74.719,06 euroko aurrekontua du proiektuak, eta horietatik 50.808,96 euro jaso ditu laguntzan Itziarko Auzo Udalak. Hainbat lekutan rokodromoak eraikitzen ibilbide luzea duen The Climb enpresa arduratu da proiektua landu eta ekoizteaz.

Temas

Deba